«Iazkoaren ondorioak sufritzen ari gara»

Erik Jakak eta Julen Martijak binakakoaren sei partidetatik bakarra irabazi dute. Biek aitortu dute «kalte» egin dietela 2020ak eragindako tentsioak eta nekeak. «Une onenetan ibili garen bezala ari gara lanean. Segida baino ez zaigu falta», dio Jakak.

Erik Jaka, pilota jotzear, Binakako Txapelketan jokatutako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Aparretan zeuden Erik Jakaeta Julen Martija duela gutxi: Jakak aurreneko txapela irabazia zuen, buruz burukoa, baita lau eta erdikoaren finala jokatu ere; Martijak ere estreinako txapela jantzia zuen, binakakoa, Joseba Ezkurdiarekin. Baina gora egiten duen moduan, aparrak azkar egiten du behera. Eta horixe gertatu zaie Jakari eta Martijari: goitik behera egin dute. Horren ondorioz, nahi eta ezin ari dira binakakoan: sei partidetatik bakarra irabazi dute —Iñigo Bikuñak galdutako neurketa batean ordezkatu zuen Martija—. Azkenak dira ligaxkaren sailkapenean.

«Ez dugu batere zorterik izan. Gauza txar gehiegi pasatu zaizkigu oso denbora gutxian», aitortu du Jakak. Berehala egin du atzera txakalaldia azaltzeko, binakakoa hasi bezperara. Autokritika eginez hasida. «Bi final jarraian jokatu ostean, oso saturatuta ekin nion binakakoari. Emozio handiz bizi izan nuen aurreneko txapela irabazi izana, buruz burukoa. Gero, momentu eder horri segida ona eman nion lau eta erdikoan, finalera iritsita. Baina nahi eta nahi ez une batean buruak eta gorputzak kito, honaino esaten dute. Eta horixe pasatu zitzaidan niri binakakoa hasi bezperan. Apaldu egin zitzaidan entrenatzeko eta jokatzeko gogoa; finean, motibazioa pixka bat galdu nuen. Asko kosta zait buru-belarri jartzea. Baina astez aste, gero eta hobeto nago».

Larri hura, eta larri baita haren bikotekidea ere. «Juleni antzekoa pasatu zaio: batetik, lehen aldiz final bat jokatu eta gutxira ekin zion binakakoari; bestetik, bizkarreko minez hasi zen; eta azkenik, hirugarren partidan dezente izorratu zuen eskuin eskua. Hori gutxi ez, eta Bikuñak eskua mindu zuen jokatzen. Gauza txar bat pasatzea nahikoa traba ez bada, zer esanik ez horrenbeste jarraian».

Egoera iraultzeko gogoz

Pilotari askok aitortu dute iazko ezohiko urteak «kalte» egin diela. «Normala» dela dio. «Urte oso-oso arraroa izan zen. Oro har, ez zen ona izan inorentzat; modu batean edo bestean, ondorioak izan ditu. Niretzat ona izan zen amaiera, bi final jokatu bainituen. Baina oso exijentea eta oso estresantea izan zen, eta halakoek, berandu baino lehen, izaten dituzte ondorioak. Julen eta biok orain ari gara sufritzen ondorio horiek».

Argi du banakako txapelduna eta binakakoaren atzelari txapelduna elkarrekin aritzeak ez duela «ezertxo ere» ziurtatzen. Azkeneko binakakoan Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak osatutako bikoteari gertatutakoa gogoratu du: ez ziren sailkatu lehen seiren artean. «Hemen denek asko jokatzen dute. Ez du balio ezertarako aurreko txapelketa irabazteak hurrengorako. Momentu onak aprobetxatu behar dira. Guri, adibidez, ez digu momenturik onenean harrapatu binakakoak. Baina buelta eman behar diogu. Ea entrenatzen segida izan dezakegun, eta entrenamendu edo partidaren bat aprobetxatzen dugun txipa aldatzeko. Elkarri animatuzari gara hala izan dadin».

«Lana; beste sekreturik ez dago», azpimarratu du. «Orain arte egin dugun bezala, baina segida gehiagorekin. Une onenetan ibili garenean bezala ari gara entrenatzen eta zaintzen. Bolada onak eta ez horren onak egon ohi dira, eta gu orain ez gaude bolada onean. Baina lan ona egiten ari gara». Aldea dago duela bi hilabete atzera eginez gero. Orduan, guztia ateratzen zitzaion. Baina «barneratuta» zuen iritsiko zela beherakada. «Kirolariok badakigu ezin garela urte osoan bete-betean egon; beti izan ohi duzu lesioren bat, eta burua ere nekatu egiten da. Banekien une hori ailegatuko zela, eta saiatu nintzen bolada on hori ahalik eta gehien luzatzen. Orain saiatu behar dut gora egiten, eta bolada ez horren on hau lehenbailehen eteten».

Badaki sei partidetatik bakarra irabazi eta gero «segituan» hasi behar dutela garaipenak pilatzen. «Erronka zaila» izanagatik ere, «itxaropentsu» dago. «Sentipen onik izan gabe, partida pare bat kenduta, guztietan lehiakorrak izan gara. Kezkatzekoa litzateke biok eskuz eta jokoz ondo egonda ez bagenu emaitza onik lortu. Baina badakigu nondik gatozen. Biok nahiko txukun aritu garenean edozeinekin nor baino nor gehiago aritu gara; horri heldu behar diogu».

Falta zaizkien zortzi finaletako bat jokatuko dute etzi, Iruñean, Peña II.a-Albisuren aurka. Argi du partida «zaila eta gogorra» izango dela. «Haiei oso une onean harrapatu die txapelketak, eta oso ondo ari dira. Baina jada ikusi da bikote guztiek izan dezaketela egun txarren bat. Asko lagunduko liguke irabazteak, pixkanaka gora egiteko».

Gakoez galdetuta, astelehenean Bengoetxea VI.a-Arangurenen aurka jokatutako partidari erreparatu dio. «Askoz hobeto ikusi nuen Julen, gusturago. Neronek asmatu behar dut gehiago. Astelehenean kosta egin zitzaidan partidan sartzea; amaieran hobeto jokatu nuen. Julenek konfiantzari eusten badio eta nik defentsan eta erasoan hobetzen badut, irabazteko aukera izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.