Urola ibaia gorrixka da berriz

Arraunlariek egin dute uretako lehen entrenamendua, hiru hilabetez lehorrean aritu behar izan eta gero. Zumaian, emakumeen eta gizonen traineruak aritu dira.

Zumaiako emakumezkoen Telmo Deun trainerua, atzo, uretako entrenamenduaren hasieran. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Zumaia
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Edozein egun ez zen izan atzokoa Zumaiako Telmo Deun arraun elkartean. Ezta beste klubetan ere. Uretara entrenatzera bueltatzeko eguna zen, hiru hilabetean hainbeste gustatzen zaiena eta hain beharrezkoa dutena egin ezinda egon ondoren. Agur, edo gero arte, esan zieten arraunlariek lau pareten artean ergometroari lotuta igaro dituzten orduei. Ura zain zuten, marea goian gainera, ongietorria egiteko dotore eta lasai, eta Zumaiako emakumezkoak 19:00ak jo eta berehala sartu ziren Urola ibaiko uretan. Gizonezkoak, geroxeago.

Bi taldeek lan bera zuten egiteko, oso astuna ez zena: lau txanda hamabi minutukoak, erritmo eramangarrian. «Berriz hastea bezala izan da, atseden garaiaren ondoren gertatzen den antzera», zioen Iñaki Aristik, bere uretako lanak bukatu eta Eñaut Larrañaga taldekideari tosta utzi eta segituan. «Gogo handia genuen uretara itzultzeko, eta gozatu egin dugu», gehitu zuen segituan. Arraunean egitea zer den ez zaio ahazten arraunlariari, hiru hilabetez egin gabe egonda ere: «Hau bizikletan ibiltzea bezala da. Ez da ahazten. Uste baino hobeto joan da». Bai omen zuen kezkaren bat edo beste uretako lanari berrekin aurretik: «Paladak huts egiteko kezka puntua bazen, utzita bezala egon garelako, baina ondo ibili gara». Uretan aritzeko gogoa hainbestekoa zuen taldekideekin bat egiteko traineruan: «Gogorra izan da elkar ez ikustea, bakarrik entrenatzea». Onartu du COVID-19ak eragiten diola halako egonezin bat «Badaukat kezka edo beldur puntua. Asko elkartzen gara,elkarren ondoan gaude, eta zentzuz ibili behar dugu». Baina badu ezinegon horrentzako sendagaia: «Ilusioak eramango ditu aurretik kezka eta beldur guztiak». Protokolo zorrotza bete zuten arraunlariek atzo, eta horrela jarraitu beharko dute: «Esandakoa egin dugu, eta hemendikaurrera ere saiatuko gara betetzen».

Gizonezkoen taldeak aldaketa parea egiten zuen bitartean lanaren bigarren erdiari ekiteko, emakumezkoen traineruak uretan segitzen zuen, lehenagotik eginda egin beharreko aldaketak. Lana osatu, eta trainerua bere lekura eramateko maniobra aspaldian egin gabeak burutu eta gero, Olatz Bereziartua arraunlaria irribarrez zen: «Lehenengo eguna izateko bagenuen kezka, blokea eta posturak galduta izango ote genituen, baina ondo joan da». Abdominaletako giharretan antzeman zuen aspaldian sentitu gabeko zerbait: «Igarri da, baina ondo. Azkenean, ez da gauza bera ergometroan aritu edo traineruan jardun». Lanaren hasiera motz egin zitzaiola kontatu zuen, baina gero, ez hainbesteko: «Aurreneko hamabi minutuko txanda bukatzean denok pentsatu dugu traineru barruan 'bukatu al da?'. Baina lanaren amaiera iristen ari ginen bezala, antzeman dugu zama pixka bat». Ez du kezkarik eta beldurrik gaitzaren aurrean: «Duela hilabete izan balitz, bai. baina orain, asko hobetu da egoera orokorra, eta lasai nago».

Entrenatzailea ere gustura

Emakumezkoen traineruko entrenatzaile Kike Manterola ere pozik zegoen lana bukatutakoan: «Jendea ondo etorri da. Kezka pixka bat banuen, denok ez garelako berdinak, eta lan bera berdin egiteko gaitasuna ez dugulako denok bat eta bera». Sekretu txiki bat kontatu du: «Badakit arraunlariak elkarren berri izateko batera ere aritu direla, telematikoki, ni gabe, bestea lanean ondo ari zen edo ez ikusteko». Bestela, blokea galtzeko kezkarik ez omen zuen: «Seinale txarra litzateke krisi honen aurretik egindako lana hiru hilean galtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.