Laino arteko operak

Euskal konpositoreen lan ia ezezagunak berreskuratu, eta bi emanaldi egingo dituzte Bilbon eta Getxon, euskarazko opera lanen pasarte hautatuekin

Andekazaleak elkarteko, BOSeko eta Bilboko Koral Elkarteko ordezkariak, Andeka Gorrotxategi eta Ana Otxoa opera kantariekin batera. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Jesus Guridi eta Josemaria Usandizaga dira euskal operagintzaren gailur nagusiak, edonondik begiratuta ere beti ikusgarri, baina lainoak estalita egon diren beste hamaika euskal konpositoreren lanak ere berreskuratu eta aldarrikatu nahi izan ditu orain Andekazaleak elkarteak. XIX. mendeko euskal musikagintza ahaztua eta ia ezezaguna bilatu, berreskuratu, berrikusi, eta bi emanaldi prestatu dituzte euskaraz idatzitako lanen hautaketa batekin. Bilboko Euskalduna jauregian izango da lehen saioa, abenduaren 30ean, eta Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri aretoan izango da bigarrena, hurrengo urteko urtarrilaren 4an. Alare. Euskal operaren urrezko bristadak deitu dute programa. Andeka Gorrotxategi tenorra eta Ana Otxoa Pando sopranoa izango dira ahots nagusiak, eta haiekin batera izango dira oholtzan BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea, Oliver Diaz zuzendariaren gidaritzapean. Diskoa grabatzeko asmoa dute, gainera, zuzeneko saio horietan.

Euskal musikaren sasoirik «bizi eta indartsuena» erretratatzen du programak, Jesus Mari Sagarna koru zuzendari ohi eta musika adituaren hitzetan. Berak erein zuen proiektuaren lehen hazia, eta pozik azaldu da lortutako emaitzarekin. Euskal operei buruzko informazioa biltzen hasi zen, eta, artxiboz artxibo ibili ostean, hamasei operaren partiturak berreskuratu zituen ahanzturaren mugetatik. Oso egoera eskasean zeuden haietako asko, ordea. «Batzuk irakurtzeko zailtasun handiak daude», zehaztu du ikertzaileak. Horregatik, Angel Brizek lagundu du haiek interpretatzen. Topatutako lagin hori BOSi eta Bilboko Koral Elkarteari aurkeztu, eta lanean jarraitzea erabaki zuten denek. Eta bildutako lan horietatik guztietatik hautatutako aria, duo eta korurako pieza sorta bat eskainiko dute urte amaieran. «Iruditzen zait izan daitekeela aukera polit bat mundu ezezagun hori dena tantaka emateko, autore handi ezagunetara ohitutako publiko bati».

Sinplea, baina polita

«Anbizio handikoa» da proiektua, antolatzaileen hitzetan, eta, onartu dutenez, «pixka bat luzea» ere bada programa. Baina azaldu dute zergatik: taldea lanean jarrita, baliatu egin nahi zutelako aukera, Guridi eta Usandizagaren lanekin batera, historiak itzalean utzitako autore ezezagunagoen lanak ere azaleratzeko. Eta horregatik Sagarnak aipatutako tantena, emanaldietan tartekatu egingo dituztelako, adibidez, Mirentxu eta Mendi-Mendiyan lan ezagunen pasarteak eta ia ezezagun diren konpositoreen lanenak. Charles Colin, Jose Olaizola eta Buenaventura Zapirainenak, kasurako.

Poza azaldu du Andeka Gorrotxategi tenorrak euskal doinu horiek abesteko aukeragatik, eta interpretatuko dituzten piezen edertasuna nabarmendu du. «Oso musika polita da. Mundu guztiari gustatzeko modukoa. Tarteka sinplea da, baina atsegina, eta badaude beste doinu konplikatuago batzuk ere. Erakargarria da publiko guztientzat».

Euskaraz abesteko aukera izatea ere eskertu du tenorrak. «Berezia izango da, bai, normalean ez ditugulako egiten euskarako paseak». Eta hautaketa bera ere nabarmendu nahi izan du Ana Otxoa Pando sopranoak. «Normalean ez da halako errepertoriorik programatzen. Handiak bai programatzen dira, baina txikiak ez, eta animatu beharko ginateke halako gehiago egitera».

Gorrotxategiren parte hartzea gakoa da; batetik, sona handiko abeslaria delako, eta, bestetik, proiektua haren inguruan eratu delako. Izan ere, tenorraren lana zabaldu eta opera abeslari gazteei laguntzeko sortu zen Andekazaleak elkartea, duela bi urte pasa. Eta emanaldi horiek ere elkarteak antolatu ditu.

«Pisu handiko proiektua» da Alare, Juan Angel Vela del Campo idazle eta musika kritikariaren hitzetan. Berak idatziko du emanaldien ostean kaleratuko den CDrako saiakera, eta poza azaldu du proiektuari esker ikasitakoagatik. «Programa lehen aldiz ikusi nuenean, kontxo, Guridi ezagutzen nuen, eta Usandizaga ere bai, baina haiei buruzko arrastorik ere ez nuen konpositore pila bat ere ikusi nuen zerrendan». Eta kritikariaren harridura horrek eman dezake egindako berreskuratze lanaren neurria. «Historiarako geratuko da hau», biribildu du bere iritzia Vela del Campok.

Etorkizunerako ondarea

Iraupen asmo hori azpimarratu du Borja Pujol BOSeko zuzendari teknikoak ere. Izan ere, CDarekin batera, interpretatuko duten musikaren orkestrarako materiala ere prestatu dute, eta, haren hitzetan, horrek erraztu egingo du melodia horien zabalpena. «Etorkizunean Andeka Gorrotxategik aria hauetakoren bat egin nahi duenean, eta Veneziako La Feniche antzokiko programatzaile bati proposatzen dionean, material hori aurkeztu ahalko dio, eta horri esker izango da posible».

Emanaldi nagusiez gain, musika ikasle eta abeslari gazteentzako hainbat entsegu ireki ere prestatu dituzte antolatzaileek, eta, zehaztu dutenez, WOP Fundazioarentzat izango da Bilboko emanaldian bildutako dirua. Getxon egingo duten emanaldiak ere izango du berezitasunik, zeren herrian urtarrilean zabalduko duten Muxikebarri aretoko lehen emanaldietako bat izango baita euskal operei eskainitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.