Beste koska bat gainditu du

Gurutze Frades hirugarren sailkatu da distantzia luzeko triatloiko Munduko Txapelketan, Eivissan. Iurretarrak Hawaiiko ironmana du hurrengo helburua.

Gurutze Frades, helmugara iristen, Eivissan, distantzia luzeko triatloiko Munduko Txapelketan. ESPAINIAKO TRIATLOI FEDERAZIOA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Oso sentipen ona da. Halako emaitza bat eskuratzeak dena biribiltzen du, eta poz handia ematen du». Gurutze Fradesen (Iurreta, Bizkaia, 1981) hitzak dira, distantzia luzeko triatloiko Munduko Txapelketan hirugarren izan eta gero, eta ez da harritzekoa. Urte erdiko lanaren ondoren, bere ibilbideko posturik onena eskuratu du proba horretan, beste koska bat igota. Aurrez, laugarren sailkatu zen 2015ean.

Eivissan (Herrialde Katalanak) jokatu zen aurtengo txapelketa, eta han bildu ziren munduko triatletarik onentsuenak, lan mardulak osatzeko asmoz: 3.000 metro igerian, 116 kilometro bizikletan, eta 30 kilometro lasterka. Fradesez gain, Helene Alberdi izan zen puntako beste euskal ordezkaria —seigarren izan zen, eta, hain justu ere, bilbotarrak lortu zuen igeriketako zatian denborarik onena egitea. Alberdiren atzetik lehorreratu ziren Marjolaine Pierre —hark irabazi zuen proba— eta Camila Pedersen. Anna Noguerasen eta Ai Uedaren gisako puntako kirolarien ondotik ailegatu zen, berriz, Frades, taldetxo baten barruan.

Izan ere, iurretarrak ohikoa du atzetik aurrerakoa egitea, eta oraingo aldia ere ez da salbuespena izan: «Uste dut, orokorrean, lasterketa osoa egin nuela. Egia da nik amaieran errematatu ohi dudala, baina garrantzitsua da uretan norekin eta zenbateko aldearekin ateratzen zaren. Oraingoan, inoiz baino hobeto egin nuen igeri: hautagaiekin atera nintzen uretatik, eta hori motibagarria izan zen».

Horrek modua eman zion txirrindularitzako zatian «mugimendu gutxiago» izateko, baina, aitortu du lasterketa uste baino gogorragoa izan zela: «Haizea atera zuen, eta konplikatua izan zen. Agian, ez nuen nahi beste aurrera egin, baina lasterketa irabazteko lehian egon nintzen. Gero, korrika, hasieratik ezarri nuen erritmo bizia, eta orduan lortu nuen aurrera egitea. Errendimendu ona izan nuen hiru kiroletan».

Gisa horretara, Munduko Txapelketan hirugarren postua lortu zuen bizkaitarrak. Ibilbide luzea du, lehen ere garaipen sonatuak erdietsi ditu, eta bide horretan, «garaipen zerrendari gehitzekoa» da Eivissako domina. Frades «pozik» dago Munduko Txapelketa guztietan erakutsitako mailarekin, baina balio erantsia eman dio 2015ean laugarren geratu ondotik domina eskuratu izanari.

Fradesek sei ordu eta sei minutuko denbora egin zuen distantzia luzeko proban, eta lasterketan jabetu zen postu ona lor zezakeela: «Korrika hasi arte, ez duzu erreferentzia zehatzik izaten aurkaria zenbatera dagoen jakiteko. Lehen itzulian aurre samarrean jarri nintzen, eta podiumerako aukera nuela jabetu».

Nolanahi ere, gozamenerako tarte txikia izan zuen Iurretakoak. Lasterkako zatiari erritmo bizian ekin izana «ordaindu» zuen azken itzulian, eta «sufritu» egin zuen, nahiz eta «indartsu» aritu: «Ondo amaitzea hartu nuen helburutzat; bareak heldu arren, erritmoari eusten saiatu nintzen, atzekoa minutu pasatxora zegoelako. Ez zen lan erraza izan, ez baitzen tarterik egon erlaxatzeko». Ailegaeran bai, helmugako inguruan ikusitako ezagun saldoak eta hirugarren postua lortzeak «hunkitu» egin zuten Frades.

Sierra Nevadako «etxea»

Fradesek bete du aurtengo sasoirako zuen lehen helburua. Munduko Txapelketa izan da lehen erdiko helburu nagusia, eta prestaketa mardula osatu du horretarako. Hogei asteko prestaketa aldi baten ostean, Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia) igaro ditu probaren aurreko lau asteak. Ondo kutuna du leku hura. Proba garrantzitsuenak han prestatzen ditu, eta bizpahiru egonaldi egiten ditu urtero.

Aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Izan ere, Granadako paraje haietan gustura sentitzen da Frades: «Fisiologikoki eta entrenamenduei dagokienez, funtzionatzen duen sistema bat da. Eta, horrez gain, 24 aldiz egon naiz han, eta nire inguruaren parte da. Hango lekuak, azpiegiturak, langileak... Etxea bezala da niretzat. Eroso egoten naiz han, nire onena ateratzen dut».

Behin sasoiko lehen helburu nagusia lortuta, denboraldiko bigarren helburu nagusia prestatzen hasiko da orain: Konako (Hawaii, AEB) ironman proba entzutetsua. Datorren urriaren 14an izango da hori, eta hara ondo ailegatzeko beste prestaketa aldi trinko bat osatuko du.

Aurrez, ordea, ironman distantziako lasterketa bat osatuta biribildu nahi du sasoiaren lehen fasea, eta Gasteizkoa egitea du aukeretako bat: «Kona da helburu nagusia, zalantzarik gabe. Pentsatzen ari gara zer beste ironman egin. Gasteiz hor dago, baina oraindik asko falta da [uztailaren 16an da], eta ez nuke lehen zatia askorik luzatu nahi, Hawaiikoa prestatzen hasteko. Aste honetan erabakiko dut».

Distantzia luzeko txapelketarekin alderatuta, luzeagoa da ironman proba: 3.800 metro igerian, 180 kilometro bizikletan, eta 42 korrika. Fradesek prestaketa lan mardulak ditu aurretik, baina Eivissako lorpena pizgarri da harentzat: «Jakina. Iaz bikain amaitu nuen, ironman bat [Cozumelekoa] irabazita, eta espektatiba handiekin hasten zara. Aurten ere horrela hasi izana lagungarri izango da. Hor nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.