Santiburtzioak Leitzan

Hasi da besta, eta prest dituzte ezpatak

Gabriel Saralegi herri kirolariak bota du Leitzako bestetako txupinazoa. Aurrera taldeko dantzariek ezpata dantza egingo dute gaur herriko plazan

Atzo arratsaldean hasi ziren Leitzako bestak, suziria lehertzearekin batera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Areak hartu du Leitzako plaza (Nafarroa). Bestak ailegatu direla esan nahi du horrek. 18:00ak jotzeko minutu gutxira, zuriz jantzitako herritarrek hartu dute plaza, blusa beltza gerrikoan loturik. Halako batean balkoira atera da herrian aski ezaguna den gizon bat: «Gora Leitza! Gora San Tiburtzio!». Gabriel Saralegik egin ditu oihuak, eta su eman dio etxafuegoari.

Herritarrek hala erabaki dutelako bota du txupinazoa Saralegik. Herri kirolen inguruan eman du bizi osoa: txikitan, hainbat aizkolari etxean entrenatzen ikusi zituen. Aurrerago, Nafarroako Herri Kirolen federazioaren sortzaileetako bat izan zen. Herri kirolak sustatzen egindako lanaren aitorpena izan da txupinazoa. Izan ere, herri kirolen hamaika saio, desafio eta froga antolatu ditu Leitzako hainbat ospakizunetan. Txupinazoaren egunean ere bai, berak antolatu baititu goizeko kuadrillen arteko herri kirolak.

Ezpatak dantzan

Herri askotan, bezperako egunean izaten da txupinazoa, eta Leitzan ere hala da. Atzo abiatu ziren bestak, baina gaur dute egun handia. Larunbata izanik, jendetza espero dute herrian. Eguerdian izanen da ekitaldi berezienetako bat: ezpata dantza. Aurrera herriko dantza taldeko zortzi neska-mutilek dantza sorta bat plazaratuko dute, urteroko usadioari jarraikiz.

Haien artean izanen da Nahia Berriola leitzarra. Atzo afaldu ondotik erretiratu zen etxera, gaur fresko-fresko egoteko. «Ez dago gehiago urduritzen nauen beste gauzarik. Dantza bukatzean, oso gustora gelditzen zara, eta merezi du, baina aurretik ez dut batere ongi pasatzen». Hala, beste dantzari batekin itzuli bat emanen du gaur, gainerakoekin elkartu aurretik, nerbioak baretzeko. Berriolak hirugarren aldiz dantzatuko du aurten, eta, urduritasuna gorabehera, plazara ateratzeko gogotsu dago.

Lasaiago ibiliko da Joseba Sagastibeltza dantzaria, aurten ez baitu ezpata dantzan parte hartuko. Nahiago izan du beste batzuei tokia utzi, aurretik ere urte anitzetan atera baita plazara jantzi zuria soinean. «Xarma berezia du ezpata dantzak. Herrikoak eta herrikoak ez direnak ere saioaren esperoan egoten dira: 10:00etarako, jendeak lekua hartzen du». 12:00etarako, plaza mukuru beteko da, eta dantzariek «zirrara berezia» sumatuko dute.

Bitxia da, dantza horrek Bizkaian baitu jatorria. Joan den mendean ailegatu zen Leitzara, baina berta-bertakotzat dute denek dagoeneko. «Leitzakotzat kontsideratzen da, taldeak lan handia egiten duelako, dantza asko zaintzen duelako eta jendeak jarraitzen duelako». Horren erakusgarri da sortzen duen ikusmira. Ez du edozeinek dantzatzen, gainera. Aurreran, 30 kide ditu helduen taldeak, eta zortzik baizik ez dute dantzatuko.

Dantzariak ez ezik, udalbatza ere plazan izanen da, eta onartu dute horrek «zertxobait urduritzen» dituela. Baina ez dira bakarrik egonen. Urtero alorren batean nabarmendu diren herritarrak gonbidatzen dituzte haiekin batera jarri eta dantzak ikusteko. Aurten, Nerea Zabaleta ikerlariak eta Mikel Nieve txirrindulariak izanen dute ohore hori. Zabaletak doktoretza tesia egin du gibeleko gaitz arraro bat sendatzeko terapia berri baten inguruan, eta Europa mailako sari bat jaso du horregatik. Nievek «denboraldi bikaina» egin duela nabarmendu du udalak.

Gaurkoa ez da Aurrera dantza taldeak eskainiko duen saio bakarra, bihar emanaldia eginen baitute, 19:00etan. Saio horretan, hainbat tokitako euskal dantzak erakutsiko dituzte. Gainerakoan, Leitzako ingurutxoa ere dantzatuko dute, baina nahi duen orori irekia izanen da hori. Ezohiko ordutegia du: etzi goizaldean, 03:00etan. Lotsa alde batera uzteko ordu aproposa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.