Aldaketek ez dute aldatu

Iñigo Domecek sasoi honetan hartu du Txuri Urdin izotz hockeyko taldea zuzentzeko ardura. Taldea egiten ari den lanarekin gustura dago: «'oso ongi'» bat jarri dio.

Txuri Urdineko jokalariak, Bartzelonari sartutako gol bat ospatzen, denboraldi honetan, Donostiako Izotz Jauregian jokatutako partidan. JML PHOTO.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldian Espainiako Liga irabazi arren, izotz hockeyko Txuri Urdin taldeko zuzendaritzak erabaki zuen taldeak aldaketa bat behar zuela. Bost denboraldi igaro eta gero, Tito Marcelino entrenatzaile kargutik kentzeko erabakia hartu zuen, eta Iñigo Domeci (Donostia, 1971) eman zion taldea zuzentzeko ardura. Halako aldaketak ez dira errazak izaten, eta jokalariek denbora behar izaten dute entrenatzailearen lan egiteko moduetara egokitzeko. Baina, kasu honetan, ez da hala izan. Donostiako taldeak ohiko duen izaera lehiakorrari eutsi dio. Liga erregularra amaitzeko partida bat jokatzea falta zaio —bihar jokatuko du, etxean, Jacaren aurka—, eta Bartzelona liderrarengandik puntu batera dago —partida bat gutxiago jokatu dute katalanek—. Gero, titulurako kanporaketetan ariko da berriro.

Taldea «sasoiko» dagoela dio Domecek. «Orain arte egindako lanari oso ongi bat jarriko nioke. Oso gustura nago pistan jokalariek erakutsi duten jarrerarekin eta errendimenduarekin». Zer falta izan zaie, bada, nota bikain izateko? Bada, berehala erantzun du teknikariak. «Hainbat partidatan intentsitatea falta izan zaigu, eta azkenaldian ez gara fin ibili aurkariaren ate aurrean. Zoria ere ez dugu alde izan». Bartzelonaren aurka etxean galdu zuten azken partida datorkio burura. «Oso norgehiagoka ona jokatu genuen, baina 1-3 galdu genuen, ez ginelako eraginkorrak izan aurrean. Baina konpon ditzakegun gauzak dira, eta, lortuz gero, taldeak askoz gehiago emango du».

Bartzelona lider egoteak ez du ezustean harrapatu. «Denboraldi honi begira, oso ondo indartu zen: jokalariak fitxatu zituen Suediatik, AEBetatik eta Finlandiatik, eta Jacan ari ziren beste bi ere bai. Talde sendo bat osatu dute, eta gainontzekoengandik koska bat gorago egotea espero nuen». Dena den, oraindik posible ikusten du liga erregularrean lider amaitzea, baldin eta geratzen zaien partidan Jacari irabazten badiote. «Bartzelonak ere Jacaren aurka jokatu behar du, etxean, eta, gero, Puigcerdari egin behar dio bisita. Derbi bat da; haien artean lehiakortasun handia dago. Beraz, ez dut baztertzen bi norgehiagoketako batean huts egitea».

Lehenengo postuan amaituz gero, finalerdietan eta finalean kantxa alde izango lukete. Hori «garrantzitsua» litzatekeela onartu du, «baina ez erabakigarria». «Are gutxiago denboraldi honetan. Izan ere, ezusteko emaitza asko egon dira, eta denek irabazi eta galdu dugu denen kontra. Liga oso polita izan da». Hala, liga irabazteko aukeraz argi mintzatu da. «Ez nuke esango faboritoak garenik, baina ziur nago lehia horretan egongo garela. Gutxienez, geure buruari eskatu behar diogu finalean egotea, eta hor, partidaz partida joan». Horretarako, hobetu beharreko gauzetan du arreta jarria, hilabete barru hasiko baitira kanporaketak. «Defentsan asko hobetu dezakegu. Pixkanaka ari gara, eta azken partidetan taldeak dezente gol gutxiago jaso ditu. Hori da bidea. Kontraerasoan ere gehiago baliatu behar ditugu aukerak».

Ondo egindako gauzen artean, «talde jokoa» nabarmendu du. «Hori izan da onena. Denek batera eta norabide berean jokatu dugunean; asko antzeman da daukagun maila. Baina, jokalariren bat behar baino gehiago tematu bada bakarkako edo buruz buruko jokaldietan edo arreta galdu badu, gauzak ez zaizkigu nahi bezain ondo joan. Hori argi izan behar dugu geratzen zaigun denboraldiaren zati erabakigarri honetan». Gainontzean, taldea «ondo» ari dela dio. «Uste dut jokalariek oso bizkor barneratu zituztela nire ideiak, eta horiek gauzatzen ari garela pistan. Lan fisiko handia egin dugu, jokoari abiadura handiagoa emateko. Nik nahi dudan mailara gerturatzen ari gara. Sistemak oso ondo barneratuak dituzte, nahiz eta gauza txikiak hobetu behar ditugun oraindik».

Domecek estreinakoz du Ohorezko Mailako talde bat entrenatzeko aukera. Esperientzia «oso ona» izaten ari dela nabarmendu du. «Oso gustura nago, eta pozik. Bai pertsonalki, bai entrenatzaile gisa, erronka baten moduan ikusten dut. Asko eskertzen dut klubak nigan izan duen konfiantza. Sakrifizio bat da, baina merezi du».

Harrobia oinarri

Aurretik urteak eman zituen Txuri Urdinen harrobian lan egiten, eta onartu du horrek asko lagundu diola. «Jokalari guztiak ezagutzen nituen aurretik, eta horrek asko erraztu dizkit gauzak, badakidalako bakoitzak zer eman dezakeen eta non estutu behar dudan. Oso lagungarria izan zait haien jarrera ere. Ikasteko eta hobetzeko gogoa dute, eta hori da inportanteena. Gainera, oso giro ona dute euren artean». Harrobiko talde bat entrenatzearen aldean esperientzia «diferentea» dela onartu du. «Egunerokoa, lan egiteko modua, presioa... Ez dira berdinak. Baina ni oinarri batetik abiatzen naiz: dena da izotz hockeya».

Presioa sumatzen duela onartu du. «Batez ere neure buruari jartzen diodana. Antzematen da klub honek duen exijentzia maila ere, irabaztea ohitura bihurtu baita. Kalean zoaz, eta maiz esaten dizute: 'Aurten ere irabaziko duzue, ezta?'. Hori polita da, eta ulertzen dut».

Txuri Urdinek urtero lortzen duena «mirari txiki bat» dela uste du. «Ziurrenik, beste batzuek baino baliabide gutxiago ditugu. Baina harrobian sekulako lana egiten ari gara, eta hori da gure indargunea. Zorionez, orain bi belaunaldi oso atera ditugu, eta aprobetxatzen ari gara. Baina lanean segitu behar dugu, etorkizunean ere etxeko jokalariak ateratzeko».

Uste du «oinarri onak» dituztela etorkizunari begira. «Nik lehen egunetik argi izan dut etxeko jokalarien aldeko apustua egingo dudala, eta zuzendaritza pozik dagoela entrenatzaile taldea egiten ari den lanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.