Denetik eta denentzat

Zortzi etapak osatuko dute emakumeen Tourra, 2009az geroztik egingo den lehena. Gizonen ibilbideak osagai asko izango ditu

Denetik eta denentzat.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Igoera mitikoak, haizea, bukaera bortitzak, harbideak, erlojupekoak... Denetarik izango du 2022ko Frantziako Tourrak. Eta denentzat, emakumezkoek ere lehiatzeko aukera izango baitute, hamahiru urte geroago. 2009an jokatu zen azken ekitaldia, Grande Boucle izenpean. Orduan ez bezala, ASOk antolatuko du datorren urtetik aurrera. Zortzi etapa jokatu dira osotara, uztailaren 24tik 31ra bitarte. Haien lasterketa hasten den egun berean finituko da gizonezkoena, Parisen. 24 egun lehenago emango ditu tropelak lehen pedal kolpeak, uztailaren 1ean, Kopenhagen. Danimarkan lehiatuko dira lehen hiru etapak, eta, geroago, Belgikatik eta Suitzatik ere igaroko dira txirrindulariak; Euskal Herriko zaleek, ordea, 2023ra arte itxaron beharko dute munduko lasterketarik entzutetsuena etxeko errepideetan ikusteko. Bilbotik irtengo da probaren 120. aldia.

Atzo eman zituzten datorren urteko ibilbidearen xehetasunak, Christian Prudhomme eta Marion Rousse Tourreko zuzendarien azalpenekin. Gizonen proba nahiko orekatua izango da: sei etapa lau jokatuko dira, zazpi gorabeheratsu, eta sei menditsu. Erlojuaren kontra, berriz, 53 kilometro osatuko dituzte; lehen hamahiruak, Tourra abiatuko duen etapan, Kopenhagen zehar. Haizearekin kontu handiz ibili beharko dute biharamunean, azken hogei kilometroetatik hemezortzi Itsaso Baltikoaren gainean eraikita dauden zubietan egingo baitituzte. Laugarren etapan ere haize babesak sor litezke, Dunkerque eta Calais artean. Lekualdaketa egiteko etenaren ondoren jokatuko da etapa hori.

Lasterketako etapa nagusietako bat iritsiko da hurrena, Lilletik Arenbergera bidean topatuko dituzten harbidezko 11 zatirekin. Horietatik bost ez dituzte sekula igaro ez Tourrean, ez Paris-Roubaixen. Guztira 19,4 kilometro egingo dituzte harbideetan. Bizirik irauteko proba izango da faborito nagusientzat. Akaso, kolpea ematen ere ausartu liteke norbait, Vincenzo Nibalik 2014an egin zuen bezala. Duela lau urte jokatu zen azkenekoz gisa horretako etapa bat, eta John Degenkolbek irabazi zuen.

Guztira bost etapa amaituko dira mendate batean. Hasteko, zazpigarrena La Planche des Belles Fillesen bukatuko da. Goraino igoko dute, 2019an Dylan Teunsek irabazi zuenean bezala. Zaleek, dena den, 2020ko igoeran Tadej Pogacarrek egindako balentria gomutan izango dute bereziki. Behin Alpeetara iritsita, Granonen bukatuko da 11. etapa. 36 urteren ostean igoko dute mendate hori, Bernard Hinaulten eta Greg Lemondek han izan zuten buruz burukoa gogoan. Etapa gogorra izango da, aurrez Telegraph eta Galibier igoko baitituzte; ez, ordea, luzea, 149 kilometro baititu. Antzekoa izango da12. etapa: Galibier, Croix du Fer eta Alpe d'Huez kateatuko dituzte 166 kilometroko ibilbidean. Lau urteko etenaren ondoren igoko dute Alpe d'Huez; 31. aldiz izango da helmuga.

Pirinioetako etapa handiak 17.a eta 18.a izango dira. Bata Peyragudesen bukatuko da, aurrez Aspin, Ancizan eta Val Louron gainditu ondotik; besteak Hautacamen izango du helmuga, Aubisque eta Spandellesekin kateatuta. 130 eta 143 kilometro izango dituzte, hurrenez hurren. Laburrak izango dira, hortaz, goi mendiko etapa guztiak. Eskerrak gogortasun handia duten. Igoerek lasterketa erabat erabakiko ez balute, azken epaia erlojupeko luzeak emango luke. 40 kilometro izango ditu; ordekan egingo dituzte gehienak, baina bi koska labur igo beharko dituzte amaieran. Nahikoa, ordura arte pilatutako neke guztia azaleratu dadin.

Etapa hautsi eta bihurriei ere egingo zaie tartea, Julian Alaphilippek, Mathieu van der Poelek, Wout van Aertek distira egin dezaten. «Txirrindularitzako Federer, Nadal eta Djokovic» direla esan zuen atzo Prudhommek. Irabazteko faboritoa, dena den, azken bi urteetako garailea izango da: Pogacar.

Zirrara, azkeneraino

Gizonezkoek Parisen bukatuko dituzte lanak, eta emakumezkoek han bertan ekingo diote lehiari, 82 kilometroko etapa batekin. Hamabi bira emango dizkiote Eliseoko Zelaietako zirkuituari. Bigarren etapa aldapa labur batean erabakiko da, eta hirugarrenak bukaera bihurriagoa izango du. Laugarrenean, berriz, lau lur bide eta hainbat muino izango dituzte; Strade Bianche klasikoaren itxurako etapa izango da. Hurrengo bi etapetan esprinterrak agertuko dira. Azkeneko bietan, berriz, igotzaileak: Petit Ballon, Piatzerwasel eta Grand Ballon kateatuko dituzte zazpigarrenean, eta Ballon d'Alsace eta La Planche des Belles Filles zortzigarrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.