Ertzetatik erdira, 'Sotera'

Santurtzi mitikoa berpiztu egin da 2016ko udazkenetik, Erik Exposito bezalako etxeko arraunlari gazteak eta Asier Zurinaga gisako kanpoko beteranoak nahasiz.

Santurtziko arraunlariak, ahalegin betean, joan den igandean, Portugaleten, Eusko Label ligako lehen estropadan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zuloan galduta eta hondoa jota geratu zen Santurtzi 2016ko udan, KAE 2 ligara jaitsi berritan. Bazebilen soka mehearen gainean urteetan, eta erori egin zen azkenean. Baina jaikita dabil, ezustean, oso azkar berreskuratu baitu arnasa. Aukera izan zuen iaz KAE 1ean aritzeko, beste talderen baten zuloa betez, eta, hara non, Eusko Label ligara igotzea lortu zuen. Liga nagusian dabil orain, eta estropada bakarra jokatuta, hirugarrena da sailkapenean, postu berean amaitu baitzuenaurreko igandean, Bilboko erlojupekoan.

Taldean nahasketa interesgarria dago: etxeko gazteak eta kanpoko beteranoak. Erik Exposito (Santurtzi, Bizkaia, 1994) hamaika urte zuenetik dabil herriko taldean, eta Sotera mitikoaren urterik eskasenak bertatik bertara bizi izan zituen: «Gogorra izan zen aldi luze hura, baina txarretik ere ikasi egiten da, eta ikasi egin genuen. Orain, gozatzea tokatzen zaigu». Bera jaio baino bederatzi urte lehenago irabazi zuen Santurtzik azkenekoz Kontxako Bandera, eta, ordurako, arraunean zebilen Asier Zurinaga patroia (Sestao, Bizkaia, 1971). Beteranoen multzoko kideetako bat da, eta pozik dago, Sotera mitikoa berpizten ari baitira:«Kontxa azkenekoz irabazi zuten arraunlariak kaian ikusten ditugu entrenatzen ari garenean, eta, guretzat, gauza handia da zuri-beltzean dauden argazki mitikoei koloretakoak gehitzea».

Exposito abizenari tiraka, ezinbestean dator gogora Santurtziko arraunlari mitikoetako bat: Jose Antonio Exposito. Zortzikoan munduko txapeldun izana 1979an, eta Kontxako garaile 1997an eta 1985ean. «Aita dut», dio Erik semeak: «Etxetik datorkit arraunerako zaletasuna. eta maisu ona daukat». Aita-semeek lotzen dute Sotera-ren historiaren zati bat, eta arraunkadaz arraunkada idazten den kluben historian, Santurtziren loraldira gehitu diren beteranoak gustura asko dabiltza gazteekin lanean: «Oso maila oneko arraunlariak dira gazte hauek», dio Zurinagak, eta etorkizun oparoa ikusten die: «Uste dut klubaren historian handiren bat egiteko moduan egon daitezkeela bide on honetatik jarraitzen badute».

Gazteak ilusioz, gogoz eta pozik, eta beteranoak ere lanerako eta erakusteko prest, beste osagai indartsua Iker Zabala entrenatzaile bermeotarrak jartzen die: «Irabazle petoa da, eta buruan sartu digu gai garela irabazteko», kontatu du Expositok. Hari berari tira dio Zurinagak: «Estropada guztien aurretik gauza bera eskatzen digu, zein txandatan goazen kontuan eduki gabe: irabazteko txanda». Expositoren ustez, «oso entrenatzaile ona da».

Etxekoen maila nabarmentzeko, Zurinagak datu hau eman du: «Talde erdia etxeko arraunlariez osatua dago, eta, aurreko igandean, Bilbon, bost harrobikok egin zuten arraun. Handia da gero». Esne mamitan dabil Santurtzi orain, eta Zurinagak dioen bezala, «dena da baikortasuna eta poza taldearen baitan». Baina beteranoa izanik, aholku hau utzi du: «Bide on honetan jarraitu behar dugu hemendik aurrera, denok norabide berean lanean. Norbait okertzen hasten bada, edo, burua galtzen badu, dena joan daiteke hankaz gora azkar batean».

Hankak lurrean edukitzeko eskari horren baitan egon daiteke taldearen barrutik atera zen mezua liga hasi aurretik: «Mailari eustea da gure lehen asmoa», esan zion BERRIAri Iker Zabalak.Berehala ikusi da, baina, helburu hori motz geratzen zaiola taldeari: «Kirolean gabiltzanok badakigu badirela zuhurtziaz beti esan behar diren baieztapenak, eta bat horixe da, mailari eustea dela helburua zabaltzea», azaldu du Zurinagak. Garbi ari da uzten, beraz, beste asmo batzuk dituztela: «Hiru talde daude goi-goian, Urdaibai, Hondarribia eta Orio, eta atzetik gaude Zierbena, Donostiarra, Cabo eta gu, eta gure nahia da goian sartzea».

Exposito ez da hain urrutira joan: «Lehen helburua mailari eustea dela ez da gezurra, igo berriak garelako. Ikusiko da segituan non kokatzeko gai garen, eta horren arabera joan gaitezke beste gauza batzuen inguruan hitz egiten». Biek onartu dute taldearen barruan konfiantza zutela igandean estropada ona egiteko: «Ikusirik nolako hilabete ona egin dugun ekainean, bagenuen itxaropena lan ona egiteko, baina bandera irabazteko zorian geratzea, sekulakoa izan zen». 2,34 segundora geratu zen.

Kontxan sartzea dute amets

Liga hasi besterik ez da egin, eta denborak esango du bakoitza non ibiliko den, baina biek garbi daukate inoiz baino egiazkoagoa dela betiko esaldi honek dioena: estropadaz estropada joatea. «Dagoen berdintasunarekin goiko lekuetan, egun okerra izaten duen taldea oso atzera geratuko da», gogoratu dute gazteak eta beteranoak.

Ligaz harago begirada eta pentsamendua jarrita, Kontxaraino joa dira biak, onartu arren urruti dagoela oraindik. Zurinagak esperientziaren talaiara igota hitz egin du: «Iaz, oso gutxi falta izan zitzaigun sartzeko, eta badakigu zortea ere behar dela estropada horretan, baina aukerarik izango dugu, eta ederra litzateke Kontxan izatea». Expositok aitortu du ametsa duela Donostiako estropadan aritzea: «Etxeko taldearekin estropadarik handiena jokatzea bete gabe dudan ametsa da».

Sotera bertan izango den edo ez irailean jakingo da, baina bide onean doa, bi ertzak erdira ekarriz osaturiko taldea: gazteen gogoa eta ilusioa, batetik, eta beteranoen jakinduria, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.