Albistea entzun

Hasi baino lehen, atzetik

Epaitegietan luze eta zabal borrokatu ostean, Espainiako Ohorezko Mailan segituko du Gernikak. Taldea osatzen jarraitzen dutela dio Eduardo Maidagan entrenatzaileak.
Ampo Ordiziak eta Gernikak aurreko denboraldian Altamiran jokatutako derbia.
Ampo Ordiziak eta Gernikak aurreko denboraldian Altamiran jokatutako derbia. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2022ko irailak 29

Aste zailak datozkigu». Eduardo Maidagan Gernika errugbi taldeko entrenatzailearen hitzak dira. Joan den denboraldian maila galdu arren, Alcobendas taldearen auzia dela medio, Espainiako Ohorezko Mailan ariko da Bizkaiko taldea bigarren urtez jarraian. Asteburuan hasiko da hamahiru taldek osatzen duten liga —Ampo Ordizia barne—, eta Gernikak atseden hartuko du lehen jardunaldian. «Gorengo mailan jarraituko genuela jakin genuenetik, ero moduan gabiltza. Aste zailak eta eroak izaten ari dira. Lehiaketa hasteko gogotsu gaude. Ea orduan gainetik kentzeko gai garen dugun urduritasun eta neke guztia», azaldu du basurdeen prestatzaileak.

Alcobendas taldeak Gavin van den Berg jokalariaren pasaportearekin iruzur egin zuela jakin zenetik, Gernikak epaitegietan borrokatu behar izan du mailari eusteko. «Maiatzean jarri genuen lehen helegitea ez ziguten onartu. Ondoren, arrazoia eman ziguten. Kostata, baina eman ziguten. Oso etsigarria izan da. Zurrumurrua bazebilen arren, modu ofizialean larunbatean jakin genuen Ohorezko Mailan jarraituko genuela. Hala, kalte handia eragin digute, oso denbora gutxi izan baitugu denboraldi berria eta taldea prestatzeko», kexatu da Iñaki Uribe Gernika errugbi taldeko presidentea. Hasterako, atzetik izango dira basurdeak.

Espainiako Ohorezko B Mailan jokatuko zuen taldea prestatzen ari zen Maidagan: «Ahal izan dugun moduan osatu dugu taldea. Postu batzuk indartzeko beharra dugu oraindik». Lehen lerroan dute gabeziarik handiena, Uribek aitortu duenez: «Talde astunagoa behar dugu. Ohorezko Mailaren eta Ohorezko B Mailaren arteko alderik handiena aurrelarietan dago. Goi mailako taldeetako aurrelariak munstroak izan ohi dira, eta guk, oraingoz, halakorik ez dugu taldean». Merkatua urtarrilean itxiko bada ere, ez da erraza goi mailako jokalariak erakartzea. «Bizpahiru» fitxaketa nahi lituzke Maidaganek, baina Uribek aitortu du «zailtasun handiak» izango dituztela: «Aurrekontua ia amaituta dago».

Horren arrazoia, hein batean, Gernikak jaitsierarekin babesleak galdu izana da. «Diru kopuru handi bat joan zaigu babesle horiekin. Babesle berri bat edo beste erakartzea lortu dugu, baina gehiago erakartzea ez da erraza, ezin baitiegu asko eskaini. Esaterako, jada ezingo lukete euren negozioa taldearen elastikoan iragarri», azaldu du Gernikako presidenteak.

Behintzat, eta ez da gutxi, etxeko jokalari ia guztiek jarraitzea lortu dute, eta atzealdea «ondo» indartu dutela iritzi dio Maidaganek. Hori horrela, jokatzeko modua «zerbait» aldatuko dutela aurreratu du: «Atzeko lerro dinamikoagoa dugu orain; mugikorragoa. Aurrealdea indartzen badugu talde orekatua izango dugula uste dut». Oraingoz, zazpi jokalari fitxatu dituzte.

Belenos talde igo berriaren zelaian jokatuko du Gernikak denboraldiko lehen partida. «Zorionez, astebete gehiago lan egiteko aukera izango dugu. Dena den, aurkari zuzen baten aurka denboraldia hastea ez da aproposena, oraindik ere larri samar baikabiltza. Jokalarien fitxaketak direla eta ez direla, aste zailak izango dira, baina hori da daukaguna. Ea erronkari ahalik eta lasterren neurria hartzen diogun», ohartarazi du Maidaganek.

Urbietaren beharra

Hamahiru taldeko liga izanik, azkeneko bi sailkatuek maila galduko dute, eta azken-aurreko sailkatuak bigarren mailako txapeldunordearen aurka jokatu beharko du mailari eusteko. Hiru neurketa baino ez zituen irabazi Bizkaiko taldeak aurreko denboraldi osoan, eta bakarra izan zen etxean. Ezustean, El Salvador ligako fase erregularreko lehen sailkatua menderatu zuten. Gauzak hala, hori aldatzea ezinbestekoa izango da. «Partida pare bat kenduta, gainontzeko guztietan ondo borrokatu ginen. Bospasei neurketa oso puntu gutxiko aldeaz galdu genituen. Pentsa, Ordiziaren aurka, etxean, azken minutuan galdu genuen. Etxean guri irabaztea zaila izango da; kostako zaie; lanak emango dizkiegu». Bizkaitarrek hainbat partida puntu gutxiren aldeaz galdu bazituzten ere, horren arrazoia zein den argi du Maidaganek. «Gakoa aulkia izan zen. Zelaian duzuna bezain garrantzitsua da aulkian duzuna, eta guk jokalari gutxi izan genituen. Aurten saiatu gara talde luzeagoa izaten».

Horrekin batera, Maidaganek uste du aurkari zuzenen aurka ezin dituztela «hainbeste» puntu galdu. «La Vilak, Belenos eta Pozuelo igo berriek eta guk maila antzekoa dugu, eta Les Abellesekin borrokatzeko gai ere izango garela iruditzen zait».

Gernikaren aurreko denboraldirako jarduna aztertzeko orduan, baina, kontuan hartu behar da ligako formatua berezia izan zela: ez ziren bi itzuli osorik jokatu. Alegia, adibidez, Gernikak La Vila azkenaurreko sailkatuaren etxean soilik jokatu zuen, eta ez Urbietan. Alde horretatik, liga aldaketekin datorrela azaldu du klubeko presidenteak. «Lehengo itzuliaren ostean liga bitan banatuagatik ere, bi itzuli oso jokatuko dira. Beraz, gure kalkuluen arabera, bigarren itzulian etxean jokatuko ditugu aurkari zuzenen aurkako partida gehienak. Ea orain puntuak lortzen ditugun. Dena beharko dugu mailari eusteko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.