Irunera bueltan, mugari eta kontrabandoari buruz hizketan

Iruneko geldialdia aprobetxatuz, Euskarabenturako gazteek mugari buruzko hitzaldia jaso dute. Goitik behera bustitzeko aukera ere izan dute, beroari aurre egiteko

Andoitz Rekartek, Koldo eta Fernando Riverak eta Carlos Sanchezek mugaz eta kontrabandoaz hitz egin zuten Euskarabenturako lagunekin. MIKEL FERNANDEZ.
Olatz Silva Rodrigo.
Irun
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
XVII. mendean zehaztu ziren Frantziaren eta Espainiaren arteko mugak, Euskal Herria bi zatitan banatuz. Muga hori Irun eta Hendaia artean dago, eta bertan egon ziren Euskarabenturako gazteak herenegun. Bigarren aldia da gazteek Irunen egiten dutela lo: muga horri eta kontrabandoari buruzko azalpenak jaso zituzten, geldialdia aprobetxatuz.

Andoitz Rekarte, Koldo eta Fernando Rivera aita-semeak eta Carlos Sanchez aritu ziren azalpenak ematen: laurak bizi dira inguru horretan, eta hiru belaunaldi desberdinen pasarteak kontatu zituzten. Fernando Rivera hasi zen hizketan. Behobian jaio, hezi eta bizi da, eta bertan hil nahi du:7 eta 10 urte bitarte zituenean mugan bizitza «gogorra» zela nabarmendu zuen. Hala ere, arazo askorik ez zuela izan azaldu zuen: «Umea nintzenez, ez nuen arazorik». Helduen egoera, ordea, ez zen hain erraza izan, bere bi osabak, esaterako, erbestera joan behar izan zuten.

Koldo Rivera semearen esanetan, kontrolak «normalak» ziren han. Behobia dantza taldeko dantzaria izan zen eta mugaren bi aldeetako jendea zegoela azaldu zuen: «Beti esan ohi da Ipar Euskal Herrian hezkuntza maila handiagoa dagoela, hizkuntza maila altuagoa... eta horrekin bizi ginen gu».

Horregatik, hain zuzen, joan ziren Andoitz Rekarteren lehengusuak mugaz bestaldera ikastera. Hura, ordea, Gipuzkoan geratu zen. Desberdintasun handiena da lehengusuek frantsesa askoz hobeto dakitela. Jaio berritan egin zioten pasaportea Rekarteri, familia baitzuen Miarritzen. Hala ere, sei hilabete zituenean aduanak kendu zituzten, eta 14 urte bete arte ez zuen berriro egin pasaportea: «Mugaren pertzepzioa existitzen da gure belaunaldiarentzat, baina gurasoen pertzepzioagatik». Solasa amaitzeko, kontrabandisten ingurukoa bideo bat ikusi zuten Bidasoko Interpretazio Zentroan.

Zaborra: 750 kilo

Bero itzela egin zuen Irunen. Horregatik, sorpresa bat eduki zuten gazteek. Eurek ur gerra, igerilekua, hondartza... izango zela pentsatu arren, ez zen horrela izan: bits festa izan zuten. Xalala-xalala, riki-riki kantatu artean goitik behera busti ziren, bitsaz blaitu ondoren. Giroa ezin hobea izan zen, gazteen aurpegiek adierazten zuten moduan.

Dagoeneko pasatu diren espedizioaren 24 egunetan zaborra pisatuz joan dira: egunero, otordu bakoitzean. Plastikoa, organikoa, kartoia eta errefusa. Kalkuluen arabera, 750-800 kilo inguru zabor sortu dute espedizio osoan. Dena den, ez dute zabor hori bakarrik sortu. Izan ere, gazteek ez dute beti zaborra ezarritako zakarrontzietara bota, hala eskatu zaien arren. Beste edozein zakarrontzitan bota dute. Oraindik aste bat falta dela, ahalik eta zabor gutxiena sortzen saiatuko dira.

Oinen zainketa

Hamaika ekintza egiteaz gain, ia goizero hogei kilometro inguru egiten dituzte gazteek. Horretarako, ondo prestatu behar izaten dute goizean, batik bat oinak. Baselinaz igurzten dituzte, eta galtzerdi onak janzten. Hala ere, Itxaso Uriguen medikuntza ikasleak esaten duenez, baba batzuk «saihetsezinak» dira. Lehenengo egunetik egon da beste erizain batekin babak eta zauriak zaintzen. «Hasieran, asko izan ziren babak, eta, horregatik, erizaintza postu bat sortu dugu gauetarako», azaldu du. Hala ere, azken egunetan «baba gutxiago» daudela azpimarratu du: «Oinak ohitzen hasi dira, eta mendiko botak ere bai».

Jon Rivero Barakaldokoa (Bizkaia) da, eta 16 urte ditu. Betidanik ikasi du D ereduan, baina gero «eskolatik atera» eta euskaraz ez duela entzuten dio: «Gogo handia dut Barakaldon euskaraz egiteko, eta jakin badakit batzuetan oso zaila egingo zaidala». Hasieran, oso gaizki jarri zitzaizkion oinak Riverori; lehenengo egunetik babak izan zituen. Orain, guztiz sendatuta daude, eta minik gabe, etapei aurre egiteko «prest» dagoela adierazi du. «Ez du ezertarako balio ibilaldia hasi baino lehen amaitzeko kapaza izango ez zarela pentsatzeak», aipatu du gazteak. «Gazteak oso gogorrak dira: nahiz eta oinak babaz beterik izan, aurrera jarraitu nahi dute, eta etapa amaitu», nabarmendu du Uriguenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.