Bakarrak iraun dezake zutik

Eibarrek eta Alavesek Lehen Mailara igotzeko finalerdietako joaneko partida jokatuko dute gaur, Ipuruan. Imanol Idiakez teknikariak «indarrez berdintsu» ikusten ditu.

Eibarrek eta Alavesek ligan jokatutako derbiaren jokaldi bat, Ipuruan. Hutsean amaitu zen partida. Mendizorrotzan etxekoak nagusitu ziren, 2-0. J. FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Bigarren Mailako zeharkaldia are luzeagoa izango da Eibarrentzat eta Alavesentzat. Pausoz pauso ibili dira 42 jardunaldiz, igoera jomugan izanik; azken estutuan, baina, ez dira gai izan erritmoa aldatzeko. Oinez jarraitu dute, are estropezuka, lasterka egin behar zenean, eta Granadak eta Las Palmasek aurrea hartu diete. Haiek igo dira zuzenean Lehen Mailara. Gipuzkoarrek eta arabarrek, baina, itzulingurua egin beharko dute, eta elkarrekin topo egingo dute lehen bidegurutzean; kanporaketen finalaurrekoetan, alegia. Gaur jokatuko dute joanekoa, Ipuruan (18:30, Movistar La Liga), eta datorren ostegunean ariko dira Mendizorrotzan (21:00, Movistar La Liga).

Kanporaketa «oso parekatuta» dakusa Imanol Idiakezek (Donostia, 1972). Eibar eta Alavesen kontrako neurketak prestatu eta zuzendu ditu sasoi honetan, Leganeseko teknikari gisa, 34. jardunaldian kargutik kendu zuten arte. «Indarrez berdintsu» daudela begitantzen zaio. «Ahalmen handiko taldeak dira. Esperientzia handiko jokalari eta entrenatzaileak dituzte, eta oso landuta daude. Oso zaila da nork irabaziko duen iragartzea: biei ikusten dizkiet aurrera egiteko aukerak».

Denboraldia luze joango zaie kanporaketetan diren taldeei, eta fisikoki osoen iritsi direnek abantaila handia izango dute. Halere, Idiakezek uste du «alor mentala» izango dela garrantzitsuena, eta, arlo horretan, Eibarrek «abantaila txiki bat» duela iruditzen zaio. «Denbora gehiago izan du igoera zuzenak ihes egin diola barneratzeko. Alaves, berriz, azkenera arte egon da borrokan, eta astebete eskas izan du kolpeari buelta emateko». Arabarrek hatz mamiez ukitu zuten igoera Las Palmasen zelaian: gol bat sartuta, Lehen Mailan ziren. Ez zen golik iritsi, ordea, eta nahigabetuta bukatu zuten ligako jarduna.

Are etsigarriagoa izan zen Eibarrek aurreko sasoian izan zuen bukaera. Eskuetatik ihes egin zion sari desiratuak. Idiakezen aburuz, taldeak «aldarte hobea» du orain, nahiz eta zuzenean igotzeko aukera azken txanpan galdu duen berriz. «Emaitza txar asko kateatu dituzte, eta ziur iazko oroitzapenak gogora etorri zaizkiela. Halere, indartsu eta kementsu ikusi ditut azken partidetan. Sportingen aurka, adibidez, 0-2koa iraultzear izan ziren. Etsiak jota egon izan balira, ez zuten halako ahalegina egingo».

Kanporaketa «oso zabalik» ikusten du teknikari donostiarrak, eta era berean, uste du «partida itxiak» izango direla, «gol aukera gutxikoak». Zelaian «oso onak» dira bi taldeak, baina bakoitza bere estiloan. Eibar erasokorragoa da. «Ziurrenik, Bigarren Mailako talderik onena da kontuan hartzen bada nola nagusitzen den partidetan, nola azpiratzen dituen aurkariak, eta zenbat gol aukera sortzen dituen». Alavesek, ordea, badu Eibarrek ez duen zerbait: eraginkortasuna. «Defentsa oso indartsua du, eta indar handia. Ez du askorik behar golak sartzeko. Zorrotza da kontraerasoetan, eta oso ondo moldatzen da partida itxietan».

Halakoak izango dira Eibar eta Alavesen arteko bi neurketak, ezusterik ez bada, bederen. Xehetasun txikiek garrantzi handia izango dute, eta geldikako jokaldietan apurtu daiteke oreka. «Biek dituzte oso jaurtitzaile eta errematatzaile onak». Egiazki, edozein jokalditan min egin dezakete, erasoan «jokalari erabakigarriak» dituztelako. «Alavesen, Rioja da onena. Beste maila bateko jokalaria da. Halaber, aurrelari finak dira Villalibre, Sylla eta De la Fuente; eta, zelai erdian, aintzat hartzekoak dira Guridi eta Jason». Eibarrek ere on askoak ditu: «Bautista, Blanco Leschuk, Stoichkov, Aketxe, Rahmani, Corpas... Eta zerrenda luzeagoa egin nezake».

Esku onetan daude

Teknikarien lana ere goratu du Idiakezek. Hasteko, Gaizka Garitanok «meritu handia» duela dio. «Aurreko sasoian lidergoan izan zuen taldea denbora askoan, futbol ikusgarria eginez. Kolpe gogorrak hartu zituzten amaieran, baina sasoi honetan ere goiko postuetan jarri du Eibar. Haren lana ezin da zalantzan jarri». Luis Garcia Plazaren inguruan, «presioa kudeatzeko» izan duen gaitasuna azpimarratu du. «Ez da batere erraza jaitsi berriak diren taldeetan jardutea, igoera betebehartzat jotzen baita. Egoera horretan, atzetik aurrera eraiki du taldea Luis Garciak, eta emaitza onak lortu».

Entrenatzaileen larruan jarrita, uste du partida bakoitza beregaina balitz bezala hartuko dutela. «Hasteko, lehen neurketan jarriko dute arreta osoa, ahal dela abantaila lortzeko. Baliteke amaiera-amaieran erabakitzea kanporaketa, baina horra iritsi arte, gauza asko egin behar dira». Ez da penalti jaurtiketarik izango; luzapena jokatu eta berdinduta bukatuz gero, Alaves litzateke garaile, liga postu hobean bukatu duelako. «Horri esker, gustuko duen jokoa egiteko abantaila izango du Alavesek. Baina ez da berdinketaren bila ariko; apustu arriskutsuegia litzateke».

Arabako taldeak alde du zelai faktorea ere. Zaleen hauspoa lagun izango du itzuliko norgehiagokan. «Hori horrela izanik, Eibarrek estu hartu nahiko du Ipuruan. Baina dabilela kontuz, Alavesek min egin diezaiokeelako bizkarrean. Lehia zirraragarria izango da». Azkenean, baina, bakarrak iraungo du zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.