Dantza eredu berritzaileen plaza berria

Hizkuntza artistiko ezberdinak uztartzen dituzten lanak eskainiko dituzte Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdian, gaurtik aurrera

Proiektatutako gorputz birtualak egiazko bihurtzen dira Gilles Jobin koreografoaren Força forte ikuskizunean. G. BATARDON.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Iragan urteko eskaintzarekin alderatuta, eredu berria izango du Nafarroako Dantza Garaikidearen II. Jaialdiak. Gaurtik heldu den ekainaren 3ra bitarte, hamabost dantza ikuskizun programatu dituzte Nafarroako bederatzi herritan eskaintzeko —tartean Iruñea, Barañain, Altsasu eta Agoitz—. Hitzaldi eta tailerrak ere izango dira. Orotara, 30 ekitaldi izango dira. Isabel Ferreira jaialdiko zuzendari artistikoak dioenez, hizkuntza artistikoen eta formatuen aniztasunaren aldeko apustua egin dute. Jaialdia dantzarekin lotutako eragileak elkartzeko aukera «paregabea» dela nabarmendu du.

Komunitatea, ekopolitika eta etorkizuna izango dira Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren funtsa. Horregatik, eskaintzan arte diziplina ezberdinenetako artisten arteko elkarlanaren emaitzak ezagutzeko aukera izango da asteburu honetan. Gaur bertan, esaterako, Societat Doctor Alonsok, Tomas Aragay antzerki zuzendariak eta Sofia Asencio dantzari eta koreografoak Anarchy ikuskizuna emango dute, soinu esperimentazioaren inguruan sortua, Iruñeko Katakrak aretoan.

Horrekin batera, arte adierazpen ezberdinen arteko sinergien emaitza berriak ezagutzeko aukera izango da, tartean, Kukai dantza konpainiaren Oskara plazara ikuskizuna. Lan horretan, Jon Maiak zuzentzen duen taldeak dantza eta zinema uztartzen ditu. Euskal kulturaren pasarteetan barrena eginiko ibilbide hori ere gaur eskainiko dute, Altsasuko Iortia kulturgunean. Bestalde, Iruñeko Baluarte jauregian, Taiwango Cloud Gate Dance Theatre dantza konpainiaren Rice ikusi ahalko da. Dantza garaikidea meditazioarekin, borroka arteekin eta balletarekin uztartzen ditu konpainiak. Besteak beste, Taiwan ekialdeko Chihshang nekazari herrian izandako paisaia aldaketak islatzen ditu.

Horrez gain, gorputzaren mugimenduez eta bere mugez hausnartzeko pare bat proposamen ere izango dira. Esaterako, bihar, Brasilgo Eduardo Fukushima koreografoaren Homem Torto eskainiko dute Baluarten. Gorputz indartsuen energia duten gorputz ahulak erakutsiko dituzte. Hain zuzen ere, ezintasunei aurre egin eta gurpil aulkietan dauden pertsonek osatzen duten Kon Mocion konpainiaren Sobre Ruedas lana ikusteko parada ere izango da igandean, Agoizko Kultur Etxean. Koreografiaren eta inprobisazioaren artean dantzariak aske sentitzen dira jolasteko eta nahi dituzten arriskuak hartzeko.

Astebururako azken proposamena Gilles Jobinen Força forte lana da. Koreografoaren irudiko, gorputzak izarren hautsez eginda daude, eta, beraz, gorputzaren konexioak espazioaren bidez arakatzen ditu. Pantailan proiektatutako gorputz birtualak benetako bihurtuko dira oholtza gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.