Inolako kexarik ez pilotekin

Elezkano-Zabaletak eta Peña-Albisuk Binakako Txapelketako igandeko finalerako pilotak hautatu dituzte, Bizkaia pilotalekuan. Peña eta Albisuren bat da ezberdina: bizixeagoa

Albisu, Peña, Elezkano eta Zabaleta, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Binakako Txapelketako igandeko finalerako pilotekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

Binakako Txapelketaren aurreko azkeneko formalismoa egin zuten atzo lau pilotariek: pilotak aukeratzen ibili ziren goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan Elezkano II.a eta Zabaleta batetik, eta Peña II.a eta Albisu bestetik. Konforme geratu ziren laurak. Baiko enpresako bikotearenak bizixeagoak direla nabarmendu zuten laurek. «Hiru pilotetako bat bote gehiagokoa da, eta piloten otarrean zerbait ezberdina edukitzeagatik aukeratu dugu», azaldu zuen Albisuk. Elezkanok jakinarazi zuen Aspeko bikoaren ustea: «Gure pilotak bote gutxiagokoak dira, eta haienak biziagoak, baina, ohi dudan bezala, ez dut ezer esango piloten inguruan».

[YouTube]https://youtu.be/O5sWYWY9c6A[/YouTube]

Aukeratu dituzten pilotei izen-abizenak jartzea zenbateko pisua duten esatea izaten da, eta hauxe da igandeko seikotea: Elezkanoren eta Zabaletaren piloten pisua 106,4 gramo, 105,6 eta 106,1 izan zen, eta Peñak eta Albisuk apartatu zituztenena, 106,1 gramo, 105,9 eta 105, 2.

Bere horretan joan zen aukeraketa, eta, ondoren, adierazpenak egin zituzten pilotariek. Hautaketaz ez ezik, finalaz ere aritu ziren, jakina. Lauretan gazteena Peña da, eta debutari bakarra tamaina honetako finaletan. Lasai dagoela adierazi zuen: «Txapelketa honetan, hainbat partida jokatu ditut tentsio handikoak, eta ondo moldatu naiz. Igandean beste horrenbeste egitea espero dut». Final handian zer estrategia erabiliko duten galdetu zaio, eta ezusterik ez du eman: «Sakearekin min handia egin dugu txapelketan, eta ondo dabilena ez da aldatu behar».

Hiru bider jokatu dute bi bikoteek elkarren aurka txapelketa honetan: bitan Baikokoak izan ziren irabazle, eta azkenekoa, finalerdietakoa, Aspekoek irabazi zuten; alde handiz, gainera: 22-8. Lau pilotariak uste berekoak dira aurrekari horien inguruan, eta ez zaie iruditzen inolako eraginik izango dutenik. Albisuk aipamena egin zuen igandeko aurkarien kontra lortutako bi garaipenen inguruan: «Bi partida horietan, Zabaletari eustera atera ginen hasieran, pazientziaz jokatuz, eta igandean ere aldagai hori garrantzitsua izango delakoan nago».

Faboritoena eta gosea

Atera behar zuen final baten atarian faboritoaren gaiak. Itxuraz, Elezkano eta Zabaleta dira, baina atzelari nafarrak ez dio batere inportantziarik ematen. Beste kontu bat ere badabil bueltaka: Peñak eta Albisuk ez dutela binakako txapelik, eta Zabaletak eta Elezkanok, berriz, bi eta bat, hurrenez hurren; ondorioz, irabazteko gose handiagoa izan omen dezakete Baikokoek. Zabaletak ukatu egin zuen atzo beraiek baino grina handiagoa izango dutela aurkariek irabazteko, aurretik txapeldun izanagatik ere: «Gose bera dugu irabazteko bi bikoteek; datu horrek ez du batere baliorik. Partida bakarra da, finala eta azkena, kale edo bale, tentsio handikoa, eta edozer gauza gerta daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.