Garaikide bilakatutako liburutegi bat

Bilboko Azkuna zentroak mediatekako zerbitzuak eta azpiegiturak berrantolatu ditu, erabiltzaileen joerak eta ohiturak kontuan harturik. Liburutegiaren zerbitzu tradizionalez haragoko eskaintza bat egitea da helburua

Inigo Astiz
Bilbo
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Zerbitzu tradizionalak eskaintzen zituen liburutegi bat zen orain arte, eta liburutegi garaikide bat izango da aurrerantzean Bilboko Azkuna zentroko mediateka. Esaldi horrekin laburbildu dute eraikinaren transformazio prozesua zentroko eta mediatekako arduradunek. Zentroak hamar urte beteko ditu aurten martxan, eta milioi erdi pertsona baino gehiago jasotzen ditu urtean. Hain zuzen ere, erabiltzaile horien joerak eta ohiturak aztertzen eman dituzte azken bi urteak, eta, neurri handi batean, behaketa horri erantzuteko egin dituzte moldaketak. Nortasun propio bat eman diote eraikinak dituen hiru solairuetako bakoitzari; gaika berrantolatu dituzte materialak, eta hainbat gune berri ere sortu dituzte: ikus-entzunezkoentzako proiekzio gela txiki bat, eta erakusketa gune bat, kasurako.

Alasne Martin mediatekako zuzendariak ekintza mota bat eta zarata maila bat zehaztu dizkio hiru solairuetako bakoitzari. Argitu duenez, bisitari guztiei harrera egingo dien lehen solairua izango da zaratatsuena. Han egongo da erabiltzaileak gidatuko dituen informazio gunea, baita ume eta gazteentzako literaturari eskainitako espazioa ere. Bigarren solairua «xuxurlen solairua» izango dela zehaztu du, eta bertan kokatuko dira mahai jokoentzako eta bideo jokoentzako gunea, ikus-entzunezkoentzako aretoa, eta komikientzako espazioa, besteak beste. Hirugarren solairua isiltasunarena izango da. Bertan, literaturari eskainitako apalak egongo dira, eta ikasteko mahaien multzorik handiena.

Astelehenetik martxan

Martinek zehaztu duenez, lehen ematen ziren zerbitzuak ez dira desagertuko, moldatu baizik. «Ohiko zerbitzu tradiziozkoak mantendu egingo dira, eta hirugarren solairua egongo da horretarako, baina lehenengo solairuan eta bigarren solairuan bestelako liburutegi bat izango da».

Astelehenean zabalduko dituzte ateak, eta pixkanaka joango da mediateka osoa erabilgarri jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.