Albistea entzun

Artearen lekuak. 'Puppy'

Inork ikusten al du 'Puppy'?

1997an jarri zuten Jeff Koons artistaren txakur erraldoia Bilboko Guggenheim museoko atarian, eta paisaiaren parte bihurtua da dagoeneko. Ez guztiz, ordea.
Turistak, Bilboko Guggenheim museoko atarian, Jeff Koons artistaren <em>Puppy</em> eskulturaren aurrean argazkiak ateratzen.
Turistak, Bilboko Guggenheim museoko atarian, Jeff Koons artistaren Puppy eskulturaren aurrean argazkiak ateratzen. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko uztailak 5 - Bilbo

Paradoxaren bihotzean bertan bizi da Puppy. 12,4 metroko altuera, 16 tona baino gehiagoko pisua, eta 36.000 lore inguru ditu, beti loratuta, eta ikusezina da, hala ere. 1997an jarri zuten Jeff Koons artistaren west highlander terrier itxurako zakur erraldoia Bilboko Guggenheim museoaren atarian: ikur bat beste ikur batentzat. Baina inork ikusten al du oraindik gaur egun? Mende laurden horren ostean, jadanik paisaiaren parte bilakatu baita obra bilbotarrentzat, eta, horregatik, hor jarraitzen ote duen begiratzeko beharrik gabe pasatzen dira haren ondotik. Eta, hortaz, turistak dira eskulturari erreparatzen dioten bakarrak. Zenbat denboraz, ordea?

60 urte inguruko bikotea. Bat, bi... listo. Aurrez aurreko bi segundoko begirada txakurrari, foto bat, eta badoaz museorantz. Bi emakume ilehori gero: bat, bi, hiru, eta lau, lau segundo txakurrarentzat, eta kamerarekin daude berehala. Urrats bat atzera, bi, hiru, lau, hortxe? Ez,oraindik ez, ea bizkarra okertuta... eta klik! Beste zazpi segundo gero txakurrarentzat, eta museora. Edo kasik. Beste turista bikote batek argazkia eskatu baitie keinu batekin. Eta bat, bi, hiru, lau, bost, sei, altxa eskuak, ea goragotik, bederatzi, hamar, eta... Klik.

Bederatzigarren Dokumentarako sortu zuen lehen prototipoa Koonsek. Egurrezkoa. Eta, gero, 1995ean Australiako Arte Garaikideko Museoan jarri zuen egungoaren moduko lehen bertsioa. Erraldoi, monumental, bai, baina urrun oraindik Bilbokoaren sofistikaziotik. Hamarnaka langile ikus daitezke Australiako fotoetan, eguzkitara, alai, loreak landatzen, banan-banan. Baina gertuago dago irudia eskulangintzatik, urte gutxiren buruan Bilbon jarritako eskulturaren muntaketaren irudiek erakusten duten ingeniaritza lanetik baino.

Transzendentzia gune bat

Hamalau urte inguruko ikasle talde handi bat orain. 50 inguru. Lurrera begira doaz gehienak, telefonoari adi. Gerturatuz doaz. Begiratuz gero —begiratuko balute—, loreak ikusiko lituzkete orain, eta ez txakurra. Eta, hain zuzen, forma figuratiboaren eta kolore mantxa zehaztugabeen arteko jolas hori da Puppy bizirik mantentzen duten tentsioetako bat. «Talde argazkia!», taldeko gidariaren oihua. Txakurrari bizkarrez daude denak, kamerari begira gidaria, eta... «Ostia!». Obra babesteko barran esertzen saiatu da gazteetako bat, eta ia erori. Lagunek eutsi diote. Klik.

Eskala edozein izanik ere, mehatxu arrastorik izango ez zuelako hautatu zuen Koonsek west highlander terrier arraza inspirazio iturritzat. «Maitasun» eta «zorion» ikur bat sortu nahi zuen berak. «Komunitateak transzendentzia bizi ahal izateko espazio bat».

