Albistea entzun

Lehenengo aldiak, beti berezi

Txirrindularitzako Munduko Txapelketak azkenera iritsi dira. Gaur goizaldean, iraupen lasterketan arituko dira emakumeak, Australian, eta igandean, gizonak.
Idoia Eraso txirrindularia, Laboral Kutxaren entrenamenduetako batean.
Idoia Eraso txirrindularia, Laboral Kutxaren entrenamenduetako batean. LABORAL KUTXA Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2022ko irailak 23

Txirrindularitzako Munduko Txapelketak aurrera doaz, eta iritsi dira bi egun handiak Wollongongera (Australia). Gaur goizaldean jokatuko da emakumezkoen iraupen lasterketa, eta bertan izango da, lehenengoz, Idoia Eraso (Iruñea, 2002), Espainiako selekzioarekin. Abuztuaren amaiera aldera jakin zuen Munduko Txapelketan aritu beharko zuela. Ez zuen deia «inondik inora» espero, eta Laboral Kutxako txirrindularia «oso pozik» dago eman dioten aukeragatik. «Inoiz ez naiz izan Munduko Txapelketa batean, eta oso berezia da», adierazi du.

Bidaia luzea egin behar izan dute Australiaraino, eta, ilusioa «handia» bazen ere, lehen egunetan nekea ere nabaritu zuen. Erasoren hitzetan, gorputzak «beste erritmo bat» zeraman lotarakoan eta otorduetan, jet lag-agatik, baina «erosoago» daude pixkanaka.

Ziklistek ez dute ordutegi berrira bakarrik ohitu behar izan. Hango hegazti batzuek eraso egin diete zenbait txirrindulariri. Bauke Mollema (Herbehereak) izan zen azkena, asteazkeneko txandakako erlojupeko mistoan. Erasok umorez hartu du kontua: «Guri ez zaigu egokitu oraindik, baina bertako txirrindulariek hegaztiak uxatzeko zenbait gauza jartzen dituzte kaskoan».

Txandakako erlojupeko misto horretan Erasok ere hartu zuen parte. Hamargarren sailkatu zen Espainiako selekzioa, baina nafarra ez zen «eroso» sentitu. «Ez zen nire eguna izan, baina esperientzia berri baten moduan hartzen dut», aitortu du.

Diziplina ez da ohikoa. Taldekako erlojupeko baten antzekoa da, baina hiru txirrindularirekin bakarrik. Gainera, gizonen eta emakumeen denborak elkartzen dira ondoren. Erasok Espainiako Vueltan egin zuen aurrenekoz taldekako erlojupeko bat, eta erronka berria «polita» bezain «arraroa» izan da, taldekideek ez baitute «askorik» ezagutzen elkar. «Ez gara inoiz elkarrekin lanean aritu». Hala ere, taldekideak «ezagutzeko» baliatu dituzte aurreneko egunak Australian.

Bigarren egun handia bihar iritsiko zaio, iraupen lasterketako saioan. Laboral Kutxakoa hurrengo erronketarako «esperientzia» hartzera joan da Australia ingurura, eta helburua oso argi dauka: «Taldekideek nire laguntza behar duten guztietan prest egotea», argitu du. Mavi Garcia izango da taldeburua Espainiako selekzioan, eta Ane Santesteban (BikeExchange) eta Lourdes Oiarbide (Movistar) euskal txirrindulariak ere haiekin batera izango dira.

Helensburgh herrian hasiko da saioa, eta Wollongong aldera abiatuko dira. Bertan, txirrindulariek mendebaldera egingo dute, oihan subtropikalean igoera nagusiari aurre egiteko: Keira mendia (8,7 km luze eta %5eko pendiza). Bertatik jaitsi ostean, Wollongongeko zirkuituari egingo diote aurre ziklistek, eta sei aldiz igo beharko dute Pleasant muinoa (1,1km %7,7an).

