Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Organoak hartu du jaialdia

Abian da Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa. Daniel Roth irakasleak gidatuko du Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastaroa. Hilaren 9an amaituko dira biak

Organo Zikloan nahiz Organo Erromantikoaren ikastaroan ariko diren hainbat kide, atzo, San Bizente elizan. JON URBE / FOKU.
Donostia
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Musika Hamabostaldiko Organo Zikloan hamahiru kontzertu egingo dituzte Gipuzkoako hainbat elizatan. Bi emanaldi izango dira gaur: Daniel Roth musikari frantsesarena eta Gail Archer organista estatubatuarrarena. San Bizente elizan arituko da Roth, 20:00etan, eta, hainbat konpositore frantsesen obrak interpretatzeaz gain, berak idatzitakoak ere joko ditu. Archerrek, aldiz, Schumannen eta Bachen obrak interpretatuko ditu, besteak beste. Musforum emakume organisten nazioarteko sarearen fundatzailea da Archer, eta bi andrazko konpositoreren lanak ere emango ditu: Fanny Mendelssohnen bat, eta Mary Howeken beste bat. Azpeitiko Loiolako santutegian izango da emanaldia, 20:00etan. Aurrez ere izan da kontzerturik: zikloko lehena Alize Mendizabalek eta Andra Mari Ganbera abesbatzak egin zuten, larunbatean, Donostiako San Bizente elizan. Atzo, berriz, Karol Mossakowski organista poloniarra zuzenean inprobisatzen aritu zen Artzain Onaren katedralean, Carl Theodor Dreyer zuzendariaren La Passion de Jeanne d'Arc (Joana Arc-ekoaren pasioa, 1928) film mutua proiektatzen zuten bitartean.

Datorren ostiralera bitarte, nazioarteko hainbat musikarik hartuko dute parte zikloan, eta obra erromantikoak interpretatuko dituzte gehienbat. Zazpi kontzertu emango dituzte Donostiatik kanpo, Gipuzkoan guztiak ere: Ataunen, Usurbilen, Azpeitian, Azkoitian, Tolosan, Villabona-Amasan eta Deban, hain zuzen. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan, kontzertuak hainbat tokitan egiteak lurraldea ezagutzeko «aukera ona» ematen du.

Bi pieza estreinakoz entzun ahal izango dira: Musika Hamabostaldiak Ivan Valdes konpositore espainiarrari eskatutakoa bata, eta Gorka Cuesta euskal musikagileak egindakoa bestea. Daniel Oiartzabal organista eta Joan Castello perkusionista bihar arituko dira Artzain Onaren katedralean, 20:00etan, eta Valdesen obra joko dute, beste hainbaten artean. Cuestaren Le fleuve du souvenir (Oroitzapenaren ibaia), berriz, egun berean joko du Loreto Aramendik, Donostiako Santa Maria elizako organo jotzaile titularretako batek, Azkoitiko Andre Mariaren elizan, 20:00etan. Azkoitiko organoan jotzea «zorte handia» dela uste du Aramendik; Cuestaren obra, berriz, «bereziki ondo» egina dagoela eta «hizkuntza ezberdina eta aberatsa» erabiltzen dituela ere esan du.

Esteban Elizondo Organo Zikloko zuzendariak gogorarazi du musikari gazteak ere «garrantzitsuak» direla. Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain Musikeneko ikasleek abuztuaren 8an emango dute kontzertua Tolosako Andre Mari elizan, 20:00etan. Besteak beste, Brahmsen, Bachen eta Durufleren obrak interpretatuko dituzte. Eskerrak eman dizkiete biek Musika Hamabostaldiaren antolakuntzari eta Elizondori; eskaini zaien aukera «paregabea» dela iritzi diote, eta jaialdian jotzea «ohorea» dela. Ansolak beren onena ematen saiatuko direla adierazi du, eta Arakistainek, berriz, kanpoko nahiz bertako musikariekin jotzea «plazera» dela, baina «etxeko musikariak» balioesten ere jakin behar dela.

Ondarearen transmisioa

Organo Zikloari lotuta, Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastaroa egiten ari dira atzotik. Daniel Roth Parisko St. Sulpice elizako organo jotzaile titularra izango da irakaslea. Ikasleak nazioarteko hainbat herrialdetatik etorri dira kurtsora; horien artean, Frantzia, Italia, Espainia, Japonia, Austria, Australia eta Suitza. Ikastaroa amaitzen den egunean, hilaren 9an, parte hartzaileek kontzertu bat emango dute San Bizente elizan.

Rothek adierazi du Musika Hamabostaldira etortzea «ohorea eta plazera» dela, eta eskerrak ere eman ditu beste urte batez gonbidapena egin diotelako. Gipuzkoako organo ondarea ere goraipatu du musikariak, eta nabarmendu du Frantzian ez dela gauza bera gertatzen: «Eskerrak eman nahi dizkiet denboran zehar instrumentu hauek jatorrizko egoeran mantentzeaz arduratu direnei; bilduma ederra da. Frantzian, ordea, organo pila bat desagertu egin dira, eta lastima da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.