Artista gutxik eragingo dute Koonsek bezain erreakzio kontrajarririk. Edo oso alde, edo oso kontra. Erreta dirudite erdibideek. Haren gaitasun teknikoa, ariketa formalen zehaztasuna eta marketinaren zein herri kulturaren ikonografia baliatzeko duen gaitasuna txalotzen diote batzuek. Zuzenean, zinikoen multzora kondenatzen dute besteek.

Familia bat. Aita, ama, bi seme-alaba nerabezarorantz. Hamazazpi segundo izango ziren?

Puppy-ri dagokionez, barrokoa da Koonsen azalpenetan gehien errepikatzen den erreferentzia. «Hainbat polaritate orekatzeko duen modua da barrokoaz gehien gustatzen zaidana. Simetrikoa jartzen zuten asimetrikoarekin; edo eternitatearen hainbat aspektu ere izan zenitzakeen oso era espiritualean, oso iragankorrean, eta oso etereoan; eta, aldi berean, biologiaren bidez ager zitekeen eternitate hori ere, zur landuetako lore, landare eta animaliekin. Biologiaren bidez zabaltzen den bizitza. Puppy-rekin, polaritate horiek guztiak batu, eta, neurri handi batean, kontrolari buruzko obra bat sortu nahi nuen, kontrolari uko egiteari buruzkoa».

Txori bat hegan txakurraren kokozpetik. Lorezaina eskulturatik sartu-irtenean. Beste turista talde txikiago bat. Erle bat.

Etenik gabeko bizitza proposatzen du eskulturak. Beti loretan. Baina, hain zuzen, absentzia horrek erakusten du heriotzak obran duen pisua. Vanitas bat da. Dena iragankor dela gogorarazteko, gainazal osoa lorez betetzen duten koadro horiek bezala.

Iaz heldu zen titularra albistegietara: «Puppy hiltzen ari da». Jendeari laguntza eskatu zion museoak ureztatze sistema berritzeko. 100.000 euro lortu nahi zituzten, baina 52 milako langan geratu ziren, eta aseguru enpresa batek hartu zuen kostua bere gain. Eta hor dago haren izena txakur erraldoiaren oinetan dagoen metalezko plaka ñimiñoan.

Inork ez dio begiratzen.

Artelan izaten jarraitzea

Eta, azkenik, Puppy-ren bueltan dabiltzan galdera guztien artetik bakar bat nabarmentzen da denen gainetik: segitzen al du Puppy-k artelan bat izaten?

Beste turista bikote bat, hor. Koreografiatua dirudi haien keinuak. Guztiek egiten dute. Txandaka. Hutsik gabe. Sakelakoa atera, kamera jarri, enfokatu, eta... baina ez. Oraindik ez. Urrats bat atzera, bi, hiru, atzera eta atzera, harik eta obra pantailara etxekotu arte. Denek negoziatu behar dute beren presentzia txakur erraldoiarenarekin. Hor hazten da artelana lipar batez. Klik. Puppy-ri baino gehiago, Puppy-ren irudiari begiratzen diote denek. Eta hala jarraitzen du lanak bizirik irudiz saturatutako mende honetan, paradoxikoki umil: denen bistara, eta denen bistatik aparte.

'PUPPY'
Egilea: Jeff Koons.
Urtea: 1992.
Teknika: askotarikoa.
Lekua: Bilboko Guggenheim museoaren aurrean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Dantza ez da ulertzeko»

Leire Perlines Apalategi

Olatz de Andresek 'Doppelgänger' lanaren hiru kapsula aurkeztuko ditu Donostian; atzo izan zen emanaldi bat, eta gaur izango dira beste biak. Musika Hamabostaldian lehen aldiz ariko da aurten.
Ezkerretik hasita, Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. ©TXALO PRODUKZIOAK

'Sagastitarrak' lanarekin abizenaren eztabaida oholtzaratuko du Txalok

Leire Perlines Apalategi

Gaur estreinatuko du Txalo konpainiak 'Sagastitarrak'. Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria dira antzezleak. Anton, aita, ez dator bat alabak hartu duen azken erabakiarekin
Joseba Ossa. ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala

 ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...