Albistea entzun

Kartak ahoz gora jarri dituzte

Almeidak irabazi du Italiako Giroko hamaseigarren etapa, Monte Bondonen, Thomas esprintean garaituta. Galestarra lider jarri da. Roglicek 25 segundoko atzerapena izan du
Joao Almeida, garaipena ospatzen, atzo, Monte Bondonen. Haren atzean, Geraint Thomas.
Joao Almeida, garaipena ospatzen, atzo, Monte Bondonen. Haren atzean, Geraint Thomas. LUCA ZENNARO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 24

Bakoitza bere tokian jartzen dute mendiko etapa handiek. Ziklistek halabeharrez erakutsi behar izaten dituzte beren gaitasun eta ahuleziak. Egia ezin da ezkutatu elkarren segidan kateaturiko mendate gogorretan. Kartak ondo gordean zituzten Giroko faboritoek, baina ahoz gora jarri zituzten atzo, Monte Bondonen bukatu zen etapa malkartsuan. Bada, Primoz Roglicenak (Jumbo) ez dira espero bezain onak. Giroa irabazteko hautagai nagusia zirudien esloveniarrak, baina, atzo, aurrea hartu zioten Joao Almeidak (Soudal) eta Geraint Thomasek (Ineos). Portugaldarrak irabazi zuen etapa, eta galestarrak eskuratu zuen lidergoa. Bruno Armirail (Groupama) maglia arrosa erantzi beharrean izan zen, beraz.

Azken asteko lehen eskualdiari etekina atera zioten Almeidak eta Thomasek. Ahalmen handia erakutsi zuten amaierako igoera luzean. Ez dira ziklista apurtzaileak, baina erasokor jardun zuten atzo, eta Roglicen ezina bistaratu. Bederen, esloveniarra gai izan zen galera txikitzeko, eta helmugan 25 segundo utzi zituen azkenean, Eddie Dunbarrek (Jayco) bezala. Minututik gorako atzerapena izan zuten gainontzeko hautagaiek. Almeidak aurrea hartu zion Roglici sailkapen nagusian: portugaldarra bigarren dago orain, lidergotik hemezortzi segundora. Roglicek, berriz, 29 segundora du Thomas. Oraindik badu zer esan, baina sorta nahastu eta kartak aldatu beharko ditu.

Gardako lakuaren lilurapean hasi zuten etapa txirrindulariek. Edonola, ez zuten paisaiaz gozatzeko tarte handirik izan, ihesaldirako lehia piztu baitzen berehala. 25 ziklistako multzo jendetsua osatu zen berandu gabe, eta hartan sartu zen Jonathan Lastra (Cofidis), lasterketan jarraitzen duen euskal herritar bakarra. Maila handiko iheskideak izan zituen bizkaitarrak, hala nola Giro honetan etaparen bat irabazi dutenetako batzuk —Ben Healy (Education First), Aurelien Paret-Peintre (Ag2r) eta Jonathan Milan (Bahrain)—, baita zeresan handia ematen ari direnak ere: Derek Gee (Israel) eta Toms Skujins (Trek). Sailkapen nagusian postu onean zen Paret-Peintre, eta Jack Haig (Bahrain) eta Patrick Konrad (Bora) ere mehatxua ziren. Kate motzean lotu beharreko multzoa zen.

Bi astez ezkutuan egon ondoren, Jumbo Vismak aginte makila hartzeko borondatea erakutsi zuen. Primoz Roglicen taldeak gidatu zuen taldea Santa Barbaran, eguneko lehen mendatean. Iheslariak hiru minuturen aldearekin iritsi ziren gainera, gutxi gorabehera. Apurka tartea handituz joan ziren, sei minutu baino gehiagokoa izateraino.

Zaila zen ihesaldiak luzaroan bat eginda irautea. Ziklista asko zeuden, eta bakoitzak bere aukerak eta interesak zituen. Buruz buruko lehian, aurkari asko baino gutxiago ziren Christian Scaroni eta Vadim Pronskiy (Astana), eta urrutitik ustekabea ematen saiatu ziren. Matassonen egin zuten eraso, eguneko hirugarren mendatean. Bi minuturen aldea lortu, baina ezerezean gelditu zen Serradan. Ihesaldia aletu egin zen igoera horretan, baita tropela ere, Jumbok estutu egin baitzuen erritmoa. Lastrak aurrean iraun zuen, sufrituz.

Jo eta ke, irabazi arte

Hamabi ziklista iritsi ziren buruan Monte Bondonera. 3.40ren aldea zuten 21 kilometroko igoera luzeari aurre egiteko. Lastrak erasoa jo zuen lehen aldapetan, eta haren atzetik irten ziren Carlos Verona (Movistar) eta Filippo Zana (Jayco). Lastra bere sutan erre zen; beste biek aitzinera egin zuten. Haiek izan ziren, Haigekin batera, urrutien iritsi zirenak. Helmugarako 8,5 kilometroren falta zirenean harrapatu zituzten oilarrek. Ziztuan igotzen ari ziren, eta gandorra tente jarri zitzaion Almeidari. Beste bihurritu bat eman zion etapari. Thomasek, Roglicek, Dunbarrek eta Sepp Kussek (Jumbo) eutsi zioten bakarrik.

Almeidak beste imintzio bat egin zuen geroago, eta helmugarako sei kilometro falta zirenean jo zuen erasorik bortitzena. Erabakimenez abiatu zen. Kussi zegokion zuloa ixtea. Baina tarteari eusten zion Almeidak. Harrapatu egin zuen Thomasek, Roglic atzean utzita. Helmugarako lau kilometro gelditzen ziren oraindik. Haatik, aldapa etzanagoak zeuden bukaeran, eta hainbestean defendatu zen Roglic, Dunbarrekin batera. Esprinta Almeidak irabazi zuen; merezita, saiatuena izan baitzen.

Faboritoek atseden hartuko dute gaur, etapa laua jokatuko baitute. Bihartik aurrera, baina, ez da giro izango.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altuna III.a eta Elordi sorbaldatik elkar helduta pilota aukeraketaren ondoren. ©Marisol Ramirez / FOKU

Finala, mikroskopioan

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak aukeratu dituzte binakako finalerako. Hautaketaren ondoren, Jaurlaritzaren dopin kontrola pasatu dute.

Iraia Iturregi Baskoniako lantaldean arituko da aurrerantzean ©Aritz Loiola / Foku

Athleticen emakumezkoen lehen taldea utziko du Iturregik, eta Baskoniaren gizonezkoen taldeko lantaldean ariko da

Berria

Lehenbiziko aldia da emakume bat Lezamako gizonezkoen talde baten lantaldeko kide dela.

 ©ANNA SZILAGYI / EFE

Mendilibarrek Europa liga irabazi du Sevillarekin

Beñat Mujika Telleria

Jose Mourinhoren Erroma penaltietan hartu dute mendean. Prestatzailea martxoan iritsi zen Sevillara, taldea jaitsiera postuetatik bi puntura zegoela

Ezkerretik eskuinera, Aitor Sarriegi, Agirre, Iturriaga, Ruiz de Infante, Etxebeste eta Nerea Elustondo. ©Goierriko Hitza

Bihar jokatuko dute Udaberri torneoaren finala, Beasainen

Julen Otaegi Leonet

Pilota eta bertsolaritza uztartzen ditu Udaberri torneoak. 19:00etan jokatuko dute, Antzizar frontoian, eta BERRIAn ikusi ahalko da zuzenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...