«Atzelarien txapelketa da hau»

Fernando Goñik finalerdietako lau atzelariak aztertu ditu. Jose Javier Zabaleta eta Jon Ander Albisu nabarmendu ditu, eta haien arteko finalaren alde egin du.

Jon Ander Albisu eta Jose Javier Zabaleta.  

  IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Izugarri aldatu da jokamoldea. Egun, atzelariek ia ezinezko dute banaka txapelen bat janztea, baita gertu egotea ere. Binakakoa da haien txapelketa; horretan nabarmendu daitezke. Eta oraingoan, ari dira. Batzuk gailentzen ari dira». Fernando Goñi pilotari ohiarena da hausnarketa (Zubiri, Nafarroa, 1973). Atzelaria izan zen hura ere, atzelari gogorra. Lau aldiz irabazi zuen binakakoa: bitan Juan Martinez de Irujorekin, eta behin Asier Olaizolarekin eta Augusto Ibañez Titin III.a-rekin.

«Gutxi gorabehera» espero ziren atzelariak nabarmendu direla dio: «Zabaletak eta Albisuk denbora daramate punta-puntan, eta txapelketa honetan ere oso ondo aritu dira. Adin aproposa dute, eta indarrari eta joari esperientzia gehitu diote. Rezusta ere indartsua da, baina larri ibili da. Arazoak izan ditu eskuekin, eta horrek ez dio utzi erregularra izaten. Baina itzuliko da puntara, ziur».

«Zabaleta eta Albisu. Albisu eta Zabaleta». Bi izen horiek darabiltza, baina koska bat gainetik jarri du Aspeko atzelaria: «Onena izan da. Hura gailentzen ari da inor baino gehiago». «Gozatu» egiten du hura jokatzen ikusita. «Freskotasuna hezurmamitua da. Oso bizi ateratzen zaio pilota eskutik, eta bi eskuekin ematen dio gogor pilotari. Pilotari osoa da goitik behera». Baina, dioenez, «pilotalekuan egoteko moduan» egin du aldaketarik handiena. «Ikusgarria da zein ondo mugitzen den frontoian: une oro daki non jarri behar duen, eta bete-betean dago sartuta partidan, lehia hasi eta buka. Nekez izan ohi du gorabeheraren bat, eta horrek sekulako segurtasuna ematen du. Horri berezkoa duen jotzeko dohaina gehituz gero... Ez da harritzekoa hura gailentzea. Gutxitan ikusi ditugu hura bezalakoak».

«Oso goian» jarri du Albisu ere: «Aurrerapauso handia eman du. Pilotari gazte batekin jarri dute, eta bere rola aldatu egin da. Pilotari garrantzitsuekin aritutakoa da, eta haiek zuten bikotearen pisua. Baina, oraingoan, berak du ardura hori, eta oso ondo betetzen ari da lan hori. Beste izaera bat erakusten ari da, beste jarrera bat. Horixe falta zitzaion. Eta horrek pilotari osoagoa bilakatu du, betidanik izan baitu jotzeko dohaina; berezkoa du bi eskuekin pilota gogor jotzeko gaitasuna».

«Lehia estua izango da»

Jon Mariezkurrena eta Ladis Galarza estreinakoz ariko dira finalerdietako ligaxkan. Mariezkurrenak egindakoari «meritu handia» eman dio: «Oso gaztea da: 21 urte besterik ez ditu. Baina oso lan ona egin du, eta zenbaitetan gailendu egin da. Sobran du indarra eta joa eskuinarekin, baina erregulartasuna falta zaio. Normala da, oso gaztea baita. Sufritzen eta indarrak neurtzen ikasi behar du. Ezin du beti aritu %200ean. Garaiz dago ikasteko».

Galarza, berriz, «adiago» dagoela dio: «Betidanik izan du indar eta jo handia, baina partidan buru-belarri aritzea falta zitzaion. Sarritan ateratzen zen neurketatik. Baina ari da hobetzen. Kontzentratuago ari da».

Gaur eta bihar jokatuko dute ligaxkako lehen jardunaldia: gaur, Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Mariezkurrena II.a ariko dira Iruñean (17:00, ETB1), Labriten, eta bihar, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Peña II.a-Albisu, Logroñon (Espainia), Adarragan (17:00, ETB1). «Lehia polita» egongo dela dio; «are gehiago Altuna eta Ezkurdia tartean egonda». Baina ausartu da apustu egitera: «Nire ustez, Elezkano-Zabaletak eta Peña-Albisuk jokatuko dute finala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.