Albistea entzun

Harrobiarekin, aurrera doa

Bihar jokatuko du sasoiko lehen partida Txuri-Urdinek. Irene Senac da taldeko entrenatzaile berria, eta multzoa asko aldatu da, hamar jokalarik utzi baitute taldea.
Maria Serna jokalaria eta Irene Senac entrenatzailea Txuri-Urdin izotz jauregian, aste honetan, taldearen aurkezpenean.
Maria Serna jokalaria eta Irene Senac entrenatzailea Txuri-Urdin izotz jauregian, aste honetan, taldearen aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Zuriñe Iglesias Sarasola -

2022ko urriak 1 - Donostia

Loriatsua izan zen izotz hockeyko Txuri-Urdin taldearentzat iragan sasoia: ligako titulua irabazi zuten estreinakoz, eta Espainiako Kopa ere altxatu zuten. Zaila izango den arren, hori berdintzea du erronka Irene Senac entrenatzaile berriak. Koldo Saenzen lekua hartu du. Joan den sasoian jokalari zenak taldea gidatzeko ardura hartu du oraingoan. Bihar jokatuko dute ligako lehen neurketa. Etxean arituko dira, eta Madrilgo Quimeras Valdemoro izango dute aurrean (14:30).

Denboraldiko lehen partida jokatzeko «ilusioz eta motibazioz» ikusten ditu jokalariak Senacek: «Iragan sasoikoarekin alderatuta, talde gaztea da. Baina mentalki prest dago datorrenerako. Fisikoki indartsu daude; badakite asko jokatuko dutela, eta prest egon nahi dute horretarako». Aurreko sasoitik taldea eraberritu behar izan dute, hamar jokalarik utzi baitzuten taldea. Klubaren zuzendaritza aldatu izanak, eta lan arrazoiek eragin dute eraberritze hori.

Hainbeste jokalarik multzoa uztearen ondorioa izan da, harrobiko jokalariez osatu behar izatea taldea. Horren inguruan hitz egin du Maria Serna kapitainak, eta argi du emaitzez harago jarri behar dutela ikusmira: «Barneratu behar dugu ez dela joan den sasoiko talde bera; harrobiko jokalari asko daude, eta orain haiekin batera hazten jarraitu nahi dugu».

20 urte besterik ez ditu Sernak, eta jada taldeko kapitaina izatearen erantzukizuna hartu du. Taldearen gaztetasunaren seinale da hori. Kapitainak ez zuen argi iragan sasoi amaieran jarraituko zuen ala ez. Ikasketak traba ziren erabaki hori hartzeko; ez baitzekien ikasten ari zena gustuko zuen ala ez, eta hori aldatzeak asko baldintza zezakeen erabakia.

Hala ere, aitortu du hockeyra entrenatzera joateak jarraitzeko motibazioa ematen ziola, eta klubeko zuzendaritza aldatzeak ere bultzada eman ziola Txuri-Urdinen jarraitzeko. Horrez gain, Donostiako jokalariak adierazi du taldeko gazteenek «eredu moduan» ikusten dutela: «Errespetua didate, baina, aldi berean, badakite behar nautenean prest nagoela laguntzeko».

Gaztea ez ezik, talde motza ere badu Txuri-Urdinek. Gaur-gaurkoz, soilik hamalau jokalari daude jokatzeko moduan, eta beste bi falta dira. Azken horiek oporrak hartu dituzte lanean egon direlako. Ondo bidean, bi aste barru hamasei jokalariak Senacen esanetara egongo dira. Horiez gain, beste bi jokalari fitxatu dituzte: Marie Devalsti frantziarra eta Clara Garcia espainiarra. Senacen esanetan, taldekideei atseden emateko beharrezkoak izango dira bi jokalari horiek. Entrenatzaileak azaldu du nazioarteko beste jokalari batzuekin hitz egiten ari dela, Donostiara etor daitezen. Beraz, oraindik, taldea ez dago itxita.

