Albistea entzun

Iris Arnaiz. Realeko jokalaria

«Kalitate handiko taldea daukagu»

Talde txuri-urdineko zelai erdiko funtsezko jokalaria da Deportivotik iritsitako jokalaria. Bihar Atletico Madrilen aurka jokatuko dute.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2021eko azaroak 12

Iragan partidan sartu zuen Realarekin lehen gola Iris Arnaizek (Gijon, Espainia), Betisen aurka. Gol ikusgarria izan zen, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Arnaiz «gustura» da Donostian.

Zenbat aldiz ikusi duzu larunbateko gola?

Egia esan, gutxitan. Niretzat garrantzitsuena ez zen izan gola ikusgarria izatea, baizik eta taldeak irabazi egin zuela. Ilusio handiagoa egin zidan, gainera, Realean sartutako lehena izateak.

Bitan pentsatu gabe jo zeniuen baloia, edo halako jaurtiketak entrenatu egiten dituzu?

Entrenamenduetan saiatu ohi naiz. Aukera ikusi nuen, eta ondo atera zen.

Bi porrot eta gero, behar zenuten halako garaipen bat, ezta?

Bai. Levanteren kontrako porrota, batez ere, oso mingarria izan zen, azken unean izan zelako. Bartzelonaren aurkako emaitza merezi baino gogorragoa izan zen. Gauza asko egin genituen ondo, batez ere lehen zatian. Baina Betisen kontra une oro kontrolpean izan genuen partida, eta oso ondo jokatu genuen.

Bihar, goian dagoen beste talde baten zelaian jokatuko duzue: Atletico Madrilenean. Garrantzi handiko partida da, ezta?

Bai. Gogo handiz gaude larunbata [bihar] iristeko. Irabazteak goian egonkortuko gintuzke, eta aurkari zuzen batek punturik ez batzea ere oso garrantzitsua da. Jakitun gaude nola egin diezaguketen min. Trantsizio bizkorrak egiten dituzte, eta adi egon behar dugu. Halakoak saihesteko modurik onena guk baloia izatea da. Partida parekatua izango da, baina uste dut gu hobeto gaudela.

Pozik egongo zarete sasoiaren lehen zatian egindakoarekin, ezta?

Bai. Ez genuen espero hain ondo hastea. Taldeak aldaketa asko izan zituen udan, baina gero eta gehiago ezagutzen ari gara elkar, berriak ondo egokitzen ari gara, eta taldean dagoen batasuna eta giro ona asko ari zaigu laguntzen hain ondo hasteko. Hemen zeuden jokalariak egokitze horretan egiten ari diren lana nabarmendu nahiko nuke. Lehen egunetik oso ondo transmititu dizkigute klubaren filosofia eta balioak.

Etorri zaretenek presio handiagoa antzeman zenuten hasieran?

Zertxobait bai. Aipatu bezala, oso jokalari garrantzitsuak ziren, eta hasieran ez dakizu haien maila emateko gai izango zaren. Baina, emaitza onek lagunduta, taldearen bidea oso ona da. Agian, talde motza dugu, baina kalitate handikoa. Gauza politak egin eta lor ditzakegu multzo honekin.

Taldearen euskarria zarela diote gehienek. Nola sentitzen zara zelaian?

Lehen asteetan kostatu egin zitzaidan Realaren jokatzeko erara ohitzea. Deportivon baino erritmo handiagoan jokatzen da hemen, eta baloiaren jabetza da oinarria. Gainera, exijentzia ere handiagoa da. Baina orain gustura nago. Futbolari eta pertsona moduan hobetzeko helburuarekin etorri nintzen, eta ari naiz lortzen.

Natalia Arroyok zioen fitxatutako jokalariak prest zaudetela taldearen jokatzeko era hori aurrera eramateko. Ados zaude? Gustuko duzu?

Bai oso gustuko dut. Aurreko denboraldian, kanpotik, asko gustatzen zitzaidan Realaren jokatzeko era; baita lehenagotik ere. Hain maila handiko taldekideak izateak asko laguntzen du. Dena errazagoa da.

Zertan hobetu nahi duzu?

Denean. Uste dut lekurik onenean nagoela horretarako. Nataliarekin eta entrenatzaile multzoarekin asko ikasten ari naiz. Nire ustez, Natalia Lehen Mailako entrenatzailerik onena da. Aurreneko egunetik sentitu dut haren konfiantza, eta oso eskertuta nago.

Hain goian egonda, exijentzia handitu egiten da. Gustuko izango duzue hori, ezta?

Anbizio handiko taldea gara, eta entrenatzaileak ere eguneroko lanean transmititzen digu hobetzeko grina hori. Uste dut taldeak gora egiten jarraituko duela hemendik aurrera ere.

Hobetu beharreko gauzen artean, zein azpimarratuko zenuke?

Baloia atzetik ateratzeko orduan oraindik badugu zer hobetua, eta aurrean apur bat eraginkorragoak izan behar dugu, batez ere gol aukera gutxiago sortzen ditugun partidetan. Adibidez, uste dut Athleticen eta Real Madrilen aurkako partidetan gol gehiago sartzeko modua izan genuela. Bestela, uste dut ondo ari garela, batez ere presioan.

Aurreko sasoian ez bezala, partidak estu doazenean gai zarete emaitzari eusteko.

Bai. Talde oso gaztea izan arren, gai izan gara partida gehienetako une zail eta erabakigarrietan patxada izateko eta sufritzen jakiteko. Lortu duguna ez da ezustekoa: lan egin dugu horretarako. Baina hau hasi besterik ez da egin. Ziur garai txarrak iritsiko direla, baina hor ere sufritzen jakingo dugu.

Zer moduz klubean eta hirian?

Oso gustura. Kirol ikuspegitik baliabide oso onak ditugu Zubietan, eta entrenamendu guztiak izugarri disfrutatzen ari naiz. Gainontzean, aldaketa ez da hain handia izan. Coruñako giroa hemengoaren antzekoa da, eta hori asko gustatzen zait. Hiria, gainera, zoragarria da. Maiz igotzen naiz Igeldora. Pisuan ere oso gustura nago, Gaby [Garcia] eta Gemmarekin. Gaby lehenagotik ezagutzen nuen, eta Gemmarekin egunerokoa partekatzea izugarria da. Pertsona eta futbolari moduan aparta da.

Nola deskonektatzen duzu futboletik?

Paseatzera joanez eta irakurriz. Berriki Andrea Menendez Fayaren 13: Nadie las enseñó a ser grandes irakurri dut, eta asko gustatu zait. Atezain izan nahi duen neska baten istorioa kontatzen du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. ©SALVADOR SAS / EFE

Zalantzati segitzen du oraindik

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Iñaki Williams eta Iker Muniain Athleticeko jokalariak. ©Julio Muñoz / EFE

Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

Fausto Mota kopilotua, eskuinean, haren taldekide Rui Oliveirarekin, Dakar rallyan. ©FAUSTO MOTA

«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»

Mikel O. Iribar

Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.
Tropela Zarautzetik Getariarako bidean, iazko itzuliko bosgarren etapan. ©Jon Urbe / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.