Lehen erdian, Europara begira

Gutxitan egon dira hiru euskal talde Europan jokatzeko postuetan, baina hala daude sasoiaren lehen erdia amaitu den honetan. Etxeko lanak eginda iritsi dira geldialdira.

Realeko jokalariak, Anoetan jokatu zuten azken neurketan, Valentziak bere atean sartutako gola elkarrekin ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Munduko Kopak ligara geldialdia ekarri duen honetan, lehenengo zazpi sailkatuen artean daude Reala, Athletic eta Osasuna. Reala hobeto aritu da etxetik kanpo, eta Athletici eta Osasunari, berriz, puntu gutxik egin diete alde etxean.

REALA
Patroiari jarraika

Imanol Alguacilen kontratuaren luzapenak jarri dio ginga Realaren denboraldiko lehen erdiari. Oriokoak lan bikaina egin du azken urteetan, baina sasoi honetan pauso bat eman du aurrera taldeak. Sailkapenean hirugarren dago ligan, 26 punturekin, eta Bartzelona eta Real Madril ahaltsuak soilik ditu aurretik.

Europa ligan eta Espainiako Kopan ere ederki bete ditu orain arteko lanak. Garaipen ahaztezina erdietsi zuen AmetsenAntzokian Manchester Uniteden aurka. Imanolekin Europan lortu duen lehen garaipen handia izan zen, eta proiektuari sendotasuna eman zion. Azkenerako, lehen postua lortu zuen Europa ligako ligaxkan, eta ez du final-hamaseirenetan jokatu beharko; zuzenean igaro da final-zortzirenetara. Kopan, berriz, partida bakarra jokatu dute txuri-urdinek, baina zailtasun handirik gabe irabazi zuten iragan igandean, Cazalegasen aurka.

Kirol alorrean, emaitzak bikainak izan dira, eta udan egindako lanak ere bere fruituak eman ditu. Brais Mendez Celtatik etorritako erdilaria izan da sasoiaren lehen erdiko jokalaririk onena. Zortzi gol sartu, eta sei asistentzia eman ditu galiziarrak. Hamalau milioi euro ordaindu zituen Realak udan, eta, zaleek une horretan mugimendua asko kritikatu bazuten ere, bere balioa zelaian erakutsi du.

Imanolek iragan sasoiaren amaieran erabili zuen erronboa hasieratik ezarri du aurten. Bertan, Martin Zubimendi, Mikel Merino eta Brais bera dira Imanolek gehien erabili dituen jokalariak: ligako minutuen %89tik gora jokatu dituzte hirurek. Bestalde, Umar Sadiqen lesio larria ederki baliatu du Alexander Sorlothek, eta, bigarren urtearen lehen erdi honetan, joan den sasoiko markak hobetu ditu: zortzi gol eta bi asistentzia.

Zubietako harrobiak ere eman ditu fruituak. Jon Pachecok tokia egin du Imanolen hamaikakoan, eta Jon Magunazelaiak eta Pablo Marinek aukerak izan dituzte beren maila erakusteko.

ATHLETIC
Esnatu da lehoia

Azken urteak norabide argirik gabe igaro eta gero, aurkitu du iparrorratza Athleticek. Ernesto Valverdek bere ukitua eman dio Athletici, eta berriro ere goiko postuetan jarri du talde zuri-gorria. Azken urteetan ate aurrean izandako arazoak konpondu ditu aurten Athleticek, eta horrek onenei aurpegira begiratzea ekarri dio. 24 gol sartu ditu hamalau partidatan, eta Bartzelona eta Real Madril soilik dira hobeak horretan.

Valverderen ideia argia da: baloiari abiadura handia eman, eta baloia galtzean presioa oso goian egin, ahal bezain azkar berreskuratzeko. Izen asko nabarmendu daitezke bizkaitarren artean sasoiaren lehen erdi honetan. Oihan Sancetek leku bat egin du Valverderen hamaikakoan, eta lerro artean baloiak hartuz min handia egin die aurkariei. Joko hori egiteko, beharrezkoak izan dira Williams anaiak. Haien abiadura ederki baliatu du Athleticek hegaletatik min egiteko. Une gozoan daude biak, eta Munduko Kopan izango dira: Nico Espainiarekin, eta Iñaki Ghanarekin.

Gorka Guruzetak egindakoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Europako bost liga nagusietan, gol bat sartzeko minutu gutxien behar duen jokalaria da. Bost gol sartu ditu 198 minutuan; hau da, gol bat 40 minutuan behin.

Hala ere, Athleticen egoera aztertzeko, jokalari bat aipatzea beharrezkoa da: Yeray Alvarezek Iñigo Martinezen tokia hartu zuen hamaikakoan, ondarroarra min hartuta baitzegoen, eta geroztik hura da taldeko izarretako bat. Taldean baloi gehien osten duen jokalaria da [2,2 partidako], eta baita gehien urruntzen dituena ere [3,5 partidako].

OSASUNA
Lanari kalitatea gehituz

Jagoba Arrasateren taldea aurrerapausoak ematen ari da etengabe. Azken urteetan, lehen mailan gelditzea izan da helburua, eta uste baino errazago lortu du, gainera. Kirol zuzendaritzaren lan onak eta proiektuan sinesteak hauspoa eman dio taldeari, eta sare handi bat dute erortzen direnetan altxatzen laguntzeko: Sadarreko zaleak.

Azken urteetako arantza izan da Sadar gotorleku bilakatzea, baina aurten hori lortzear dabil talde gorritxoa. Zortzi partidatan hamabost puntu bildu ditu Osasunak, eta Valentziak, Bartzelonak eta Getafek soilik irabazi dute bertan.

Jokoari dagokionez, betiko Osasuna ikusi da zelaian, baina fitxaketek kalitatea areagotu dute. Lehen, presio nekagarria eta trantsizio bizkorrak egiten bazituen, eta orain ere hala dihardu, baina atetik gertu baloiarekin bikain moldatzen diren jokalariak bildu ditu: Moi Gomez eta Aimar Oroz.

Moik ibilbide oparoa du Espainiako Ligan, eta Vila-realetik fitxatu berri du Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Ligan partida guztiak hasi ditu hamaikakoan, eta taldearen iparrorratza da. Golen eta asistentzien datuetatik harago doa Moiren ekarpena. 2,1 pase erabakigarri ematen ditu partidako, eta baloia bere hanketatik pasatzen denean jokaldia hobetzea lortzen du. Orozek, berriz, hau du lehenengo urtea futbol profesionalean, eta Taxoareko harribitxiak maila bikaina erakutsi du. Baloia oinean duela egin du distira gehien, baina baloirik gabe ere min handia egin die aurkariei, lerro artean mugituz.

Sailkapenean Konferentzia liga jokatzeko aukera ematen duen postuan dago Osasuna: zazpigarren, 23 punturekin. Fuentesi irabazita, aurrera egin du Kopan, eta Arrasatek ilusio berezia du txapelketa horretan sasoi honetan:«Denboraldi honetan, Kopa helburuetako bat izateko baldintza guztiak betetzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.