Gainditzeke duen ikasgaia

Profesionaletan hasi zenetik, Iker Irribarriak buruz buru edo binaka baino bide askoz xumeagoa egin du lau eta erdikoan. Gaur berriz ere ekingo dio, Zallan.

Iker Irribarria pilota eskuinez astintzeko prestatzen, entrenamendu saio batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hitz bat darabil ezpainetan Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996) azken egunetan: «Erronka». Egutegian iraileko orrialdea kentzean, hark badaki lau eta erdian sartzeko garaia iritsi zaiola. Jakina da ez dela bere neurri kutuna, baina puntako pilotari izateko bertan jokatzen ikasi behar du. Nola deskribatu maitasun-gorroto harreman hori? Obligazio, arazo, amets... «Erronka». Erronka, aramarra baikorra delako. «Nik badakit orain arte jokatu dudan baino gehiago jokatu dezakedala lau eta erdian. Debuteko urtean lortu nuen, afizionatuetan, entrenamenduetan... Ikusi dut. Baina urtero izaten dira gorabeherak; prestatzeko denbora gutxi dugu. Baina ziur nago lan hobea egin dezakedala».

2016an lau eta erdiko final-laurdenetako ligaxkan sartu zen; 2017an, berriz, ez zuen jokatu, eta iaz lehen kanporaketan galdu zuen Elezkano II.aren aurka (22-11). Lau eta erdiko San Fermin torneoan ere ez du bide handirik egin. Lau aldiz hartu du parte, eta partida bakarra irabazi du. «Nire ahulune handiena da lau eta erdia», onartu du. «Espezialista handiak daude, eta kostako zait haiek adina jokatzea, baina badakit nire mailarik onena ez dela iritsi. Gaur-gaurkoz nire helburua hobetzea da, eta pilotari onei irabaz diezaiekedala ikustea da». Aurtengo txapelketaz mintzo da, gaur hasiko duenaz. Zallan (Bizkaia) jokatuko du, Victorren aurka, eta zerrendaburu bakarra du zain ligaxkan: Altuna. «Asko entrenatzen naiz lau eta erdian, eta haren aurka lehiatu ahal izatea handia litzateke».

Medikuek diote sendabidearen erdia dela gaitzaren diagnostiko egokia. Kirolean logika bera aplikatu daiteke, eta Irribarriak ez du arazorik herrena non duen aitortzeko. «Bi dira: defentsa mugimenduak eta kolpea askatzeko modua. Mugimenduak asko lantzen ditut. Kolpeari dagokionez, nirea behetik gorakoa da berez, eta ez da egokiena lau eta erdian. Buruz burukorako mesedegarria da, baina lau eta erdian egokitu egin behar dut».

23 urte ditu, eta aurtengoa du laugarren parte hartzea txapelketan. Beste modalitateetan eginiko ibilbideak are xumeago bilakatzen dute lau eta erdiko bidea. Halere, Irribarriarena ez da kasu bakarra: Juan Martinez de Irujok ez zuen bide luzerik lau eta erdian 25 urteak egin arte, eta Mikel Urrutikoetxeak 26rekin ezarri zuen lehen mugarri handia. Ordurako buruz buruko txapeldun izandakoak ziren biak.

Iaz prestaketa lan handia egin zuen lau eta erdirako. Buru-belarri aritu zen, pisu asko galduz. Aurten, berriz, egoera ezberdina da. Udan asko jokatu du, eta entrenamendu pare baino ez ditu egin. Halere, konfiantzaz dago, urte onak eman diona. 2018a txarra izan zen Irribarriarentzat; 2019a, aldiz, oso ona. «Berriz ere lehiakor sentitu dut neure burua, eta horrek lasaitasuna ematen dizu txapelketa hastean».

«Uda luzea»izan da, egia da. Buruz buruko txapelduna izatearen ajeak dira, eta Irribarriak badaki ez dela ona izan. «Partida oso onak eta oso txarrak izan ditut. Erregulartasuna falta izan zait». Udako tratua kudeatzen ikasi behar du oraindik. «Nik asko gastatzen dut partida bakoitzean, eta udan partida asko dira. Kolpe freskoko pilotaria naiz, kolpea behar dut tantoa egiteko, eta udan zaila da horri eustea».

Abuztuan bolada txar bat pasatu zuen eskuko arazoekin, baina, dioenez, sanmateoen aurretik eginiko etenaldiak asko lagundu dio eskua sendatzen. Beharko du Victorri irabazteko, harekin gainera zor bat du kitatzeke, 2015ean Bigarren Mailako lau eta erdiko finala irabazi zion (22-15). «Pilotari arriskutsua da, luze jo eta ezkerra bilatu behar diot. Nire jokora eraman behar dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.