Akabo isiltasuna pilotalekuetan

Ikusleak pilotalekuetan dira berriz, zazpi hilabete pasatxo sartu ezinik egon eta gero. Pozik hartu dute berria pilotariek, enpresako ordezkariek eta zaleek.

Ikusleak, joan den larunbatean, Leitzako Amazabal pilotalekuan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ikusleak pilotalekuetan dira berriz. Joan den ostiralean egin zen lehen jaialdia ikusleekin, Amezketako (Gipuzkoa) Larrunari pilotalekuan. Egun horretan amaitu zen zazpi hilabete pasatxoko itxaronaldia. Akabo isiltasuna pilotalekuan. Saltsa itzuli da. Horrekin ados daude Jokin Altuna Aspeko pilotaria, Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertziala eta Gloria Ansa pilotazalea. Hirurak bat datoz: «Ikuslerik gabe, pilotak galdu egin zuen esentzia».

JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria

«Gogorra izan zenfinala galdu nuenean bakarrik itzultzea etxera»

Itxaronaldia luze egin zaio Altunari: «Hasieran nobedadea zena gogorra eta luzea bilakatu zen azkenerako». Pandemiaren hasieran, enpresarekin hitz egin zuten pilotariek, eta haien egoera ulertu zuten: «Goiko pilotariek onartu genuen erantzukizuna, beheko pilotariak babesteko». Altunak adierazi du hasieran «aldaketa handia» izan zela frontoian ezer ez entzutea: «Arraroa zen urduritasun uneetan ikuslerik gabe jokatzea». Are arraroagoa, haren kasuan, hiru final ikuslerik gabe jokatzea. Bakarra galdu zuen, iazko buruz burukoarena. Hain zuzen, hori izan zen harentzat okerrena: «Gogorra izan zen galdu nuenean bakarrik bueltatzea etxera». Irabazitako beste bietan, berriz, zaleen falta sumatu zuen. «Momentu politak dira ingurukoekin garaipena ospatzeko, jende guztia frontoian dagoelako». Baina «ezinezkoa zen», eta «arantza» horrekin geratu dela aitortu du.

«Txaloen falta» sumatu du buruz buruko txapeldunak: «Ez bakarrik tantoa egiteko orduan, baita kantxara ateratzen nintzenean ere». Harentzako «plazera» zen sentitzea jendeak «gogoa» zuela pilota ikusteko. Gainera, haren ustez, «pilotako parterik garrantzitsuenetako bat, garrantzitsuena ez bada, zaleak» dira.

Altuna eskertuta dago herrian eginiko omenaldiagatik, eta gaineratu du jendea gogo handiz dagoela pilota ikusteko: «Giro polita zegoen, eta sentitu genuen ez geundela bakarrik».

Etorkizunari begira, azpimarratu du garrantzitsuena berriz egoera ez okertzea dela: «Ea datozen hilabete hauetan egoera pixkanaka mantentzen edo hobetzen den».

INAXIO ERRANDONEA Aspeko zuzendari komertziala

«Ez da izango ohiko uda, baina, behintzat,aurrera goaz pixkanaka»

Pilotarientzat ez ezik, pilotako enpresentzat ere ez da urte erraza izan. Izan ere, aurrekontuaren erdia jaialdietako sarreretatik dator. EITBk zenbait jaialdi eman dituen arren, Errandoneak aitortu du «sekulako galerak» izan dituztela. Pilotarien soldata ere jaitsi egin behar izan dute. «Gu jaietatik bizi gara», jakinarazi du Aspeko zuzendari komertzialak. Joan den udan Aspe eta Baikoren artean erabaki zuten Masters txapelketa egitea uda osorako: «Uda ezberdina izan zen, baina aurrera atera genuen».

Errandoneak dio ikuslerik gabe «hotza» dela pilotalekuko giroa: «Soilik pilotarien garrasiak entzuten dira». Horrek guztiak Buruz Buruko Txapelketetako finaletan jo zuen goia: «Tristea izan zen finalak ikuslerik gabe jokatzea».

Amezketako pilotalekuko ateak ireki zirenean, berriz, poza sentitu zuen Errandoneak: «Hasieran, Idiazabalen egin behar genuen jaialdia, baina aldaketak egon ziren [ikusleak egotea baimendu zuen Eusko Jaurlaritzak], eta bost egunetan prestatu genuen dena». Larrunari pilotalekuan giro «ederra» zegoela dio: «Oso gustura atera nintzen jaialditik», nabarmendu du. Zaleak itzuli izana «berri ona» dela azpimarratu du, pilotalekuko giroa «erabat» aldatzen dutelako: «Eskertzen da hotsa entzutea».

Aurtengo uda ere antolatzen ari dira: Sanferminetako feria eta Mastersa egiteko asmoa dute, baina zehaztu du Mastersa iazkoa baino motzagoa izango dela. «Ez da izango ohiko uda, baina, behintzat, pixkanaka aurrera goaz».

GLORIA ANSA Pilotazalea

«Bertatik bertara eta jendearekin ikustearen falta sumatu dut»

Ansa, berriz, Galarretako pilotalekuan izan zen berriz larunbatean. Pilotazale amorratua da; bereziki, erremontezalea. Horregatik, ez zuen pasatzen utzi pilotalekura joateko lehenengo aukera: «Larunbatean ateak ireki zituzten Galarretan, eta han izan ginen. Pilotalekura joateko gogoa nuen. Zuzenean ikustea beste saltsa bat da».

Hasieran, erremonteko partidak ezin ziren telebistan ikusi. Gero bai, ordea, Erremontari ETB1eko saioan. «Besterik ezean, gustura geunden telebista ikusten», baina gaineratu du telebistak ez duela zerikusirik zuzenekoarekin: «Desberdina da».

Ohituta zegoen asteburuero Galarretara joaten. Izan ere, iloba du Imanol Ansa erremontista. Harengatik hasi zen joaten, eta orain «gustura» joaten da. Partida ondorengo uneak gustuko ditu, eta hori falta izan zaio azkenaldian: «Partida bukatu ostean ilobarekin hitz egitearen, eta jendearekin biltzearen falta sumatu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.