Ez dute gailurretik jaitsi nahi

Bera Berak eta Zuazok gaur ekingo diote bigarren ligaxkari. Sailkapenaren buruan daude biak: donostiarrak, titulua irabazteko lehian; barakaldarrak, mailari eustekoan.

Mariane Fernandes jaurtitzen, eta June Loidi hari begira, Super Amara Bera Berak eta Zubileta Evolution Zuazok Gaskan jokatutako derbian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Ohorezko Mailako ligak bi zati ditu sasoi honetan. Lehenak galbahe lanak egin ditu, eta bi multzotan banatu ditu hamasei taldeak: zortzi onenak —bi multzoetako lehen laurak— titulua irabazteko eta Europarako sailkatzeko lehian ariko dira, eta beste zortziak, mailari eustekoan. Zortzi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute gaurtik maiatzaren 29ra.

Sailkapenaren buruan ekingo diote Super Amara Bera Berak eta Zubileta Evolution Zuazok: donostiarrek, titulurako lehiari, eta barakaldarrek, mailari eustekoari. Berriro multzokide izango dituztenen aurka egindako lanaren arabera bildu dituzte puntuak: hamabitik 11 Bera Berak, eta hamabitik hamabi Zuazok. Gipuzkoarrek ez dute berriro jokatuko Atletico Guardesen, Malagaren eta Aula Valladoliden aurka, eta Gijon, Elx, Ro'Casa eta Granollers izango dituzte aurkari, etxean eta etxetik at. Bizkaitarrek, berriz, ez dituzte berriro neurtuko indarrak Lanzaroteko bi taldeekin eta Peredarekin. Bai, ordea, Kordobarekin, Morvedrerekin, Porriñorekin eta Teneriferekin; bi aldiz.

Bera Berak toki onenetik ekingo dio azken txanpa erabakigarriari, lidergotik. Etxeko lanak bikain eginda iritsi da: ez du galdu; hamabi partida irabazi ditu, eta bi berdindu. Horri esker, bi puntu ateratzen dizkio Ro'Casari; lau Granollersi, eta bost Elxi eta Guardesi —galiziarrek baino puntu alde hobea dute—. Hala ere, «zuhurra» izan nahi du Imanol Alvarez entrenatzaileak (Ermua, Bizkaia, 1967): «Argi dago tokirik onenean gaudela, eta gure eskuetan dagoela, baina asko falta da, eta asko borrokatu beharko gara. Abantaila dugu, eta askoz hobe da aurretik hastea atzetik baino. Baina ezin gara lasaiegi ibili. Beste lau talderen aurka jokatu behar dugu bi aldiz. Gogorra izango da».

Haren ustez, Ro'Casa eta Granollers izango dira aurkari nagusiak bigarren urtez jarraian txapeldun izateko lehian. Ez du baztertu Elx ere. «Beste multzotik etorritako taldeak dira, eta haien aurka jokatu behar dugu, etxean eta etxetik kanpo. Neurketa horiek zehaztuko dute dena. Baina ezin da ahaztu talde horiek gure multzotik etorritakoen aurka ere ariko direla, eta, adibidez, Malagak lanak eman diezazkieke. Norgehiagoka horiek ere erabakigarriak izango dira».

«Funtsezkotzat» jo ditu etxean jokatu beharreko lau lehiak. Gaur dute lehena, azken sailkatuaren aurka, Gijon (18:00): «Lau partida horiek irabazteak lasaitasun pixka bat emango digu kanpoan jokatu beharreko neurketei begira. Sendo aritu gara etxean orain arte, eta horri eutsi behar diogu». Ikuslerik gabe ariko dira Gaskan. Aurkariek, ordea, zaleak izango dituzte harmailetan, eta faktore hori «kontuan hartzekoa» dela dio: «Ez da erabakigarria, baina aldea dago ikusleekin jokatu edo ez. Baina hori ez dago gure esku, erakundeen esku baizik. Zoritxarrez, jada ohitu gara».

Zailtasunak zailtasun, «baikor» da. «Ondo aritu gara orain arte, eta jokalariak prest daude. Egoera ezegonkor honetan, berri ona da hori. Badakigu zer dugun hobetzeko: 5-1eko defentsa eta erasoa. Baina baikor naiz».

Taldea osatu nahian

Zuazok askoz eskurago du helburua, hamasei puntu jokoan direla, zortzi punturen aldea baitu jaitsierarekiko. «Eskura dugu. Etxeko lau partidak irabazita, eginda izango dugu. Gaur lortu nahi dugu lehen garaipena, Kordobaren aurka [19:30]. Ahal den azkarren eutsi nahi diogu mailari, datorren denboraldiko taldea osatzen hasteko.», dio Joseba Rodriguez Haito Zuazoko entrenatzaileak (Basauri, Bizkaia, 1980). Lehenak izan nahi dute, eta erakutsi beste multzoan egon zitezkeela. «Pena izan zen ez sailkatzea, jauzia ematea baikenuen helburu. Guk gertuago ikusten dugu geure burua talde haiengandik gure multzokoengandik baino. Sailkapenaren buruan geratuta indartu nahi dugu uste hori».

Espainiako Kopa ere hortxe dutela azpimarratu du: «Zortziko Finala jokatzeko ilusioa dugu. Lehen pausoa eman dugu, joanekoan, etxean, Guardesi hiru golengatik irabazita. Lana biribiltzea falta zaigu. Ezin gara joan aldeari eustera; irabaztera irten behar gara».

Behin helburua lortuta hasiko dira datorren denboraldiari begira buru-belarri lanean. Urterokoa da asmoa: «Bizkarrezurrari eustea». Baina aitortu du «gero eta zailagoa» dela: «Jokalari askok jauzia eman dute, eta garrantzitsu bilakatu dira. Horrek talde indartsuagoen interesa piztu du. Jokalariak ere asmo handiagokoengatik borrokatu nahi dira, eta haiek konbentzitzeko ez du mesederik egiten azpiko multzoan egoteak. Ea zenbati eutsi diezaiokegun. Zaila izango da. Kostako zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.