Aise egiten du zailena: gola sartu

Erling Haaland Premier Leagueko denboraldi bakar batean gol gehien sartu dituen jokalaria bilakatu berri da. Sasoi honetan, 51 gol sartu ditu 47 partidatan.

Erling Haaland, denboraldi honetan Ingalaterrako Premier Leaguean sartutako 35 goletako bat ospatzen. TIM KEETON / EFE.
Iñaki Berastegi.
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Golak sartzeko makina perfektua 2000. urtean asmatu zuten: Erling Braut Haaland (Leeds, Ingalaterra, 2000) du izena. Golak sartzeko erraztasun ikaragarria izateagatik eta fisikoki duen itxura dela eta, ez da harritzekoa jendeak cyborg edo androide ezizenak jarri izana. Norvegiarrak, batzuetan, ez dirudi gizatiarra.

«Erling futbolean hasi zen egunetik izan da aurrelaria; beti jokatu du postu berean. Gol asko egin ditu egon den toki guztietan, eta orain ikusten dizkiodan goletako batzuek antz handia dute 8 edo 9 urte zituenean sartzen zituenekin». Alf Ingve Berntsenek (Bryne, Norvegia, 1965) ondo baino hobeto ezagutzen du Haaland, haren entrenatzailea izan baitzen Norvegiako Bryne FK taldean, 8 urte zituenetik 15 urte bete zituen arte. «3 urte zituenean itzuli zen haren familia Ingalaterratik. Bryne hiri txikia da, 12.000 biztanle ditu, eta denok elkar ezagutzen gara. Erling onegia zen bere adineko mutilentzat, eta betidanik bera baino zaharragoak zirenekin aritu zen».

Egun, gaitasun fisikoa bere dohain nagusietako bat bada ere, garai batean hori izan zen haren ahulgune nabarmenena. «Ez zen txikia, baina bai arina. Edonola ere, bere anaia ezagututa eta familiaren genetika aztertuta, bagenekien hori ere alde izango zuela etorkizunean. Arlo teknikoa, taktikoa eta mentala aise menderatzen zituen ordurako». Hala, zaharragoak eta indartsuagoak ziren aurkarien kontra «moldatzen» ikasi behar izan zuen. «Fisikoaren desabantaila hori zuenez, area barruan ongi mugitzen, azkarra izaten, eta inteligentziaz jokatzen ikasi zuen. Entrenamendu haiek ikaskuntza garrantzitsua izan ziren berarentzat. Orain, bere golen ehuneko handi bat lehen ukituan sartutakoak dira». Ingve Berntsenek dioenez, orduko Haalandek oraingoak baino hamabost kilo gihar gutxiago izango ditu, gutxi-asko.

Hiztegian golegile petoa bilatuz gero, Erling Haalanden izena agertzen da. Berriki, West Hamen aurkako partidan, Premier Leagueko marka berria ezarri zuen: 35 gol denboraldi bakarrean, sasoia amaitzeko lau jardunaldi falta direla jakinda. Denera, denboraldi honetan 51 gol sartu ditu 47 partidatan, eta Txapeldunen Ligan 35 gol sartzen azkarrena eta gazteena ere bada. Marka guztiak apurtzeko jaiotako aurrelaria da. Erraz egiten du zailena: golak sartzea. «Datu ikaragarriak dira, baina pena pixka bat ematen didate, Liverpooleko zalea naizelako. Orain, Liverpooleko jarraitzaile eta Erlingen taldearen jarraitzaile naiz. Erlingek toki berezia dauka nire bihotzean, berarekin batera hasi ziren beste 39 haur haiek duten bezala. Hiru arau irakatsi genizkien: garaiz iristea, jarrera ona izatea, eta egunero zure onena ematea. Bere gaztetako entrenatzaile naizen heinean, golik sartuko ez balu ere, hiru arau horiek betetzen jarraitzen badu, pozik izango naiz».

Bilakaera oso bizkorra izan du Haalandek. 2016an debutatu zuen Bryne FK-ko lehen taldearekin, Norvegiako Bigarren Mailan. Moldera joan zen ondoren, eta Austriako Red Bull Salzburgon hasi zen nazioarteko arreta bereganatzen, 2019-2020ko sasoian. «Txapeldunen Ligako debutean hiru gol sartu zituen, Genk-en aurka. Orduan lehertu zen benetan». Borussia Dortmundek fitxatu zuen, eta Alemaniako taldearentzat jokatu zituen hiru denboraldietan 86 gol sartuta —89 partidatan— Manchester Cityra joatea erabaki zuen, Alf-Inge Haaland haren aitaren talde ohira. «Oso erabaki onak hartu dituzte orain arte. Pauso bakoitzean koska bat gora egin, eta jokatzea lehenetsi dute beti. Erlingek txikitatik izan du maila berrietara egokitzeko gaitasun handia».

Edonola ere, jokalari «berezia» zen arren, Ingve Berntsenek aitortu du ez zutela espero ailegatu den tokira arte ailegatuko zenik. «Txikitatik ikusten zitzaion zerbait berezia bazuela; ez da ezustea izan goi mailako aurrelari bilakatu izana, baina ez genuen uste munduko onenetako bat bihurtuko zenik. Oso ondo lan egin du urte hauetan guztietan, eta espero baino gehiago hobetu du».

Toki aproposean

Behin Alemaniako etapa amaituta, askorentzat, Haaland okertu egin zen Manchesterrera (Ingalaterra) joateko erabakia hartu zuenean. Mesfidantza sortzen zien norvegiarra Pep Guardiolaren jokatzeko modura egokitzeko gai izango ote zen. Denborak ez die arrazoia eman. «Nik ez nuen batere zalantzarik izan. Egon den toki guztietan sartu ditu golak, taldea eta aurkaria edozein zituela ere. Pentsa Manchester City taldean zenbat aukera izango dituen partida bakoitzeko. Agian, Borussia Dortmundekin gehiago jokatzen zuten kontraerasora, baina atzean sartzen diren taldeen kontra ere ongi moldatzen da. Ziur geunden ondo egokituko zela, eta gol asko sartuko zituela».

Beraz, hazten jarraitzeko toki aproposean dago. «Munduko talderik onenetako batean dago, eta munduko entrenatzailerik onenetako baten aginduetara. Gaztea denez, oraindik denean hobetu dezake. Ziur naiz oraindik ez dela bere mailarik gorenera ailegatu. Baina hain maila bikainean ari da, hobetzea ere ez da erraza. Aspaldi ez dut berarekin hitz egin, baina ez naiz zer hobetu behar duten esateko deitzen duten horietakoa. Jada ezin diot ezer erakutsi; ikusten dudanean besarkada estu bat emango diot. Ongi hezitako mutil atsegina eta irribarretsua da. Azken finean, 23 urteko gazte arrunt bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.