Bizikleta puskatu dio gerrak

Etiopiako gatazkak han harrapatu du Awet Andemeskel Gebremedhin txirrindularia. Hilabete pasatxo da Aratz Imaz haren lagunak ez duela haren berririk. Bila ari da.

Ander Altuna prestatzailea, Awet Andemeskel Gebremedhin eta Aratz Imaz, iazko Italiako Giroko etapa baten hasieran. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Mundua txikia da, eta edozein gertakarik, edozein egoerak, edozein bizipenek elkarrengandik oso urrun dauden bi leku lot ditzake: Idiazabal (Gipuzkoa) eta Etiopiako Tigray eskualdea, esaterako. Bizikletak egin ditu lotura lanak oraingoan, eta afrikar baten eta euskal herritar baten arteko adiskidetasunaren garraio izan da: Awet Andemeskel Gebremedhin eta Aratz Imaz. Eritreako txirrindulari profesionalaren berririk gabe da idiazabaldarra joan den azaroaren 2tik.

Etiopiako Gobernuak hurrengo egunean eten zituen eskualde horretako komunikazio guztiak, eta han da txirrindularia. Eskualde horretan, gerra hotsak dira aurreko hiletik. Bezperan aritu zen azkenekoz Imaz Awetekin. Gaur, hilabete eta hiru egun dira azkenengoz elkarren berri izan zutenetik. «Oso kezkatuta nago», esan du Imazek, nahiz eta baduen zeharkako informaziorik lagunaren egoeraz: «Tsubagu Grmay lagunari (Micheltoneko txirrindulari etiopiarra) andreak deitu zion Tigrayko Gobernuaren egoitzatik, eta esan zion Awet-eta ondo zeudela». Lasaitasun mezua zen Imazentzat, baina zeharkakoa izatean, ezin erabat lasaitu. Berriki, larritasun estu batek barrenak mugitu dizkio, gainera: «Maider Arostegi alegiarra ere desagertuta dago Tigrayn, eta, nonbait, Espainiako Gobernuak haren senideei esan die lasai egoteko, zuria delako. Ikaraz entzun nuen hori, Awet-eta ez direlako zuriak».

«Awet-eta» esaten du Imazek. Izan ere, ez dago bakarrik: andrea, bien umea, eta haren bi anai bizi dira Mekellen, Tigrayko hiriburuan. Urriaren 21ean joan zen familiarengana. Hor bukatzen da, oraingoz, Aweten historiaren pasarte luze bat, hasiera 2011n duena eta 2016an Euskal Herrira ekarri zuena.

Duela bederatzi urte, selekziorako aukeratu zuten Awet, eta hori zeren parekoa den azaldu du Imazek: «Soldaduska egitearen parekoa da han». 2013an, Italiara joan ziren Munduko Txapelketan parte hartzera, eta Awetek eta mekanikari batek erabaki zuten ez zirela gehiago Eritreara itzuliko. Ospa egin zuten bizikleta batekin. Suediarako hegazkina hartu, eta bi urtez egon ziren han. Ez zen ausazko hautua izan Suediakoa: «Eritreako komunitate handiena han dago Europan», kontatu du Imazek. Joatea erraza izan zen; zailagoa, iheslari paperak lortu artekoa: «Bi urte pasatu zituen bizimodua edozein moduz aurrera atera nahian, legez modu irregularrean zela. Parkeetan plastiko botilak eta latak saltzen ibili zen, erotu beharrean bizitza ateratzeko, ezkutuan, harrapa ez zezaten», azaldu du Idiazabalgo lagunak. Lortu zituen, azkenean, paperak, baina Eritreako legeari jarraikiz, desertorea da, selekziotik ospa egitea soldadu izateari uko egitearen parekoa delako.

