Zortzi begi sorbalda batean

Bilbaok esan du lesioa sendatu zaiola eta minik gabe jokatu ahal izango duela bihar, binakako trinket finalean. Larralderekin ariko da, Ospitalen eta Ducassou II.aren aurka

Bixintxo Bilbao, Peio Larralde, Mathieu Ospital eta Battitta Ducassou, iragan ostegunean eginiko pilota aukeraketan. GUIILAUME FAUVEAU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Moderne Baionako trinket dotorean urteko egun handienetako bat biziko dute bihar. Peio Larraldek eta Bixintxo Bilbaok Binakako Txapelketako finala jokatuko dute Mathieu Ospital eta Battitta Ducassouren aurka (11:30). Larralde eta Bilbao dira faborito, baina ez da alde handirik espero parioetan. Bilbaok arazo fisikoak izan ditu eskuineko sorbaldan, eta lehen tantoak nolakoak diren ikusi arte oihu gutxi egongo da apustuzaleen artean.

Bilbao sasoi betean balego, zalantza gutxiago legoke. Atzelariak pilota aukeraketan esan zuenez, baina, dagoeneko ez du minik. «Sorbalda ondo dago; oinazerik gabe jokatuko dut. Hori bai, ez naiz egongo sasoi betean: erritmoa hartzea falta zait». Ziburutarrak jokatu zuen finalerdietan—40-24 irabazi zuten Antton Monce eta Thierry Arizmendiren aurka—, eta lehen tantoetan nabaritu zuen geldirik egoniko denboraren ordaina, baina goraka egin zuen partida luzatu ahala. Azken hamar tantoetan, Larralderen laguntzaz, bere ohiko mailara asko gerturatu zen.

Finalean bere onena eman beharko du, Ospital eta Ducassou sasoi betean baitaude. Lagun minak dira, eta aurten buruz buruko finala jokatu zuten elkarren aurka —Ducassouk 40-28 irabazi zuen—. Haren ondoren binakako txapela irabaziko zutela hitzeman zion Ducassouk Ospitali, eta bide sendoa egin dute txapelketan. Finalerdietan, partida oso gogorra irabazi zuten Waltary-Gixandut iazko txapeldunen aurka (40-36).

Larralde-Bilbao eta Ospital-Ducassou bikote klasikoak dira, makina bat aldiz elkarren aurka jokaturikoak. Ospital-Ducassouk, esaterako, Baionako Mastersa irabazi zuten iazko udan. Azkenekoz lehen faseko ligaxkan jokatu zuten, eta egun hartan Larraldek eta Bilbaok 40-20 irabazi zuten. Ospitalek, baina, eskuko minez, ez zuen jokatu, eta Mattin Olzomendi aritu zen haren ordez. Larraldek eta Bilbaok txapelketako bost partidak irabazi dituzte.

Ospital eta Larralde aurrelari ezberdinak dira. Ospital iaioa da defentsan; Larralde, aldiz, trebea tantoa bukatzen. Gauzak hala, litekeena da finaleko gakoa atzelarien arteko lehian egotea.

Eskarmentuari dagokionez, Ospitalek binakako lehen finala du; Ducassouk, berriz, laugarrena, eta aurreko hirurak galdu zituen (2014, 2015 eta 2016). Larralde eta Bilbao birritan izan dira txapeldun elkarrekin (2015 eta 2017), eta beste final bana jokatu dute bananduta. Larraldek galdu egin zuen, iaz, Iturberekin; Bilbaok, aldiz, irabazi egin zuen, Waltaryrekin (2016).

Buruz buruko finala Hazparnen (Lapurdi) jokatuko ondoren, Frantziako Federazioak Modernera itzuli du binakako finala. Eskuineko harmaila bete egingo da (25 euroko sarrerak), eta ezkerrekoa itxuratuko (10 eurokoak). Pilotak aukeratzeko egunean beirazko paretak zikin xamar zeuden, eta finalerako garbitu izana espero da. Jende askok erabiltzen du Modernea, eta gomazko pilotek arrastoak uzten dituzte. Sarrera ordaintzen duten ikusleek errespetu hori merezi dute. Esku-huskako finalaren aurretik, Frantziako xare finala jokatuko da. Modernera biltzen diren zaleek goiz bete-bete batekin gozatu ahal izango dute pilota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.