Munduko Futbol Kopa

Adinak aldendu, ilusioak batu

Miraildes 'Formiga' brasildarra Munduko Kopako jokalari zaharrena da, 41 urtekoa; Mary Fowler australiarra, berriz, gazteena da, 16 urtekoa. Gaur elkarren kontra ariko dira.

Miraildes Macie 'Formiga' Munduko Kopako jokalari zaharrena da eta Mary Fowler gazteena. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Miraildes Maciel Mota Formiga Brasilgo erdilariak (Salvador de Bahia, 1978) 1995ean jokatu zuen lehen Munduko Kopa, Suedian. Artean, orain Frantzia eta Bretainiakoan harekin lehiatzen ari diren 551 jokalarietatik 150 jaio gabe zeuden. Are, Australiako aurrelari Mary Fowler jaio zenean (Cairns,2003), Formigak bi Munduko Kopa zituen jokatuta jada. Txapelketako jokalari zaharrena eta gazteena dira. 41 urte ditu batek, eta 16 besteak, baina ilusioak batzen ditu. Gaur nor baino nor gehiago ariko dira, MontpellierkoMosson estadioan.

Zortzigarren aldia du txapelketak, eta horietatik zazpitan izan da Formiga. Lehenengoan baino ez zuen huts egin, Txinan jokatutakoan, 1991n; bera da Munduko Kopa gehien jokatu dituen futbolaria. Homare Sawa japoniarrak sei zituen jokatuta, eta Rafa Marquez eta Antonio Carvajal mexikarrek eta Lothar Matthaus alemaniarrak, bost. Gainera, Munduko Kopa bat jokatu duen emakumezko zaharrena da: 41 urte eta bi hilabete ditu.

PSGko jokalari horrek munduko liga indartsuenetan aritzeko aukera izan du: Brasilgoan, AEBetakoan, Suediakoan eta Frantziakoan. Baina marka guztiak selekzioarekin hautsi ditu: 187 lehiajokatu ditu, eta Munduko Koparena ez da gainditu duen mugarri bakarra. Emakumezkoen futbola presente egon den Olinpiar Joko guztietan egon da, esaterako: sei guztira. Azkena, 2016an, Rion.

Baina badu arantza bat: Amerika Kopatik harago, ez du titulu garrantzitsurik irabazi Brasilekin.Txapeldunorde izan zen 2007ko Munduko Kopan, eta zilarrezko domina lortu zuen Atenasko (2004) eta Pekingo (2008) Olinpiar Jokoetan.

Munduko Kopa irabazi duen historiako jokalaririk zaharrena izateko erronka du orain. Dino Zoff italiarrak du marka hori, 40 urte zituela lortu baitzuen. Haren buruan ez zegoen Munduko Kopa hau jokatzea. 2016an selekzioa uztea erabaki zuen, jokalari gazteei lekua egitea, baina, bi urte geroago, itzuli egin zen. «Hautatzaileak deitu zidan. Esan zidan ez zuela nire ezaugarriak zituen jokalaririk, eta behar ninduela Munduko Koparako sailkatzeko, gauzak estu zeudelako. Beti egongo naiz selekziori laguntzeko prest, niretzat amets bat da. Sailkapen partidez disfrutatzea baino ez nuen buruan, eta orain hemen nago. Disfrutatu egin nahi dut, eta maila onean lehiatu».

Lan isila, eskarmentua eta lehiakortasuna dira Formigak ematen dizkien ezaugarri horiek. 41 urte izan arren, nekaezina da. Partidaro dozenaka baloi lapurtu eta berreskuratzen ditu. Horregatik jarri zioten Formiga ezizena—inurria portugesez—, baita garaieraz txikia zelako ere: 1,62 metro. «Gutako gehienek baino azkarrago korri egiten du», diote haren taldekideek. Jamaikaren kontra partida guztia jokatu zuen.

Adina ez du muga gisa ikusten. «Niretzat motibazio eta erronka bat da jokalari gazteekin lehiatzea. Egunero gehiago ematera bultzatzen nau». Zein da, baina, adin horretan goi mailan segitzeko sekretua? «Asko zaintzen dut neure burua, eta zorrotza naiz entrenamenduekin. Horrekin batera, lo asko egiten dut. Nire kirol ibilbidea ahalik eta gehien luzatu nahi dut». Beste sasoi batez PSGn jokatuko du.

Fowler, harribitxia

Kontrako muturrean da Fowler. 16 urte eta hiru hilabete ditu, eta Munduko Kopan parte hartzen ari da, nahiz eta lehen partidan ez zuen jokatu. Dena den, ez da inoizko gazteena. Ifeanyi Chiejine nigeriarrak du marka hori. 16 urte eta hilabete batekin jokatu zuen Hego Koreako Munduko Kopa, 1999an. «Sekula ez dut ikusi hain jokalari gazte bat erasoko jokorako halako ahalmenekin», dio Alen Stajcic Australiako hautatzaile ohiak. Jokalari bizkorra da, lotsarik gabea, eta buruz buruko jokaldietan ondo moldatzen dena. Australiako 20 urtez azpiko selekzioarekin hamazazpi gol sartu zituen hamar partidatan; selekzio nagusiarekin, berriz, lau partida jokatu ditu, baina ez du golik sartu.

Goiztiarra izan da. 15 urterekin Australiako Bigarren Mailan jokatzen zegoen, baina, partida gutxi batzuk eta gero, Lehen Mailara igo zen. Bankstown Cityn jokatzen du. Aita Irlandakoa du, eta ama Papua Ginea Berrikoa. Irlandako eta Australiako selekzioak mokoka aritu ziren, berekin jokatzea nahi zutelako. Azkenean, Australiarekin ari da.

Europako hainbat taldek begiz jota dute. West Hamekin, Manchester Cityrekin eta Chelsearekin entrenatzen aritu da. Baina pazientzia eskatu du Ante Milicic hautatzaileak: «Ez diogu presiorik jarri behar, pausoz pauso joan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.