Kirolaz, LGTBI bizipenetatik

LGTBI pertsonek kirolarekin duten harremana ikusarazteko asmoz, kolektiboko zenbait kidek bizi duten errealitatea kontatu dute EHUko Udako Ikastaroetan.

EHUko Udako Ikastaroetan LGTBI kolektiboko kide izateaz eta kirola egiteaz aritu ziren atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

Kirolaren eta LGTBI kolektiboaren arteko harremana «zaila» da. Hori da, behintzat, Antonio Jose Saez Gavilanes Antoine Gasteizko Miaukatuz Kirol Taldeko lehendakariak txikitatik bizi izan duena. Eta «zaila» da, hain zuzen ere, gizarteak ezarritako genero rolen eraginez. Horien ondorioz, batzuek kirola egiteari uzten diote, eta urte batzuetan hori izan zen Saezen kasua: «Gauza jakin batzuengatik ez dut harremanik izan kirolarekin. Luma izateak eta afeminatua izateak ez dizu laguntzen».

LGTBI kolektiboko kide izan eta kirola egiteaz aritu ziren, atzo, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan, Begirada eta politika EkitaAktiboak jarduera fisiko eta kirolean: LGTBIQ+ pertsonen errealitatea saioan, eta, besteak beste, LGTBI pertsonen esperientzien eta bizipenen berri eman zuten.

Amets Castrejana Fernandez doktorego aurreko ikerlari eta aktibistaren arabera, kirolean desberdintasunari bide ematen dioten oinarri batzuk daude, eta sistema «zabal» batetik ikusi behar dira horiek: «Generoa, identitatea, sexualitatea edo desioa daude, baina baita klasea, arraza eta jatorria ere». Castrejanak nabarmendu zuenez, kirol eremua batzuentzako «tabua» izan daitekeen arren, beste batzuentzat «aukerak zabaltzeko» gune bat izan daiteke.

Castrejanak azaldu zuenez, entrenatzaile izatearekin batera aldatu zen bere bizitzaren alor bat: garai hartan atera zen armairutik. Prozesu horretan, ordea, zenbait kezka sortu zitzaizkion: «Niri zenbait beldur planteatu zaizkit: adibidez, lesbianizatzaile gisa irakurria izatea, edo beste emakume batzuen jazarle izatea». Hori gertatzeko arrazoietako batzuk dira, batetik, kirola eremu «oso andozentrikoa» dela, eta, bestetik, gizartea: «Beti ulertu izan ditugu harremanak heteroarau batetik».

Gaur egungo gizarteak, heteroarauek eta estereotipoek, besteak beste, zenbait muga sortzen dituzte LGTBI kolektiboaren barruan. Horren harira, Lo Eizagirre Erguin transgenero eta irakasleak honako hau ohartarazi zuen: «Muga asko daude, eta muga horiek ez dira guk geure buruari jartzen dizkiogunak. Hemen, ezjakintasunak ematen duen egurrak eta jendarte mota estereotipatu honek bultzatzen gaitu mugak jartzera».

Kirolean muga horiek areagotzen direla nabarmendu zuen Eizagirrek. Izan ere, kirolak emakume eta gizon kategoriak modu «zurrun eta zorrotz» batean bermatzen ditu, eta beti dago «aukeratu beharra». Taldeez gain, aukeratu behar horren adibide dira aldagelak: «Nora sartuko naiz? Trans maskulinoa, operatu gabe, hormonatu gabe». Horrela, emakumeen aldageletara sartzen dela azaldu zuen, besteak beste, «erosoago» sentitzen delako. Hala ere, sartu bezain pronto kamiseta kentzeko beharra sentitzen duela adierazi zuen: «Kamiseta kentzen ez badut, seguru asko baten batek komentarioren bat egingo dit. Hori askotan gertatzen zait».

Beatriz Sever Egaña Naizen elkarteko lehendakari eta gurasoaren arabera, eraso horiek dira, hain zuzen, trans adingabeek kirola uzteko dituzten arrazoietako bat: «Gizarteak haurrak kiroletik botatzen ditu». Severren ustez, LGTBI komunitatearen eta kirolaren arteko harremanean izaten diren arazo «guztiek» dute zerikusia gorputz aniztasuna kontuan ez hartzearekin.

Egoera nola erraztu

Egoera «zailari» aurre egiteko, LGTBI komunitateko kideentzat «eroso eta seguruak» diren taldeak sortu dituzte batzuek. Horren adibide da, esaterako, Gasteizko Miaukatuz boleibol taldea. Saezek bertan aurkitu zuen «beldurrik gabe» zen bezalakoa izateko lekua. Izan ere, klubaren helburuetako bat da bizi nahi duten gizartearen isla izatea, eta horregatik da inklusiboa: LGTBI kolektibokoez eta heterosexualez dago osatuta, denak «eroso» sentitu daitezen.

Kirolaren arau horiek alde batera uzteko ere sortu zuten Emakumea* surflari proiektua. Castrejanak eta Eizagirrek hartzen dute parte bertan, eta hiru helburu nagusi ditu: estereotipoak puskatzea, emakumeen sarea osatzea eta surfaren bitartez ahalduntzea. Horrela, espazioa ere eurena dela aldarrikatu nahi dute, eta «ez bakarrik rol jakin batzuk dituztenena». Castrejanak adierazi zuenez, kirola egiteaz gain, feminismoaz pentsatzeko ere erabiltzen dute espazio hori, eta, horrela, kirola egiteko beste modu batzuk planteatzen dituzte.

Horrelako eremuak sortzeaz gain, Castrejanaren ustez, «ezinbestekoa» da bakoitzak bere buruari galderak egitea, beste batzuei galdetzea eta gauzak aurretik ez suposatzea. Horrekin batera, Eizagirreren arabera, heziketa da elkarbizitza on baterako bidea, izan ere, «ezjakintasuna transfobia da».

Severrek ere «ezjakintasun handiari» egin zion erreferentzia; klubek duten ezjakintasunari, hain zuzen. Besteak beste, ez dakitelako nola kudeatu komunen banaketa. Horrelako kasuetarako, hau da, LGTBI komunitateko kide adingabeek, eta bereziki haur eta nerabe transek, kirolean egunero duten errealitatea kudeatzeko, Naizen elkarteek eguneroko egoerei aurre egiteko gida bat ondu du, eta elkartearen webgunean dago eskuragarri. Horrekin, egoera aldatzea guztion ardura dela nabarmendu zuen: «Mundua gainontzekook aldatu behar dugu, egoera pribilegiatuan gaudenok».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.