Orduan ezagutu zuten elkar Awetek eta Imazek: «2016an, Txirrindularitza Solidarioa proiektuaren barruan, iheslarien talde bat sortu zen. Herbeheretako talde batekin sinatu zuten hitzarmena Europan iheslari ziren eritrearrak Euskal Herrian afizionatuetan korritzeko». Imazek haiekin jardun zuen boluntario gisa, eta orduan ezagutu zen Awet. Aurreneko urtean, Idiazabalgo Udalak emandako pisu batean bizi izan ziren txirrindulariak. Urtebete baino ez zuen iraun taldearen egitasmoak.

Kontinental mailako Kuwait-Cartuchos izeneko taldeak fitxatu zuen gero, baina ez zuen sosik kobratzen, eta bere etxean hartu zuen Imazek lehendabizi, eta Imazen gurasoek gero. 2017ko Portugalgo Itzulian, Oscar Guerrero zuzendariak ikusi zuen; harekin egin zuen Euskal Herrirako bidea autoan, eta aukera eman zion Israel taldeko bigarren unitatean korritzeko. Bi urte egin zituen, eta, tarte horretan, Gironan (Katalunia) bizi izan zen Awet. Iaz, Italiako Giroa ere egin zuen Eritrean jaiotako txirrindulariak. Bi bider korritu du Lombardiako Giroa, eta aurreko urteko Fleche Wallonne klasikoan ere izan zen;eroriko batek lasterketa uztera behartu zuen.

Aurten, ordea, dena okertu zaio Aweti. Israelek hitzeman zion kontratua berrituko ziola, baina, azkenean, ezezkoa jaso zuen. «Nola hitza emana zioten taldekoek, bigarren taldean sartu zuten azkenean». Baina ez ditu lasterketa asko izan, Imazek azaldu duenez: «Pandemiak erditik ebaki dizkio asmo guztiak, eta pare bat lasterketatan baino ez da aritu». Azkenekoa egin eta gero, Suediara joan zen, familiari paperak egiten saiatzeko: «Ezkondu egin zen duela bi urte, bikotearekin elkar ikusi gabe 2013tik egon eta gero. Ezkontza Etiopian izan zen, emaztea duena hara joana zelako iheslari gisa Eritreatik. Haur bat daukate orain, urte eta erdikoa».

Suediatik Etiopara joan zen urriaren 21ean, familia ikustera, eta orain, Imazek ez daki non dagoen. Aweten arreba Suedian bizi da, eta hark parte eman du anaiaren desagertzeaz dagokion lekuan. Euskal Herrian txirrindulari izandako beste bat ere galduta dago, Imazek azaldu duenez: «Haile Melekot egoera berean dago. Horrek Aldronen eta Caja Ruralen korritu zuen».

Etorkinen aldeko aldarria

Galduta dabil Imaz azken asteetan. Nora jo ez dakiela albiste bila edota albiste fidagarrien atzetik: «Etiopiako hedabideetan, haien hizkuntzan idazten dute, eta ezinezkoa zait ulertzea. Agentzia bidez ari naiz, baina gatazka horretaz ez dute albiste askorik ematen. Twitter sare sozialean bada informazioa, baina nola dakit zein den iturri fidagarria?». Ezintasun batean bizi da, eta boladaka hondoa jotzen duela ere onartu du: «Zenbaitetan, okerrena pentsatzen jartzen naiz.

Aldartea goibel lagunaren berririk ez duelako, eta aldartea ilun bezain beltz, etorkinen inguruan gizartean zabalduta dauden iritziengatik: «Jendeak jakin egin behar du etorkinak nola bizi diren hemen, zer pasatu behar duten... Wathsappeko mezu kate horietako bat jaso dut berriki, etorkinen inguruan handiak esaten, eta haserretu egin nintzen. Jakitea nahi dut hauek nola bizi izan diren hemen». Jendea «isiltzeko» ari da: «Awetek uko egin zien Suediako laguntzei Euskal Herrira etorri eta profesional izateko ametsa betetzeko. Jendeak ez daki hori. Ez dira etortzen lanik egin gabe bizitzera eta gure diru funtsetatik sosak ateratzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.