Joan den hilabetean hasi zuten sasoiaurrea, eta, gizonezkoen taldea bezala, bi astez egon behar izan zuten izotz jauregian entrenatu gabe, hango konpresoreak hondatu zirelako. Sernak adierazi du izotzean ez entrenatzeak aukera eman diela beste arlo batzuk lantzeko. Besteak beste, prestaketa fisikoa gehiago landu dute, eta taldeko giroa sortuz joan dira.

Emaitzetatik harago

Biharko partidaren inguruan, Senacek nabarmendu du Quimeras Valdemoro talde indartsua dela: «Jokalari oldarkorrak dituzte, eta normalean zati bakoitzaren hasieran presio gogorra egiten dute. Momentu horietan sendo eusten badiegu, eta haien erritmoari eusteko gai bagara, izango dugu aukerarik». Horrez gain, espero du iragan denboraldi bukaeran zaleengandik jasotako berotasun berbera izatea.

Denboraldiko helburuak zehaztean, biak ala biak tentuz mintzatu dira. Badakite iragan sasoian goia jo zutela, eta zaila izango dela hori errepikatzea. Are gehiago, taldean egon diren aldaketak kontuan hartuta. Entrenatzailea baikortasunez mintzatu da, eta adierazi du «gutxienez». joan den denboraldiko helburuak berdintzea dela erronka.

Bi txapelketak irabazteko presioa sentitzen ote duten galdetuta, Sernak argi eta garbi esan du ezetz: «Ez dut presiorik sentitzen; badakigu ez dela erraza izango, baina partidaz partida joango gara». Horrez gain, Senacek erantsi du iragan denboraldia zaila izan zela, hain justu, sentitu zuten presioagatik: «Ligako gainerako taldeek esaten ziguten joan den sasoia gurea zela, eta neurketa guztiak irabazi behar genituela. Denboraldi honetarako, klubeko zuzendaritzak ez digu exijitu emaitza onak izatea kirol arloan; baizik eta kirola ongizate, ikaskuntza, eta garapeneko esparru gisa lantzea nahi dute». Hor jarriko dute fokua, beraz.

Emakumeen kirolean orokorrean bolo-bolo dabil profesionalizazio hitza. Kirol batzuetan beste batzuetan baino gutxiago gertatzen da hori gaur egun. Azken horien artean dago izotz hockeya. Zailtasun bikoitza dute Txuri-Urdineko jokalariek: emakumezkoen taldea izatea, eta kirol gutxitu batean aritzea. Senacek «ezinbestekotzat» jo du oinarrizko baldintza batzuk izatea. Besteak beste, egiten ari direnenagatik gutxieneko kotizazio bat izatea. «Ez dakit nork mugitu beharko lukeen; aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak... Ez naiz soilik soldatez ari, baita min hartzen duzunean mediku edo fisioterapeuta bat izateaz ere. Inork ez du hockeyan jokatzen diruagatik, baizik eta bokazioagatik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gizonezkoa, LGTBIren ostadar banderarekin. ©EFE

Aske utzi dute LGTBI banderarekin zelaira salto egin ondotik atxilotutako gizona

Julen Etxeberria

Portugalen eta Uruguairen arteko partidan egin du ekintza. Ukrainaren eta Irango emakumezkoen aldeko mezua ere atera du. Ez diote zigorrik ezarri.

 ©BERRIA

Konfiantza itsu-itsuan

Pettan Uralde

Ager Solabarrieta itsua da, baina lan eginez, talentua baliatuz, eta Maite Badiola emaztea lagun duela, Munduko Kopan urrea lortu du karabina jaurtiketako modalitatean. Olinpiar Jokoak ditu amets.
 ©NURIA CASTEJON

«Aurkariek egindako kanpainengatik du ospe txarra Qatarrek»

Ricard Gonzalez

'Qatar. La perla del Golfo' liburua idatzi du Alvarez-Ossoriok. Nabarmendu du Qatar potentzia txikia dela berez, baina potentzia ertaina arlo ekonomikoan eta energetikoan: «Eta hala jokatzen du».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...