Itzal handikoei itzal egitera

Kopako kanporaketan bi talde historiko hartuko dituzte Beasainek eta Donibanek: Sporting eta Numantzia. Ilusioa eta zaleen babesa baliatu nahi dituzte aurrera egiteko.

Beasainek eta Donibanek Loinatzen jokatutako Ligako partida. Denboraldi honetako lehenengoa izan zen. MAIDER INSAUSTI / GOIERRIKO HITZA.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Futbolaren mundua Qatarrera begira jarri aurretik, Espainiako Kopako lehen saioa jokatuko da gaur-biharretan. Euskal Herriko hamahiru talde lehiatuko dira guztira, eta, normala den bezala, apalenek izango dute grinarik handiena. Horien artean daude Beasain eta Donibane. Espainiako Futbol Federazioko Bigarren Mailan ari dira biak, eta sona handiko aurkariak izango dituzte asteburu honetan: gipuzkoarrek Sporting izango dute bisitan gaur, eta nafarrek Numantziaren aurka neurtuko dituzte bihar indarrak. Garai gozoak ari dira bizitzen bi klubak, azken urteetako igoerak tarteko, eta, orain, handia egin nahi dute bi handiren kontra.

Kopa jokatze hutsa sekulako lorpena da Beasainentzat eta Donibanerentzat, eta kontrarioen izenak are bereziago egiten du. Hala diote bi taldeetako kapitainek, Julen Etxeberriak (Beasain, Gipuzkoa, 1997) eta Ander Irigibelek (Iruñea, Nafarroa, 1990). «Ilusioz gainezka» dago Etxeberria. «Txikitatik amesten dituzun partida horietako bat da. Taldeko gehienok ez dugu sekula halakorik jokatu. Gu ez gara honetaz bizi, eta sari handia da». Egun, Bigarren Mailan dihardu Sportingek. 50. sasoia du Espainiako futboleko bigarren koskan. Elitean, berriz, 49 denboraldi osatu ditu. Arrain handi bat da.

Numantziak ere ez du historia makala: lau bider jokatu du gorenean, 21 aldiz maila bat beherago, eta hirutan iritsi da Kopako final- laurdenetara. Horregatik, orain Federazioko Lehen Mailan ari den arren, «prestigio handiko aurkaria» iruditzen zaio Irigibeli. «Numantziaren kontra aritzeak ukitu berezia ematen dio partidari, eta ilusio handiagoa eragiten digu». Alta, motibazioa beste edozein kontrariorekin sentituko luketen «berbera» dela azaldu du. «Kopa, Kopa da, eta badakigu irabaziz gero ziurrenik Lehen Mailako talde baten aurka ariko garela».

Erronkaren zailtasunaz jakitun egonagatik, baikorra da Irigibel. Uste du kanporaketa gainditzeko aukera izango dutela, buruan duten plana gauzatzeko gai badira. «Deseroso sentiarazi behar ditugu, harmailen laguntzarekin. Haiek sufritu egin behar dute zelaian. Eta, noski, zorte apur bat ere beharko dugu». Etxeberriak ere zaleen garrantzia aipatu du. Ohi baino babestuago egongo da Beasain, harmaila gehigarri bat ipini baitute Loinaz futbol zelaian. Hartara, gutxi-asko 1.200 zale bertaratu ahalko dira. «Denen beharra izango dugu partida irabazteko», dio gipuzkoarren kapitainak. Balentria egiteko itxaropena dauka. «Guk baino maila hobea dute, hori garbi dago. Baina partida bakarra da, eta edozer gauza gerta daiteke».

Errebantxa gogoz

Esperimentuak beste baterako utziko ditu Beasainek, Etxeberriaren hitzetan. «Dakigun bezala jokatuko dugu, ezer ezberdina egin gabe. Gure mailako talde bat izango balitz bezala ikusi behar dugu Sporting. Hezur-haragizko pertsonak dira, eta huts egin dezakete». Neurketa «Ligakoa izango balitz bezala» prestatu du Beasainek. Baita Donibanek ere: «Ez dugu ezer berezirik egin. Aste arrunt bat izan da».

Aparretan dabiltza bi taldeak. Beasain Hirugarren Mailatik igo zen iragan denboraldian, Bigarren B Mailatik jaitsi eta hogei urtera. Donibanek, berriz, duela bi urte lortu zuen igotzea, bere historian aurrenekoz. Nafarrek hirugarren parte hartzea izango dute jarraian Kopan. Aurreko bietan kale egin zuten, Granadaren eta San Sebastian de los Reyesen kontra. Hori bai, ondorio baikorrak atera zituzten, Irigibelek dioenez. «Lehiakorrak izan ginen, kalean gelditu arren. Lor dezakegula ikusi genuen». Aurrelariak ere zorra kitatu nahi du Kopan: ehun goletik gora sartu ditu Hirugarren Mailan, eta dozena bat badarama Federazioko Bigarren Mailan, baina kanporaketen txapelketan oraindik ez du alerik sareratu. «Noizbait iritsi beharko du. Baina, tira, irabazten dugun bitartean, berdin zait golak nork sartzen dituen».

Osasunako mito Patxi Irigibelen iloba da Ander. «Granadaren aurka gozatzeko esan zidan, eta pentsatzen dut oraingoan ere antzeko zerbait esango didala». Eredu izan al du futbolari gisa? «Ez, ni oso txikia bainintzen bera futbolean zebilenean. Antza, oso ezberdinak gara zelaian».

Beasainek ere arantza atera nahi du: 2017an Hirugarren Mailatik igotzeko azken kanporaketa Sporting B-ren aurka galdu zuen. «Ni han izan nintzen, eta errebantxa gose handia daukat», esan du Etxeberriak. Oso bestelako gomutak dakarzkio Kopak Beasaini. Zaleek ondo oroitzen dute 1995ean etxean Benito Flororen Albaceteri irabazi ziotenekoa, eta, batez ere, 2001ean Reala kanporatu zutenekoa. Anbizioz mintzo da Etxeberria. «Kopa txapelketa berezia da gure herriarentzat, eta aurrekari horiek berdindu edo gainditzeko ilusioa dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.