Jazza plazara itzuli da

Koronabirusaren garaiko Donostiako Jazzaldia egingo da bihartik igandera arte, Europako jazza protagonista dela. 50 kontzertu inguru daude programatuak

Marco Mezquida eta Silvia Perez Cruz elkarrekin ariko dira, larunbatean, Kursaalean. DONOSTIAKO JAZZALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Zalantza askoko hilabeteak izan dira. Martxoan alerta egoera ezarri eta kultur ekitaldi oro bertan behera gelditu zenean, nekez aurreikus zitekeen musika jaialdien uda bat, eta egoerak berak eraman ditu festibal handi eta txikien antolatzaileak beren asmoak alde batera uztera. Jazza ere ez da ezinegon horretatik salbu egon, eta urtero uztailean egiten diren hiru jaialdietatik bi bertan behera geratu dira. Getxo Jazz ez da aurten egin, ezta Gasteizko Jazzaldia ere, nahiz eta Gasteizkoaren antolatzaileek zortzi kontzertuko ziklo bat egin zuten joan den astean The Garage Club aretoan. Jaialdi izaerari eutsi ahal izan dion bakarra Donostiako Jazzaldia izan da, nahiz eta hasieran aurreikusitako programazio osoa berregituratu behar izan duen. 55. ekitaldia asteazkenetik igandera egingo da, eta, guztira, ia 50 emanaldiko egitaraua osatzera iritsi da Miguel Martinek gidatzen duen lantaldea.

Berezia izango da, ezinbestean, aurtengo Donostiako Jazzaldia, iazko abenduan aurreratutako programazioa erabat moldatu behar izan dutelako. Besteak beste, John Zorn, Cecile McLorin Salvant, Kenny Barron, Dave Holland, Graham Nash, Abdullah Ibrahim, Taj Mahal eta Simple Minds ziren, hasieran, Donostian jotzekoak, baina egoerak oso bestelako egitaraua atontzera eraman ditu antolatzaileak, Euskal Herriko eta Europako musikariengan jarrita fokua.

Gainera, jaialdiak azkeneko urteetan izan duen izaera ere neurri batean moldatu behar izan dute, eta, segurtasun neurriak betetze aldera, aurten ez da doako kontzertu jendetsurik izango. Hala, agertokirik jendetsuena, Zurriolako hondartzakoa, ez dute jarriko, eta Kursaalaren inguruko terrazetan bi agertoki besterik ez dira izango, Zurriola terraza eta Frigo gunea, eta horietan neurri bereziak izango dira: mahaiak jarriko dituzte, eta jatetxe-taberna zerbitzuarekin ikusi ahal izango dira kontzertuak.

Gainerakoan, jazzaldiaren plaza nagusi izandakoetan egingo dira kontzertu nagusiak, Trinitate plazan, Viktoria Eugenia antzokian, Kursaaleko auditoriumean, Tabakaleran eta San Telmo museoan.

Jaialdia bera bihar hasiko da, ofizialki, baina gaur bertan lehenengo kontzertu bat izango da Frigo gunean. Randy Greer abeslari estatubatuarra ariko da, Enric Peidrok (saxoa) eta Sergio Albentosak (hammond teklatua)lagunduta.

Bihar, berriz, Charlie Parkerri egindako omenaldi batekin hasiko da jazzaldia. Aurten, ehun urte dira saxofoi jotzaile estatubatuarra jaio zela, eta, efemeridea baliatuta, Perico Sambeatek (saxo altua), Voro Garciak (tronpeta), Albert Sanzek (pianoa), Toño de Miguelek (kontrabaxua) eta Stephen Keoghek (bateria) osatutako boskoteak jazzaren historiara igaro den grabazio bat (Jazz at Massey Hall, 1953) berrinterpretatuko du Viktoria Eugenian (12:30).

