Artistaren alde emankorrena

'Don Herberten eskutik. 1974-2014' erakusketa hartu du Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak, margolariaren eta Artelekuko litografia maisu izan zenaren omenaldi gisan

Artelekuko litografia tailerrean egindako ariketen kopiak jasotzen ditu erakusketak, bi horma osotan. Aurrean, Ainara Martin komisarioa. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Narruzko besaulki bigun bat, bizkarrean jaka berde ilun batekin. Irrati bat aldamenean, El País egunkariaren ale bat beso batean, hautsontzia eta purua bestean. Faltan, Don Herbert (Detroit, AEB, 1942), margolaria eta 27 urtez Donostiako Arteleku arte zentroko litografia estudioaren arduradun izan zena. Harenak dira elementuak, orain Koldo Mitxelena kulturuneko erakusgelan atondu dituztenak. Eta haren izaera metodikoaren erakusgarri dira, Ainara Martin komisarioaren esanetan: «Lanean zein bizitzan, guztiz errepikakorrak zituen jarrerak, egunero egiten zituen gauza berberak, modu berdinean: garajetik atera, egunkaria erostera joan, Artelekura iritsi, lehen gauza besaulkian jarri, purua bukatu, irratia entzun eta egunkaria irakurri». Eta ondoren lanera: hamaika ikasleren ondoan litografia tailerrean aritzera. Han egindako lan hori da, hain justu, Don Herberten eskutik. 1974-2014 erakusketak omendu nahi duena, artista zendu zenetik urte erdi ez dela. Irailaren 18ra arte egongo da ikusgai.

Oihartzun handiagoa bildu zuen Herbertek pintore gisa litografo gisa baino, Martinen iritziz. Eta hori orekatu edo sikiera alde ezezagunagoa berreskuratu nahi du erakusketak, «maisu litografo bezala» egin zuen lana omendu. «Erakusketak agerian uzten du ia 30 urtez Artelekun maisu litografo gisa egin zuen lana. Helburua ez da bakarrik urteroko ikastaroetako transmisioa eta trukea agerian jartzea; bada, era berean, ikusaraztea zenbat lan eta jende pasatu zen haren eskuetatik, zenbatentzat estanpatu zuen. Horregatik izenburua ere: bere eskuetatik».

Herbertek muntatu zuen Artelekuko litografia tailerra, 1987an, eta arduradun izan zen, harik eta 2014an behin betiko itxi zen arte. Artelekuko «bizilagunik leialena» izan zela dio, horregatik, Santiago Eraso Artelekuko zuzendari ohiak. Hiru bide zeuden han litografia lantzeko: tailerreko lana, artistek egindako enkarguak eta Artelekuk berak artistei egindakoak. Erakusketak horren balioa ere jaso nahi duela nabarmendu du komisarioak: «Jakintzaren transmisioa eskuzabaltasun handiz egiteko ikasketa prozesuak zabaldu zituen».

Izaera «berezikoa» eta aldiro gogorrekoa zela gogoratu du Martinek, hala oroitzen dutela haren alboan aritu ziren askok, ororen gainetik, «eskuzabaltasuna» aipatu arren. «Horrek ikaragarri aberasten zuen tailerreko giroa. Oso giro berezia sortu zuen: denak elkarrengandik ikasten». Tailerrean izan ziren, batik bat, ikasle, artista, maisu eta ingurukoen arteko harremanak, eta tailerra da, hain justu, erakusketaren erdigunean birsortu duten espazioa. «Familiarekin hitz eginda, argi adierazi zidaten tailerra zela Herberten profesiorik maiteena; horregatik jarri dugu erakusketaren bihotzean», azaldu du Martinek. Artelekuko tailerra izandakoaren argazki finko batek hartzen du horma oso bat, eta han erabiltzen zituzten zenbait objektu ere badira ikusgai. Baina alboko horma biak dira deigarrienak, askotariko kolore, forma eta neurrietako litografiekin beteak. Artelekun egindako jatorrizko ariketen kopiak dira, eta berak jartzen zituen bezala daude jarrita, paperak paretan itsatsita, markorik gabe. «Asko anonimoak dira; berak askotan esaten zuen izen handiko artistekin lan egitea baino interes handiagoa zeukala pertsona anonimoekin lan egiteak; edo pareko zirela, behintzat. Haren izpiritu errebeldea ere jaso nahi genuen». Apenas dagoen tarterik irudi batetik bestera, eta apropos bilatu du «kondentsazio» hori Martinek, Gordailuan topatu duen lan pilaren isla.

Litografiaren bultzatzailea

Erakusketako gainontzeko atalak kronologikoki lotuta daude, Martinen esanetan, Herbertek aldi ezberdinetan litografiari eman zion bultzada jaso nahi izan baitute. «1980ko urteen bukaeran hemen oso gutxi ezagutzen zen, ez zen, noski, eskulturaren eta pinturaren mailakoa. Nabarmena da berak egiteko beste era batzuk sartu zituela, Ipar Ameriketatik, Grupo 15etik... ekarriak».

Erdiguneko tailerretik aterata, Okupgraf grafika topaketen atalera egiten du bideak. Goiz batean, Mariano Arsuagari galdetu zion lagunduko ote zion Espainiako grafikarik onena erakusketa baterako biltzen. «Baietz erantzun zion Arsuagak, baina litografia ere gaindituz, obra seriatuarekin lan egingo zutela erabaki zuten». 1999an sortu zuten, hala, lehenengo Okupgraf, eta nazioarteko maila hartu zuen bi urtera. Ekoizpen propioak bultzatzen hasi zen, eta horren lekuko dira erakusketan jasotako materialak; tartean, Eduardo Lopezen Desolé lana.

2005ean egindako Artista larrugorri proiektua ere jasotzen du erakusketak. 2005ean, Herbertek erronka bota zien Euskal Herriko 22 artistari, zuri-beltzeko litografia bana egiteko. «Tinta bakarreko litografiak oso zailak dira», zehaztu du Martinek, «berak esaten zuen artista biluzik geratzen den agertokia dela». Zumeta, Salazar, Jauregi, Goenaga eta bestek egindako lanak daude bertan, eta azken galeriarekin lotzen da hori, zeinak «artista handientzat» egin zituen lanak biltzen dituen, horiek bai marko barruan; Ameztoi, Ruiz Balerdi, Bakedano, Larrañaga eta gehiagorenak. «Gutxienez hiru belaunaldirekin egin zuen lan Herbertek».

Altxerrin, margolanak

Koldo Mitxelenan zabaldutako erakusketarekin batera, Donostiako Altxerri galeriak ere jarri du Herberten obra ikusgai. Kasu honetan, artistaren margolanak bildu ditu, eta bi erakusketak bata bestearen osagarri direla defendatu du horregatik Martinek. «Biak ikusita hobeto ulertzen da Donen figura osoa; bere bizioak, obsesioak, geometria errepikakorra... Pintura asko litografia bihurtu zituen gero; badago identifikazio bat bi lengoaien artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.