Dirua edonondik eta edonola

Premier Leagueko lau klub baino ez daude erabat jabe britainiarren esku. Hala ere, Alvaro Romeo kazetariak uste du zaleek klubekin «identifikazio handia» dutela.

Newcastle taldeko zaleak, bandera zuri-beltzak astintzen denboraldi honetako partida batean. LINDSEY PARNABY / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Mike Ashley joan da, eta ia atximur egin behar izan dut. Nire Newcastle United maiteagatik hunkituta nago, baina, aldi berean, ulertzen dut giza eskubideen inguruko kezka». Alan Shearer Newcastle taldeko mito eta Premier Leagueko inoizko golegilerik onenak The Athletic agerkari digitalean duen zutabean idatzitako esaldia da.

Badira egun batzuk Saudi Arabiako Erresumaren PIF estatuko inbertsio funtsak Tyne and Wear konderriko kluba erosi zionetik Mike Ashley enpresaburu britainiarrari. 354 milioi eurorengatik egin zuen. Sports Direct kirol arropa kate ezaguneko nagusiak hamalau urte eman ditu Ingalaterrako talde historikoetako bat nahieran zuzentzen, ia batere inbertsiorik egin gabe, erdipurdiko talde bihurtu duen arte. Bada, nazkatuta zeuden zaleak, eta gogotik ospatu dute jabea aldatzea. Salmenta horren ostean, Premier Leaguen ari diren lau talde baino ez daude, erabat, jabe britainiarren esku: Tottenham, Brighton & Hove Albion, Brentford eta Norwich.

Beste hamasei taldeetan, britainiarrekin batera edo bakarka, mundu osoko hamar herrialdetako inbertsiogile edo jabeak daude. Amerikako Estatu Batuetakoak dira nagusiki, baina baita Asiakoak ere, eta, nola ez, Ekialde Hurbilekoak. Alvaro Romeo kirol kazetaria (Bilbo, 1983) 2008az geroztik Londresen bizi da, eta TalkSport, DAZN, BBC eta The Athletic hedabideentzat egiten du lan. Kluben jabeak direla-eta hainbatetan «erroak»gal daitezkeela aitortu arren, uste du zaleek oraindik ere «identifikazio handia» dutela klubekin: «Hori ez da galdu. Ikusiko dugu etorkizunean gertatzen den edo ez, baina zaleek sentitzen dute euren klubaren norabidean asko dutela esateko. Superligaren berri eman eta biharamunean, adibidez, Stamford Bridge [Chelsearen zelaia] inguruan, egitasmoaren aurkako manifestazio jendetsua egin zuten. Roman Abramovitx jabea errusiarra da, zerikusi gutxi du kultura ingelesarekin. Baina jabearekin ez bada, klubarekin bai, klubarekin identifikatuta sentitzen jarraitzen dute zaleek».

Horri lotuta, Romeok nabarmendu nahi izan du beste liga batzuetan ez bezala Ingalaterran klubak erosi dituzten kanpotarrek, orokorrean, ez dituztela «zor handiak» sortu: «Malagarekin Espainian gertatu zen, besteak beste. Ingalaterran ez da horrelakorik izan. Kluba ondo kudeatuta badago, kanpotarren esku uztearen errezeloak desagertu egiten dira». Izan ere, bertako jabe batzuek askotan klub asko galbidera eraman dituzte: «Portsmouth eta Blackpoolen kasuak hor daude, besteak beste. Kanpoko diruari inolako muzinik egiten ez dion liga da; liga liberalizatua. Beraz, dirua inbertitu nahi duenarentzat oso erakargarria da. Brexit-a egon bada ere, kanpoko diruari ongietorria ematen jarraitzen zaio».

Hiru urte atzera, 5.014 milioi eurorengatik saldu ziren 2019. eta 2022. urteetarako ligako telebista eskubideak. Hala, ligak propioki sortu, telebista eskubideengatik jasota edo kanpotik lortzen duen dirua dela eta, Europako gainontzeko liga guztiak ezin dira Premier Leaguerekin ia lehiatu.

Newcastleren salmenta orain sinatu bada ere, 2020ko udaberrian hasi zituzten negoziazioak. Ashleyk eta PIF funtsak akordioa itxi zuten, baina Premier Leaguek ez zuen onartu. «Ligak 2020an mila traba jarri zituen. Orain, aldiz, berehala itxi da akordioa. Niri iruditzen zait 2020ko maiatzean dena lotuta utzi zutela. Baina Saudi Arabia auzitan zegoen BeinSports plataformarekin, haien seinalea Ekialde Hurbilean modu ilegalean banatzen zelako», azaldu du Romeok. Hori ez ezik, Premier Leaguek akordioa onartu zezan, Saudi Arabiako Koroak klubaren erabakietan zuzenean esku hartuko ez duela ere bermatu da.

Baina zaila izango da esku hartze hori ekiditea. «Zuzendaritza berriaren organigrama aztertzen bada, ikusten da Ekialde Hurbileko izen asko daudela. Erabat menperatuko dute kluba. Kanpokoa den jabetzari tokiko itxura eman nahi izan diote Amanda Staveley PCP funtseko buru britainiarraren parte hartzearekin».

Etorkizuneko kezkak

Eta zergatik aukeratu dute Newcastle? «Klub erakargarria delako. Masa sozial handia eta oso fidela dauka, baita zelai handi bat ere. Kontua da egun ez jaisteko borrokan ari den talde bat dela». Eta zertarako nahi du Saudi Arabiak horrelako klub bat? «Ez dut uste atzerrian herrialdeak duen irudiazuritzeko denik, herrialdean bertan dutena hobetzeko baizik. Saudi Arabiaren egoeraz orain bezainbeste eta hain modu sakonean ez da sekula hitz egin».

The Athletic agerkari digitalak jabe berriaren harira egindako inkestaren arabera, botoa eman duten %83 kezkatuta daude Saudi Arabian urratzen diren giza eskubideekin. «Ashleyren agurrak sortutako bozkarioa amaitu eta klubaren errealitatea benetan nolakoa den ikusten dugunean jakingo dugu zaleek jabe berriekiko zer jarrera duten alde horretatik». Romeori bi galdera nagusi sortu zaizkio: «Batetik, futbolariak noizbait hasiko al dira horrelako klubei uko egiten? Eta, bestetik, PIF funtsa emaitzak ez lortzeaz nekatzen bada, zer egingo du klubarekin? Oso zaila egingo zaie Manchester Cityren, Manchester Uniteden, Chelsearen edo Liverpoolen pare jartzea. Pazientzia galtzen badute erabaki drastikoak hartzen hasiko dira?». Beldurra sortu dute, behintzat, merkatuan egin dezaketenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.