Batak besteari asko eman dio

Azken bi sasoietan Bera Berako atea zaintzen aritu dira Renata Arruda eta Merche Castellanos. Igande honetan, ordea, aurrez aurre ariko dira: «Berezia izango da».

Renata Arruda Bera Berako atezaina eta Merche Castellanos Malagako atezaina. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bi denboraldi aski izan ziren Renata Arrudarentzat (Recife, Brasil, 1998) eta Merche Castellanosentzat (Ciudad Real, Espainia, 1988) elkar ongi ezagutzeko. Gaztetasunez eta heldutasunez josi zuten Super Amara Bera Beraren atea azken bi sasoietan, baita giltzarrapoarekin ongi lotu ere. Aurtengo denboraldian, ordea, Arruda eta Castellanos ez dira ate bera zaintzen ari. Brasildarra Bera Beran ari da hirugarren urtez; espainiarra, berriz, Rincon Fertilidad Malagan. Hain zuzen, Castellanos Donostiara itzuliko da, talde kutunaren aurka jokatuko baitu igandean, Gasca pabiloian (12:10, ETB1).

Neurketa «berezia» izango dela ez du ukatu Malagako atezainak. «Bera Beran egon nintzen hiru urte haietako oroitzapen politak ditut, eta beti da berezia zure taldekide ohiak berriz ikustea». Arrudari aipamen zehatza egin dio. «Dohain ikusgarriak ditu». Eskarmentuaren talaia horretatik, gainera, etorkizun oparoa izango duela zalantzarik ez dauka: «Baina ez etorkizunean bakarrik; orainean ere erakusten ari da kalitate handiko atezaina dela».

Arrudak 19 urte besterik ez zituela, kontinentez aldatu zen, eta etapa berri bati hasiera eman zion. Inolaz ere ez da damutzen hartutako erabakiaz. «Garbi nuen Bera Beran jokatu nahi nuela. Atzerritarra izan arren, etxekotu egin naute, eta, modu berean, konfiantza handia ematen didate; familia baten modukoa da». Kirol arloari dagokionez, berriz, garbi esan du atezain gisa hazteko irakasle ona izan zuela: Castellanos. «Zorionekoa» sentitzen da harekin bi urtez atezain postua partekatu zuelako. «Asko eskertzen diot erakutsi didan guztiarengatik. Asko miresten dut». Alabaina, entzuteko bakarrik ez zegoen brasildarra, baita ekarpena egiteko ere, modu batean zein bestean. Adierazi duenez, ahal zuen moduan, jaurtiketetan eta jokaldi taktikoetan laguntzen zion Castellanosi. Hark, berriz, beste arlo are garrantzitsuagoa hobetzeko aukera izan zuela nabarmendu du: lehiakortasuna. «Batak besteari izaera lehiakorra itsatsi zion, egunez egun hobeagoak izateko, eta, era berean, Bera Beraren atea babestuagoa edukitzeko».

Goi mailako atezainak jakitun daude partida osoa, erdia edota minutu bakarra joka dezaketela. «Egoera horretaz kontziente ginen Castellanos eta biok. Baina hori talde guztietan gertatzen da».

Biek ala biek badute antzekotasunik. Arrudak honela deskribatu ditu bere burua eta Castellanos: «Atezain esplosiboak gara, eta garrantzi handia ematen diogu aurkarien dohainak aztertzeari; azken batean, gure betebeharretako bat jaurtiketak gelditzea baita». Hain zuzen, brasildarrak bilakaera handia izan du jokalari gisa, Imanol Alvarezen taldean giltzarria izateraino. «Taldean gustura bazaude, eramangarriagoa da dena». Bada, azken urteetan egindako ahaleginak saria eman dio Bera Berako atezainari; Brasilgo selekzio absolutuko entrenatzaile Jorge Dueñasek Arruda deitu du. «Jokatzea besterik ez dut buruan».

Gaztea denez, atezain profesional gisa bide luzea du egiteke oraindik, eta horretaz jakitun dago Arruda. «Nik nire erronka propioak ditut, ahaztu gabe hankak lurrean izan behar ditudala. Ematen dizkidaten minutu guztiak ongi baliatu nahi ditut; datorrena datorrela, ongi etorria izango da».

Lidergoa jokoan

Momentuz, Arrudak eta haren taldekideek hasiera ezin hobea eman diote aurtengo denboraldiari. Ligan jokatutako hiru partidetatik, guztiak aise irabazi dituzte. Taldea ondo ikusten du Bera Berako atezainak. «Gure helburua da ahalik eta txapelketa gehien irabaztea; Espainiako Kopa kenduta, ligan bide onetik goaz». Donostiarrak multzoaren buru-buruan daude, baina ez dira bakarrak; puntu kopuru berarekin dago berdinduta Castellanosen Malaga.

Berdinketa hori hausteko igandeko neurketa erabakigarria izango dela uste dute biek. Andaluziarrak Espainiako Kopa irabazi berritan direla, Arruda zuhurtziaz mintzatu da arerioaren inguruan. «Hortzak zorroztuta etorriko dira Donostiara, pi punturekin itzuli nahiko baitute etxera, kosta ahala kosta». Gauzak horrela, jokaldi guztietan arreta ez galtzea «ezinbestekoa» izango dela nabarmendu du.

Castellanosek, berriz, neurketa «estua» eta «gogorra» izango dela aurreikusi du. Espainiarrak ondo asko daki Bera Beraren zein arma zaindu beharko duten. «Kontraerasoak gelditu beharko ditugu, oso arriskutsuak eta eraginkorrak baitira». Horrez gain, erasoan hutsegite ugari ez egitea funtsezkotzat hartu du Malagako atezainak.

Eskubaloia kontaktu handiko kirola izanda, kontziente dira kutsatzeko arriskuaz. Momentuz, Bera Beraren multzoan ez da kasurik egon, Asobal ligan gertatu ez bezala; 30 partida atzeratu baitira. Halere, eskubaloiak duen ikusgarritasun faltagatik, segurtasuna bermatzeko baliabide falta dutela salatu dute biek. Arrudaren iritziz, PCR testak egin beharko zizkieten norgehiagoka bakoitza jokatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.