Qatarko Munduko Kopa

Zerrenda ez da asko aldatu

Munduko Kopa irabazteko hautagai gehienek egin dute aurrera multzoen fasean. Alemania eta Belgika izan dira dezepziorik handienak: ez dira iritsi kanporaketetara.

Brasilgo jokalariak, multzoen faseko bigarren jardunaldian Suitzari sartutako gola ospatzen. ALBERTO ESTEVE / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Denetarik izan du 2022ko Munduko Kopako multzoen faseak. Brasil, Ingalaterra eta Frantzia hautagai nagusientzat, tramite hutsa baino ez da izan. Espainiak eta Kroaziak, kanporaketetarako sailkatu arren, gehiago sufritu dute, eta, beste neurri batean, baita Argentinak ere. Pozik, oro har, afrikarrak egongo dira, duela lau urte kontinente hartako selekzio bakar batek ere ez baitzuen gainditu lehen fasea, eta aurten, berriz, parte hartu duten bost selekzioetatik bik egin baitute aurrera. Txanponaren beste aldean daude Alemania eta Belgika, orain arteko galtzaile nagusiak. Eta azkenik, Qatarko selekzioak ere merezi du aipamena, Munduko Kopa bateko historiako anfitrioi txarrena izan baita: puntu alerik bildu gabe bukatu du bere jarduna.

Lehen fasea amaituta, gaur jokatuko dira final-zortzirenetako lehendabiziko kanporaketak: Dohako Khalifa International estadioan neurtuko dituzte indarrak Herbehereek eta AEBek (16:00), eta Argentinaren eta Australiaren artekoa (20:00) Ar-Rayyan (Qatar) hiriko Ahmad bin Ali zelaian jokatuko da.

GORA
Brasilek, itxura sendoa

Hautagai nagusia zen askorentzat, eta hala izaten jarraituko du. Aparteko erakustaldirik eman gabe bada ere, eta azken neurketa, modu bitxian, Kamerunen aurka galdu bazuen ere —aldaketa asko egin zituen Titek—, hautagai nagusien artean itxura onena eman duen taldea da. Aurrean eraginkor eta atzean sendo jardun da Titeren selekzioa. Neymarren egoera fisikoari loturikoa da duten zalantza bakarra.

Era berean, espero baino hobeto aritu diren selekzioen zerrenda luzea da. Senegalentzat, adibidez, utopia zirudien Sadio Mane gabe sailkatzeak. Aliou Cisse aulkian denetik, ordea, dena da posible Terangako lehoientzat. Japoniak zur eta lur utzi ditu hainbat eta hainbat. Inor gutxik espero zuen samuraien selekzioak aurrera egitea, are gehiago Alemania eta Espainia multzo berean izanda: biei irabazi die. Horrekin batera, azpimarratzekoa da AEBetako selekzio gazteak erakutsitako heldutasuna eta Hego Koreak azken unean lortutako sailkapena.

BEHERA
Espainia eta Kroazia, larri


Eurokopan gertatu bezala, Espainiak eta Kroaziak sufritu egin dute final-zortzirenetarako sailkatzeko. Hainbeste, ezen Luis Enriqueren taldea, birtualki, txapelketatik kanpo egon baitzen hiru minutuz. Aise menderatu zuten Costa Rica, Alemaniaren aurkako berdinketan ondo jokatu zuten, baina Japoniaren aurkako bigarren zatian erabat gaindituta egon ziren. Kroazia hurrengo fasean badago, Romelu Lukakuri esker dagoela esan liteke. Izan ere, Belgikako aurrelariak ez sinesteko moduko lau aukera huts egin zituen partidaren azken zatian. Argentinak ere, azken neurketan salbu, sufritu du sailkatzeko.

AURREIKUSPENAK BETEZ
Frantzia eta Ingalaterra, arazorik gabe 

Tunisiaren aurkako estropezua alde batera utzita, esperotako Frantzia ikusi da Qatarren. Distira handirik egiten ez duen talde sendo eta indartsua da oraindik ere. Beste horrenbeste esan daiteke Ingalaterrari buruz. Gareth Southgatren taldeak aparteko zailtasunik gabe egin du aurrera B multzoan, Irani eta Galesi astindua emanda. Poloniak ere gainditu du multzoen fasea, baina egin duen joko zuhurra ikusita, miraria da aurrera egin izana. Herbehereek, Portugalek eta Suitzak aurreikuspenak bete dituzte, gutxi gorabehera.

EZUSTEKOAK
Australia eta Maroko, ustekabean


Multzoak aztertuta, normalena litzateke Australiak eta Marokok lehen fasearen ondoren etxerako bidea hartu izana. Haatik, biek egin dute aurrera. Marokok Kroaziarekin berdindu zuen, erraz azpiratu zuen Belgika, eta Kanadaren aurka ere garaile izan zen, azken minutuetan atzean sartuagatik ere. Australia, berriz, Frantziaren aurka jipoia hartuta hasi zen, baina, ondoren, bai Tunisia eta bai Danimarka menderatu zituen, 1-0. Ipar Afrikako selekzioa edozeini lanak emateko gai da, eta Australiak lehen kanporaketako aurkaririk samurrena dirudi.

DEZEPZIOAK
Bi hautagai, etxera


Ez dira Munduko Kopako dezepzio bakarrak izan, baina bai handienak. Alemaniak, bigarrenez jarraian, ez du multzoen fasea gainditu. Espainiaren aurka bigarren zati ona jokatu zuen, baina Hansi Flickekin ere ezinean jarraitzen dute txapelketa handietan. Eraberritzeak luze joko du. Belgikari dagokionez, Errusian brontzea lortzetik zetozen Roberto Martinezen mutilak, eta, azken ordura arte sailkatzeko aukera izan arren, Deabru Gorrien selekzioak oso itxura eskasa eman du. Urrezko belaunaldiak azken aukera galdu du. Danimarka, Uruguai eta Mexiko hor leudeke.

IZARRAK
Gakporen agerraldia 

Cody Gakporekin pagotxa du Eindhovengo PSVk. Herbehereetako aurrelariak gol bat sartu du multzoen faseko hiru partidetako bakoitzean. Munduko Kopa amaitutakoan, Europako talde indartsuren batek dirutza ordain dezake harengatik. Frantzian, Antoine Griezmann eta Kylian Mbappe izan dira onenak: Griezmannek ukitzen duen baloi oro hobetzen du, eta Mbappek beti bezain fin segitzen du aurrealdean. Bestalde, penalti garrantzitsu bat huts egin arren, agerikoa da Leo Messirik gabe ez dagoela Argentinarik. Bidean, zama hori eramateko, bi lagun on aurkitu dizkio Scaloni hautatzaileak: Julian Alvarez eta Enzo Fernandez. Jamal Musialaren izena ere ezin da ahaztu, Alemaniako jokalari onena izan baita, alde handiz, eta Ghanako Mohammed Kudusek ere zeresana eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.