Zinemaldiaren erradiografia, genero identifikazioa ardatz

Zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika kontuan hartuta, parte hartzaileen %70 genero maskulinoarekin identifikatzen dira; %30, berriz, femeninoarekin

Nagore Arin.
Donostia
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren 67. aldia izan zen iazkoa, eta, jaialdiarenhistorian lehen aldiz, generoaren aldagaia kontuan hartuta txosten bat osatu dute antolatzaileek. Hautatutako filmen artean ez ezik, inskribatu ziren lan guztien artean ere jarri dute arreta: 3.013 filmen datuak jaso dituzte. Zifra horien arabera, parte hartu zuten profesionalen %70 genero maskulinoarekin identifikatzen dira, eta beste %30, berriz, genero femeninoarekin. Atzo aurkeztu zituzten datu horiek, Donostiako Tabakalera zentroan. Prentsaurrekoan izan ziren Jose Luis Rebordinos zuzendaria eta Eneko Goia Donostiako alkate eta Zinemaldiko Administrazio Kontseiluko presidentea.

Sei arlo aztertu dituzte txostena osatzeko garaian: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika. Bildutako datuak antzekoak dira inskribatu ziren filmen artean, Hautapen Batzordeak ikusi zituen filmen artean eta programazio ofizialean hautatu zirenen artean. Ehuneko horiek islatzen dute generoaren arabera bereizitako partaidetza; hala ere, azaldu dute badaudela aldeak arlo batetik bestera. Produkzioan, esaterako, genero femeninoaren presentzia %36koa da ikusitakoen artean, eta% 31koa, berriz, hautatutako filmen artean. Bestalde, genero femeninokoen presentzia hori txikiagoa da argazkigintzaren eta musikagintzaren arloa ardatz hartuta: «Argazkiaren kasuan, %17 ikusitakoen artean eta % 21 hautatutakoen artean; musikan, %12, bai ikusitakoen artean, bai hautatutakoen artean ere».

Datuak sailaren arabera aletuta ere aldatu egiten dira ehunekoak. Zinemagileen lehen eta bigarren lan guztiak biltzen dituen Zuzendari Berriak sailean, emakumezko zuzendarien, gidoilarien eta muntatzaileen pelikula gehiago programatu ziren gizonezkoenak baino. Gauza berbera gertatzen da munduko zinema eskoletako ikasleen film laburrak jasotzen dituen Nest sailean eta Ikusmira Berriak sailean.

Datuak abiapuntu, gogoeta egiteko aukera izan da txostena. Rebordinosen arabera, zaila ez da emakume zinemagileak zinema industriara sartzea, hor gelditzea baizik: «Zinema ikasleen artean, ibilbide profesionalaren lehen pauso horietan, gizonezko baino emakume gehiago daude, eta hori oso datu garrantzitsua da... Baina zergatik desagertzen dira gero?». Hori aztertzeko eta arazo horiei konponbidea bilatzeko datuak biltzea onuragarria dela adierazi du zuzendariak, eta munduko beste herrialdeetako jaialdiei ere gonbidapena egin die egitasmo berbera egiteko: «Datu hauek errepikatzen badira, hortxe jarri beharko da arreta». Goiak ere esan du baliagarria dela «non gauden eta nola gauden» jakiteko.

Polanski eta Cesar sariak

Genero identifikazioari buruzko txostenaren harira, Roman Polanski zinemagileari buruz galdetu zioten Rebordinosi; izan ere, azken egunotan zalaparta sorrarazi du Polanskiren azkeneko filma Frantziako Cesar sarietarako nominatu izanak emakume zenbaiti sexu erasoak egin izana leporatzen diote, eta zigortua ere izan da. Polanskiren nominazio hori dela eta, «dimisio kolektiboa» eman zuten ostegunean Frantziako Zinema Akademiako kideek, eta azken asteotan salatu duten «parekidetasun faltari» ere egin zioten erreferentzia. Hala mintzatu zen Rebordinos: «Obra artistikoa eta pertsona bereizi egin behar direla uste dut. Orain arteko historiaren errebisionismo bat egingo bagenu, artearen eta jakintzaren historiaren ederlan bat izorratuko genuke pertsonaia nazkagarriren batekin topatzen garen bakoitzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.