Harribitxi bat pibotean

Hiru euskal jokalari ariko dira gaurtik Danimarkan, Europako Eskubaloi Txapelketan: Nerea Pena, Ainhoa Hernandez eta Lysa Tchaptchet. Azkenak debuta du lehia handi batean; Kamerunen jaio eta Atarrabian hamahiru urtez bizi ostean, Elxen ari da orain.

Harribitxi bat pibotean.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Jaunde, Atarrabia (Nafarroa) eta Elx (Herrialde Katalanak). Hiru geltoki horiek esanahi handikoak dira Lysa Tchaptcheten bizitzan eta kirol ibilbidean. Kamerungo hiriburuan jaio zen duela hemeretzi urte; 5 urterekin, aitaren lana zela-eta, Euskal Herrira etorri zen Tchapchet Djuissie sendi osoa, eta Atarrabian bizi izan da hamahiru urtez, baita 11 urtez Beti-Onak taldean jokatu ere; Herrialde Katalanetako hirian dabil duela ia urte eta erdi, hango taldean, ametsa gauzatuz: Espainiako Ohorezko Mailan jokatzea.

Jauzia eman du Elxen, eta, horri esker, selekzioen arteko aurreneko txapelketa handian ariko da: gaurtik hilaren 20ra Danimarkan jokatuko den Europako Txapelketan. Espainiako selekzioarekin ariko da, beste bi euskal jokalarirekin batera: Nerea Pena eskuin alboko iruindarra eta Ainhoa Hernandez pibote barakaldarra.

«Oso pozik nago. Erabat ezustekoa izan da. Bigarren selekzioarekin aritua nintzen, baina inoiz ez nagusiarekin. Ez nuen inondik inora espero, eta, horregatik, are eta ilusio handiagoa egin dit», aitortu du piboteak. «Zorionekoa» dela dio. «Koronabirusagatik garai zaila bizi dugu, baina niri gauza on asko ari zaizkit pasatzen: lehenbizi, Elxekin fitxatu eta Ohorezko Mailan jokatzea; eta, orain, Europako Txapelketa batean aritzea. Egia esan, ezin naiz kexatu».

Atzera begiratuta, ez du ahaztu Euskal Herrira iritsi ziren eguna. «Aitak denbora zeraman bertan lanean. Gu, ordea, Kamerunen ginen. Lan kontuak ondo zihoazkiola ikusita, familia osoa elkartzea erabaki genuen. San Fermin egun batean iritsi ginen denok. Hori ez dut sekula ahaztuko. Hasieratik hartu gintuzten ondo, eta beti izan gara oso zoriontsu».

«Kasualitatez» eta amak «behartuta» hasi zen eskubaloian, 7 urterekin. Ziurrenik, izango zuen zerikusirik haien aitona bat eskubaloi jokalaria izana Kamerunen. Baina Tchaptcheti ez zitzaion batere gustatu hasieran. «Neskak eta mutilak elkarrekin jokatzen genuen, eta mutilak nahiko astakirtenak ziren. Ni txikia eta argala nintzen, eta edozein bultzada jaso eta berehala erortzen nintzen lurrera. Gaizki pasatu nuen. Sufrikarioa zen». Baina sufrikarioa zena gozamen bilakatu zen nesken talde bat osatu bezain pronto. «Han ezagutu nituen egun nire kuadrillakoak direnak. Sekulako giroa genuen, oso ondo pasatzen genuen, eta horrek egin zuen eskubaloia gero eta gehiago gustatzea. Horrela geratu nintzen katigatuta. Oso eskertuta egongo naiz beti Beti-Onak klubari. Nire familia da. Haiengatik ez balitz, ez nintzen hona iritsiko. Horregatik ere pena eman zidan Elxera joatea, baina aukera ederra zen».

Aitonaren eskuliburua

Beti-Onak taldean ari da ere haren ahizparik gazteena: Lyndie. 15 urte ditu, albokoa da, eta, Lysari bezala, teknikariek ere etorkizun oparoa aurreikusten diote. Elkarrekin maila nagusian jokatzea dute amets. «Sekulakoa litzateke, baina oraindik oso gaztea da. Asko du ikasteko. Baita nik ere». Badute nondik hasi, aitonak liburu bat utzi baitzien idatzia eskubaloiko makina bat jokaldi eta kontzeptu azalduz. «Duela lau urte izan genuen haren berri. Ama Kamerunera joan zen, eta bueltan ekarri zuen, opari gisa. Ilusio handia egin zigun. Ederra da. Sekulako lana dago liburu horren atzean».

Etxetik kanpo ere izan du eredurik: Shandy Barbosa albokoa, Itxakoko jokalari ohia. «Beti gustatu izan zait asko. Orain, pibotea naizenez, beste batzuek ere deitzen didate arreta». Tchaptchetek aspaldi utzi zion Beti-Onaken hasi zen neska txiki eta argala izateari. Garaia da (1,85 metro), eta indartsua oso. Garaia izanik, albokoan aritutakoa da, baina jada berea du pibote postua. «Nik beti nahi izan dut pibote izan. Asko gustatzen zait sei metrokoen marran aurkariekin borrokatzea. Batzuetan, burua hotz izatea falta zait, baina adinagatik da. Joango naiz eskarmentua hartzen».

Jaunde, Atarrabia, Elx... eta Tokio? «Ufa! Hitz potoloak dira horiek! Ametsa litzateke, baina lehenbizi, sailkatu egin behar gara, eta gero, gerokoak». «Partidaz partida» joan nahi du ere Europako Txapelketan, are gehiago osasun egoera kontuan hartuta. «Espero dugu lehiari kalterik ez egitea», dio. «Ahalik eta urrutien» ailegatu nahi dute. Abenduaren 20an jokatuko da finala, haren 19. urtebetetzean. «Aspaldi» eskatua du oparia. «Finala jokatzea, eta txapeldun izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.