Egindako denboraldiaren «saria» izan da Erasorentzat Munduko Txapelketan parte hartu ahal izatea. 23 urtez azpikoen artean bi aldiz izan da Espainiako txapeldun, aurten: erlojupekoan eta errepideko iraupen saioan. Egindako lanagatik «fruituak» jasotzen ari dela ikusi du Erasok, eta pixkanaka-pixkanaka «txirrindularitzaz ikasten» ari dela sentitzen du. Hala ere, jakitun dago horrelako sariak ez direla «beti» lortzen. «Hori lortzeak ez du esan nahi lasaitu behar dudanik. Lanean jarraitu behar dut», azaldu du.

Eraso bigarrenez aritu da aurten Espainiako Vueltan, eta oraindik «alde handia» ikusten du Kontinental mailatik World Tourreko lasterketetara. Maila horretako taldeetako txirrindulariek «ezartzen duten erritmoan» ikusten du alde handiena nafarrak, baita lasterketaren «prestakuntzaren» aldetik ere. «Gazte mailan berezkoagoak dira lasterketak, eta World Tourrean oso antolatua dago dena», adierazi du.

Taldearen helburua aurrerapausoak ematea da, eta World Tour mailara gerturatuz joatea. Salto hori, ordea, «urruti» ikusten du Erasok, oraindik; horretarako «asko hazi» behar baitu taldeak. Hala ere, «oso pozik» dago bertan. «Taldekideen arteko harremana oso ona da, eta hori ere emaitzetan ikusten da».

Alor pertsonalean ere lurrean ditu hankak. Ikasketekin «jarraitu» nahi du lehenbizi, eta «lehentasuna» bertan dauka. «Eroso nago nagoen tokian, eta kirol arloan aurrerapausoak eman behar ditut oraindik».

Gizonezkoak, igandean

Igande goizaldean, irailaren 25ean egingo da gizonezkoen iraupen lasterketako saioa. 266,9 kilometro egingo dituzte ziklistek, eta emakumeek egindako antzeko ibilbidea egingo dute horiek ere. Emakumeek sei aldiz igoko dute Pleasant muinoa, eta gizonek hamabi aldiz egingo dute gauza bera.

Ortzadar maillota soineratzeko faboritoen zerrenda oso luzea da: Tadej Pogacar (Eslovenia), Remco Evenepoel eta Wout van Aert (Belgika), eta Julian Alaphilippe (Frantzia) dira horietako batzuk. Hala ere, ezustekoak gerta daitezke, eta horretan saiatuko dira beste hamabost selekzioak etziko lasteketan.

Munduko onenen alboan, Euskal Herriko hiru txirrindulari arituko dira: Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi) Oier Lazkano (Movistar) eta Urko Berrade (Kern-Pharma). Ivan Garcia Cortina taldeburuaren mesedetan egingo dute lan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Ez dut aldaketa asko egin; oker legoke egindako lan guztia galtzea»

Iñaki Berastegi

«Familia handi batekin» egin du topo Federico Gallok Ordizian. Taldeak oinarri sendoak baditu ere, arlo fisikoari berebiziko garrantzia eman dio sasoiaurrean. Bartzelonaren aurka jokatuko dute ligako lehen partida bihar, Altamiran (12:00).

Alavesek sasoiko lehen hiru puntuak lortu nahi ditu ligan

Berria

Arabarrek Vila-real hartuko dute, eta Mikel Crespok etxean indartsu izatearen beharra azpimarratu du
Maria Serna jokalaria eta Irene Senac entrenatzailea Txuri-Urdin izotz jauregian, aste honetan, taldearen aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Harrobiarekin, aurrera doa

Zuriñe Iglesias Sarasola

Bihar jokatuko du sasoiko lehen partida Txuri-Urdinek. Irene Senac da taldeko entrenatzaile berria, eta multzoa asko aldatu da, hamar jokalarik utzi baitute taldea.
Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Ainara Arratibel Gascon

Partida aparta jokatu, eta 4-0 hartu dute mendean Athleticek Almeria. Denboraldi honetan ohikoa duen bizitasunez jokatu du erasoan talde zuri-gorriak, eta oso eraginkor aritu da aurkariaren ate aurrean. Festa izan da nagusi San Mamesen. Iñaki Williamsek, Oihan Sancetek, Nico Williamsek eta Mikel Vesgak penaltiz sartu dituzte golak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...