Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Fedearen negozioa, galbide

Michael Showalterren 'The Eyes of Tammy Faye'-k eman die amaiera Sail Ofizialean lehian diren filmen emanaldiei. Telebistako predikatzaile baten azalean jarri da Jessica Chastain

Michael Showalter zinema zuzendaria eta Jessica Chastain aktorea, The Eyes of Tammy Faye filma aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Jainkoaren hitza lau haizeetara zabaltzea: amets hori izan zuen txikitatik Tammy Fayek. Jim Bakker ezagutu zuen, eta, biek asmo bera zutenez, predikatzaile lanari ekin zioten ezkonberriek. AEBetako herri batetik bestera ibiliz aurrena, modu apalean, eta telebistara jauzi eginez gero, munduko erlijio katerik handiena sortzeraino. Arrakastarekin batera dirua heldu zitzaien, eta galbide bihurtu zitzaien azkenean fedearen negozioa. Tammy Faye Bakker telebista predikatzaile ebanjelistaren lehen urratsak, urte loriatsuak eta gainbehera kontatu ditu Michael Showalker zinemagile estatubatuarrak The Eyes of Tammy Faye filmean. Jessica Chastain aktoreak jokatu du protagonistaren rola, eta, teknikari erreparatuta, bere orain arteko interpretaziorik zailena izan daitekeela aitortu zuen atzo, zuzendaria alboan zuela eginiko agerraldian. Sail Ofizialeko lehian erakutsi zuten filma.

Benetako gertakariak eta protagonistak ditu oinarri pelikulak. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, AEBetan ospe izugarria izan zuten Tammy Fayek eta haren senarrak —Andrew Garfieldek jokatu du haren rola—. Maitasuna eta oparotasuna ziren haien prediku nagusiak, eta txotxongiloekin, kantuz edo askotariko pertsonak elkarrizketatuz zabaltzen zituzten beren saioetan. Baina finantza iruzur eta eskandalu artean amaitu zuten beren bidea.

Aktore protagonista ez ezik, lanaren ekoizlea ere bada Chastain. Istorioaren atzean zeuden «errukia eta maitasuna» 2012an ezagutu zituen. «Ez nuen Tammyren istorio osoa ongi ezagutzen, prentsan sentsazionalismo handia baitzegoen». Hedabideek agertzen zuten moduan soilik ezagutzen zuela aitortu zuen. «Pailazo bat bezala aurkezten zuten; komikoek barre egin eta itsusi deitzen zioten, gizakia ez balitz bezala tratatzen zuten. Eta errudun sentitu nintzen ezagutu gabe epaitzeagatik». Eskubideak erosi, bazkideak bilatzen hasi, eta gidoia idazteari ekin zion, eta Showalter batu zen gero proiektura. «Jessicak sakon ezagutzen zituen pertsonaia eta istorioa, eta bazekien zer nahi zuen. Gainera, bera zuzentzea oso erraza da: beti dago elkarlanerako irekia. Dena ematen du. Nik hegan egiten utzi nahi nion, eta hala egin genuen lan».

Zazpi urteko ikerketa lana

Hasieran Chastainek ez zekienez noiz filmatu ahal izango zuten, zazpi urtez jardun zuen Faye aztertzen, ahalik eta gehien ezagutzeko. «Nik zikintasuna bilatzen dut pertsonaien azkazalen azpian. Gogoko ditut akatsak dituzten pertsonaiak». Haren bizitzan sakonduz joan ahala, jabetu zen «koherentea eta egiazkoa» zela; «Elizatik bota zutenean ere ez zion jendea barkatzeari eta maitatzeari utzi; beti izan zitzaion leiala bere buruari». Haren ikuspuntu «erreal bat» erakutsi nahi izan zuen filmean. Eta pertsonaia lantzea ez zitzaiola erraza egin aitortu zuen. Minnesotako azentua zaila egin zitzaion, are gehiago haren ahotsa. «Hitz egitean, oso altua da, Betty Boopena bezala, eta kantatzean, berriz, oso sakona». Hala, interpretazio eskolan ikasitako tresna guztiak baliatu behar izan zituela azaldu zuen.

Showalterren filmarekin amaitu ziren Urrezko Maskorra lortzeko aurtengo lehian dauden lanen proiekzioak. Gaur, klausurako film bezala, Daniel Monzonen Las leyes de la frontera emango dute, gauean. Eta, horren aurretik, aurtengo sariak banatzeko ekitaldia izango da, iluntzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.