Haize berriarekin gozatuz

Nahia Zudaire igerilariak zilarrezko eta brontzezko dominak lortu ditu Europako Txapelketan. Hala, pandemia aurretik sentitzen zuen presioari buelta ematea lortu du.

Nahia Zudaire, eskuinetik lehena, Europako Txapelketako estilo libreko 100 metroko proban lortutako brontzezko domina eskuetan duela. PARALYMPIC.
Mikel O. Iribar.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko igeriketa egokituak etengabeko uberan jarraitzen du. Richard Oribek eta Sara Carracelasek urreztatutako arrastoari segida ematen hasi zen lehen harribitxia Iñigo Llopis izan zen. Bada, donostiarraren soka berera etorkizun oparoa duen beste igerilari bat batu da: Nahia Zudaire (Zubieta, Gipuzkoa, 2004). Madeiran (Portugal) jokatu berri den Europako Txapelketan, zilarrezko eta brontzezko dominak golkoratu ditu, estilo libreko 400 eta 100 metroko S8 probetan, hurrenez hurren. Horrez gain, beste hiru probetan aurrez egindako marka pertsonalak ondu ditu. «Lorpen handia izan da niretzat».

Zubietakoarentzat etxera itzultzeko bidaia «luzea» bezain «gogorra» izan bazen ere, irribarre batekin eta aho zapore gozoarekin agurtu zuen Madeirako uhartea, txapelketan lortutako emaitza onei esker. «Baina emaitzagatik bakarrik ez, txapelketako egoera zailak mentalki kudeatzeko gai izan naizelako ere pozik nago, tentsioa txapelketa osoan mantendu behar baituzu, eta hori lortzea oso zaila da», nabarmendu du.

Gaztea izan arren, igerilari eta pertsona gisa «bilakaera handia» izan duela nozitu du Zudairek. Orainaren eta iraganaren arteko alderaketa egin du izan duen hobekuntza horretan gehiago sakontzeko. «Esaterako, munduko azken txapelketako aurreneko probak gogo handiz hartzen nituenez, azkenengoetara hustuta iristen nintzen arlo fisikoan eta psikologikoan; aurten, ordea, proba batetik besterako trantsizioak lasaitasun handiagoz hartu ditut, eta lasterketa guztietan lehiakor aritu naiz. Horrek guztiak zuzen-zuzenean eragin dit emaitzetan».

Erdietsitako lorpenak ez dira ezustekoak izan harentzat. «Txapelketa oso ondo prestatu nuenez, dominaren lehian egongo nintzela espero nuen». Hain zuzen, estilo libreko 400 metroko proban, hobekien moldatzen den kategorian, Tokioko Paralinpiar Jokoetarako gutxieneko B denbora lortu zuen, eta gutxiengo A markarekin bete gabe geratzen diren tokien arabera egongo da udan Japonian. Dena dela, Zudairek aditzera eman du Jokoetan aritzeko aukera «asko» dituela. «Denboraldi osoan nire aurkari zuzenek egindako denboren azpitik egon naizela kontuan hartuta, ondo bidean, barruan egon beharko nuke. Kosta ahala kosta, Tokion egon nahi dut, eta orain arte egiten ari naizen lanaren saria izango litzateke». Atseden hartzeko betarik ez du; ekaineko lehen asteburuan Espainiako Txapelketan ariko da, eta handik hiru astera, World Series txapelketan, Berlinen.

Aurtengo denboraldiko egutegia estua izateaz gain, Jokoetan postua ziurtatzeak dakarren zama sentitu du igerilari batek baino gehiagok. Zudairek, bederen, «patxadaz» darama sasoia. Zerk eman dio, bada, lasaitasuna Zubietakoari? Iraganean bizi izandakoaren berri eman du: «Pandemia lehertu aurretik, oso gaizki pasatu nuen. Banekien igeriketak alderdi guztietan ekarpen handia egingo zidala, baina ez nekien nola maneiatu egoera. 2019ko Munduko Txapelketa prestatzeko nire bizitza baldintzatu nuen; bakarrik sentitu nintzen, eta eguna iritsi zenean ez zen nik nahi nuen moduan atera. Hori gutxi ez, eta Jokoetan egoteko presio eta beldur handia sentitzen nuen, eta lehiaketa hitza entzuteak ezinegona sortzen zidan».

Zurrunbilo horretatik atera ezin horretan, ondorioak berehala heldu zitzaizkion Zudaireri. «Zenbait txapelketa entrenamenduko emaitzak baino askoz ere okerrago egiten nituen. Erridikulua egiten nuen». Kirol arlotik kanpo ere eragin zion horrek; besteak beste, ikasketetan: «Beherakada izan nuela sumatu nuen», harik eta izurria heldu zen arte. «Gezurra badirudi ere, pandemiak lasaitasuna eman dit. Igeriketan etenaldi bat behar nuen, neure burua benetan ondo ezagutzeko».

Bere burua ezagutzeko bakarrik ez, bere kirol ibilbidean aldaketa bat izateko «beharra» ere sentitzen zuen Zudairek. «Hasteko, entrenatzailez aldatu nuen: Jon Muruarekin nago orain. Haize berri horrek ziztada handia eman dit, eta ikuspegia aldarazi dit bidean aurrera indartsu joateko. Mugarria izan da niretzat».

Egunean egunekoa

«Lehiakortzat» eta «borrokalaritzat» hartzen du bere burua Zudairek. «Baina guztien gainetik egunean egunekoa gozatzea dut xede; izan ere, egunerokoan ez baduzu gozatzen, txapelketa on batek ez dizu denboraldi osoa salbatuko. Beraz, egun bakoitzari garrantzi handia ematen diot». Lehiaketatik kanpo ere, bete ditu bere buruari ezarritako erronka txiki bezain handiak. «Igerilekuan ez bezala, itsasoan igeri egiteari beldurra nion». Orain dela gutxi, gorputz barruan zituen zalantzak uxatu, eta Donostiako Kontxako hondartzara joatea erabaki zuen. «Santa Klara uhartera igerian heltzea lortu nuen. Garaipen txiki bat izan zen niretzat».

Txikitatik izan du urarekiko lotura estua Zudairek. Urritasun fisikoa dutenei igeri egitea mesedegarri zaiela eta, 2012an, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Buruntzaldea Igeriketa kirol taldean hasi zen, eta ez da batere damutzen. «Burua uretan sartzen dudanean, nire gorputza erlaxatu, eta guztia ahazten dut. Entrenamenduan igarotzen ditudan bi ordu horietan asko gozatzen dut». Estilo librea du gogokoen, nahiz eta beste probetan ere «ondo» moldatzen den. «Halere, oraindik oso gaztea naiz, eta kirol arloan asko hobetu beharra daukat». Hasi besterik ez da egin, baina igerian badoa bere arrastoa uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.