Gainerakoan, 55. Jazzaldiko programazioan hiru kantari portugaldar nabarmentzen dira. Bihar bertan, Raul Refree lagun duela igoko da Lina Viktoria Eugeniako oholtzara (18:00). Bi musikariek fadoan ohikoa ez den bikotea osatuko dute, gitarraren ordez bi sintetizadorek eta piano akustikoak jantziko baitute abeslariaren ahotsa. Larunbatean, eta, fadoari lotuta bada ere, oso bestelakoa izango da Marizak Trinitate plazan emango duen kontzertua (21:00), Amalia Rodriguesen kantutegian oinarritutako disko bat—irailean aterako duena— izango baitu ardatz. Hain zuzen ere, Rodrigues, historiako fado kantaririk entzutetsuena, jaio zela ehun urte beteko dira ostegunean. Azkenik, Portugaldik etorriko den beste kantaria Salvador Sobral izango da. Orain dela bi urte ere izan zen Donostiako Jazzaldian bossa nova, jazza eta Latinoamerikako herri musika uztartzen zituen proiektu batekin, eta, bakarkako bi disko argitaratu ondoren, Sobralek hirugarrena estreinatuko du aurten: Alma nuestra. Gaztelania hutsean interpretatutako proiektu berri horrekin, gogoko dituen boleroak berreskuratu ditu Sobralek.

Trinitate plaza izan ohi da jazzaldiaren epizentroa, eta, aurten, artista estatubatuarren faltan, Euskal Herriko eta Europako musikariek izango dute protagonismoa. Hasteko, bihar Javier Colinak (kontrabaxua), Antonio Serranok (aho soinua), Josemi Carmonak (gitarra) eta Borja Barruetak (bateria) osatutako laukoteak Veinte Veinte egitasmoa aurkeztuko dute, itxialdiaren garaian sortu eta garatutakoa, eta, jarraian, Chano Dominguez pianista espainiarra bere hirukotearekin igoko da oholtzara.

Ostegunean euskal musikarien txanda izango da Trinitate plazan. Oreka TX taldeak irekiko du gaua Koklea deituriko ikuskizunarekin, eta segidan Michel Portal klarinete jotzailea boskote baten buru ariko da. Orain dela bi urte izan zen Portal jaialdian, eta orduko hartan Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen bizitza oso baten ibilbidearen aitortza gisa.

Hurrengo egunetan, berriz, oholtza beretik pasatuko dira Perico Sambeat eta bere taldea—Frank Zapparen musika mundua jazzera eramanez—, Carles Benavent, Tino di Geraldo eta Jorge Pardok osatutako hirukotea, Carles Benavent Trio, Mariza bera, Marco Mezquida pianistak gidatutako hirukotea —Beethoven obrara hurbilduz— eta Rymdem, Bugge Wesseltoften (pianoa, teklatuak), Dan Berglunden (baxua) eta Magnus Ostromen (bateria) inguruan eratutako proiektua.

Gainerako kontzertuen artean nabarmendu beharrekoa da Silvia Perez Cruzek eta Marco Mezquidak larunbatean Kursaaleko auditoriumean emango dutena, sarrerak salgai jarri eta berehala agortu baitziren.

Jazzaldiaren sariak

1994tik hona, Donostiako Jazzaldiak jazz musikari baten edo biren ibilbideak saritu izan ditu urtero, eta, aurten, jaialdia egoera berezian egingo den arren, ez dio uko egingo ohitura horri. Iñaki Salvador pianistak (Donostia, 1962), Jorge Pardo saxofoi eta flauta jotzaileak (Madril, 1956) eta Chano Dominguezek (Cadiz, Espainia, 1960) jasoko dute aurten jaialdiaren sari nagusia, eta, gainera, modu batean edo bestean agertokia konpartituko dute hiru musikariek. Dominguezek eta Salvadorrek lau eskutarako kontzertua emango dute, ostegunean, 18:00etan, Kursaalean; eta Pardo eta Salvador laukote baten buru direla ariko dira larunbatean, 12:30ean, Viktoria Eugenian.

Gainerakoan, hainbat euskal musikarik lekua izango dute jazzaldiaren programazioan. Horrela, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz San Telmon izango dira, hurrenez hurren, ostiralean eta larunbatean, eta Joseba Irazoki eta Lagunek Viktoria Eugenian joko dute igandean, 17:30ean. Eta Kursaalaren inguruko bi agertokietan ere izango dira beste euskal musikari batzuk bihar hasi eta igandera bitartean.

Jazzaldiaren programazio osoa hemen:

www.jazzaldia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.