Ez dago ezinezko oztoporik

Emakumeen parkourra indartzeko egitasmo bat egingo dute Donostian gaur eta bihar: Emakumeak Mugimenduan. Helburua da emakumeak parkourrera erakartzea

Fenchao Li Cristina traceur-a, Artzain Onaren katedraleko hormetan salto egiten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Txandal praka zabalak soinean dituen mutil gazte bat saltoka dabil hiri bateko kaleetan. Aise gainditzen ditu zakar ontziak eta bankuak, itzulipurdi bakarrean , baita aurrean topatzen duen edozein oztopo ere. Ugaltzen ari dira gisa horretako bideoak sare sozialetan: gero eta ospe handiagoa du parkourrak. Traceur-ak dira diziplina hori praktikatzen dutenak. Haien helburua da gorputza inguruko zailtasunetara egokitzea, kaleko oztopoak ahalik eta modu errazenean gainditzeko. David Belle, Jason Paul, Ryan Doyle edo Damien Walters dira munduko traceur ezagunenetarikoak. Gizon gazte eta indartsuak. Hala ere, badaude parkourra praktikatzen duten beste hainbat profiletako pertsonak ere.

Emakumeena da ezkutuan dagoen profil horietako bat. Donostian, Lotzen ADD elkarteak emakumeen parkourra ikusarazteko saio bat antolatu du gaur, Ladyred Production & Managementen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz: Emakumeak Mugimenduan. Parkourrari lotutako hainbat ekintza egingo dituzte gaur eta bihar. Diziplinan adituak diren hainbat pertsonak gidatuko dituzte saioak.

Bertan izango da Fengchao Li Cristinatraceur-a. Txinatik Hondarribira (Gipuzkoa) iritsi bezain laster izena eman zuen Lotzen ADD parkour taldean. Orduz geroztik, buru-belarri dabil parkourrean. Fengchao Liren iritziz, Emakumeak Mugimenduan egitasmoak emakumeak parkourrera erakartzeko balio du. Gaurko eta biharko saioetara biltzen direnek ikusiko dute parkourra edonork egin dezakeela, baita emakumeek ere. Izan ere, Lik adierazi duen moduan, «sare sozialetan teilatuz teilatu saltoka dabiltzan gizon gazteen bideoak daude, eta parkourra hori dela sinetsi dugu». Irudi horren arabera, parkourra diziplina arriskutsua eta itxura zehatz bateko pertsonei zuzendua da: oro har, gizon gazteak. Hor dago gakoa: aurreiritziak daude parkourraren inguruan, eta emakumeek ez dute lekurik ikuspegi horretan. «Emakumeoi txikitatik esan digute finak garela eta ezin garela arriskatu, eta, nahi gabe, jarrera hori barnean dugu», adierazi du Lik, eta zera gaineratu du: «Parkourra gizonentzako kirola dela pentsatzen dugu, eta ez da horrela».

«Kirola baino gehiago»

Fengchao Liren ustez, parkourra errealitatera gerturatu behar da emakumeak diziplinara erakartzeko. Erakutsi behar da ez dagoela ezinezkorik. Teilatuz teilatu salto egiteko prestaketa luzea behar da. Aldiz, denbora gutxian ikas daiteke parkourrarekin gozatzen eta norbere gorputzarekin eroso sentitzen. Horretarako, beharrezkoa da moldeak eta aurreiritziak haustea. Traceur-ek egunerokorako baliagarriak diren mugimenduak dakizkite. Esaterako, parkourrean ikasten da zein den gorputz jarrerarik egokiena erorikoetan minik ez hartzeko. Hezur haragizko pertsonak dira traceur-ak, gogor entrenatuz euren buruak prestatu dituztenak. Horregatik, parkourrean oinarrizko mugimenduak dauden arren, norbanako bakoitzak berera moldatu behar du diziplina.

Fengchao Lik adierazi du kirola ulertzeko mila modu daudela eta zabalduen dagoen erreferenteak ezin duela parkourra mugatu. Izan ere, arriskua dago parkourraren benetako izaera alboratzeko. Lik argi esan du: «Parkourra norberak bere burua ezagutzeko da, gorputza eta psikologia lotzeko. Kirola baino gehiago, filosofia da».

Ez du berdin pentsatzen Amaia Mentxakak: parkourrean helburu nagusia gozatzea dela dio. Duela bi hilabete eskas hasi zen Mungiatik (Bizkaia) Bilboko Indarrez parkour eskolako saioetara joaten, parkourra zer den ikastera. Mentxakak bi aurreiritzi hausten ditu. Alde batetik, frogatu du parkourra emakumeek ere egin dezaketela. Bestetik, erakutsi du diziplina ez dela nerabeentzat soilik: berak 43 urte ditu, baina ezerk ez du geldiarazten. Mentxakak azpimarratu duenez, «Kirol gehienetan bezala, parkourrean bigarren planoan dago emakumea, eta ikusgaitasuna behar du». Emakumeek indarra lortzeko beste traceur-en leku berean egon behar dute, Mentxakaren ustez. Gazte garaietan errugbian ibilitakoa da mungiarra, eta ondo daki zer den bigarren planoan egotea: «Garai haietan, emakumeak kirolean ia ez ginen existitzen». Urte asko pasatu dira, baina gaur egun ere emakumeak kirolaren munduan ez du beharko lukeen ikusgaitasunik.

Positiboak dira Emakumeak Mugimenduan eta halako saioak, Mentxakaren iritziz. Izan ere, parkourra zer den erakusteaz gain, diziplina probatzera bultzatzen ditu emakumeak. «Askotan, ikara ematen digu gauza berriak probatzeak. Porrot egingo dugun edo gainontzekoek zer pentsatuko duten beldurrez», adierazi du mungiarrak. Horregatik, pentsatzeko modu hori desegitea beharrezkoa izango da emakumeak parkourrean integratzeko, baita beste hainbat kiroletan ere, haren ustez.

Argi dago parkourraren helburua oztopoak gainditzea dela. Traceur-ak kaleko oztopoak gainditzen dituen heinean, buruan dituen oztopoak ere gainditzen ditu, azken finean diziplina horrek gorputza eta psikologia lotzen dituelako. Argi dago, gainera, beharrezkoa dela emakumeak bigarren planoan uzten dituzten oztopoak gainditzea parkourrean, errugbian eta beste hainbat kiroletan. Azken finean, kirolaren munduan ikus daitezkeen jarrerak eguneroko jarreren zuzeneko isla direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.