Blusen eta Nesken Eguna Gasteizen

Blusak eta neskak giro beroan

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien atarikoa ospatu dute gasteiztarrek. Blusen eta Nesken Egunean giro aparta egon da baratxuri eta txaranga artean.

Blusak eta neskak, ardo-upel lasterketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gasteiz
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gasteizko Blusen eta Nesken Egunean Andre Maria Zuriaren jaietarako beroketak egin dituzte. Hainbat ekintza egin dituzte blusa eta neska kuadrillek jai egun giroaz gozatzeko: ardo-upel lasterketak, herri kirolak... Baratxuri azokak ere jendetza erakarri du goizean goizetik.

Gasteizko San Frantzisko aldapan kokatu dira baratxuri saltzaileak, ohi bezala. Postuen artetik pasatzean, baratxuri usaina arnastu daiteke. Saltzaileen oihu eta deiadar artean, jendea postuak begiratzen ikusten da. Kiloa hiru euroren bueltan dago salgai, postuaren arabera.

Plaza Berrira gerturatuta, haurrak prest daude Txikien Ardo-upel Lasterketarako. Gurutze Gorriko anbulantzia ere bertan da. Azken orduko aldaketa bat gertatu da, ordea: haurrek upel bakarrarekin eman behar dizkiote bi bira ibilbideari. Bi kideko hamar taldek eman dute izena, eta antolatzaileen aurreikuspenak gainditu dira.

11:30ean hasi da lasterketa, lehen bi bikoteekin, ardo upela bultzatuz lurretik biraka. Ez dirudi lan erraza. Izan ere, tarteka hesia jotzen dute. Hala ere, gehienek segituan zuzentzen dute, eta beste batzuei laguntzaileek zuzendu diete. Talde lana eta indarra jokoan jarriz denbora tarte txikienean egindako bikoteari eman diote saria.

Lasterketa batzuk ikusgarriak izan dira, eta tirabirak ere egon dira amaieran. Batzuek bihurguneak oso ondo hartu dituzte; beste batzuei, aldiz, gehiago kostatu zaie. Saria moduan bi kopa eta Oiongo (Araba) Valdemar upategia bisitatzeko bi sarrera jaso dituzte. «Pixka bat estresagarria da lasterketa, baina berriz ere errepikatuko nuke», nabarmendu du parte hartzaile batek.

Ondoren, helduen upel lasterketa heldu da. Hasi bitartean, txistu eta danbolin soinuek girotu dute Mateo Moraza kalea. Ibilbidea Andre Maria Zuriaren plazan hasten da, Mateo Moraza kalea zeharkatzen du, eta kale bereko bihurgunea igarota Plaza Berrian amaitzen da. Hiru bira ematea da erronka. Blusa eta neska guztiak batera atera dira, kuadrilletako kideen animo eta oihu artean.

Erritmoari eustea zaila egin zaie batzuei, upela pisutsua baita. Elkar talka egin dute, eta tirabirak sortu dira. Pilaketa batzuk ere egon dira. Istripurik ere egon da: neska bat lurrera erori da, baina ez du kolpe larririk. Izerdi patsetan amaitu dute lasterketa. Irabazleak Basatiak kuadrillako lau kide izan dira: Peio, Mario, Maialen eta Oihane. Beste sarien artean, upel bat ardo jaso dute, 225 litrokoa.

Eguerdian, lasterketak amaituta, beste toki batean bildu da jendea: euskal preso eta iheslarien aldeko ekitaldia hasi dute Foru plazan, 12:00etan. Blusa eta Neska Kuadrillek presoen senideei omenaldia egin diete, eta maitasun eta elkartasun mezuak igorri dizkiete hamaika modutan: txalaparta joz, bertsotan, dantzan... Jaietako zapiekin egindako mosaiko bat aurkeztu dute ekitaldia amaitzeko. Zapiekin, «Maite zaituztegu» mezua osatu dute, eta jendea txaloka eta «Euskal presoak etxera» oihukatuz amaitu da ekitaldia.

Kuadrillak protagonista

Ekitaldia egin bitartean, blusak eta neskak herri kiroletarako prestatzen hasi dira. Jada eguraldia sargori dago. Hainbat herri kiroletan lehiatzear dira: lokotx biltzean eta sokatiran, besteak beste. Txarangen doinuek lepo bete den Foru plaza girotu dute. Ez da hori izango, ordea, egingo duten azken ekintza.

16:30ean, Blusen eta Nesken Federazioko kuadrillek joan-etorria egin zuten, eta 17:00etan, berriz, Blusen eta Nesken Batzordeko kuadrillek. Horiek multzoan jarri, eta saltoka dantzatuz, eskuak mugituz eta abestuz erantzun diete txarangei. Ur pistolekin ikusleak busti dituzte, eta haurrei goxokiak eta itsasgarriak eman dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.