Laboa eta haren orbitakoak

Mikel Laboaren musika abiapuntu duen saioa eskainiko dute gaur Ensemble Kuraiak, Maddi Oihenart abeslariak eta Elektrart ikus-entzunezko arte kolektiboak, Bilbon

Mikel Laboa musikariaren lana —irudian— izango da gaur Loraldian eskainiko duten emanaldiaren erdigunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Mikel Laboa entzun nahi duen publikoak izango du hura entzuteko aukera, eta zerbait gehiago entzun nahi duena ere pozik aterako da». Laboa, bai, eta Laboa baino gehiago ere bai. Andrea Cazzaniga Ensemble Kuraia taldeko musika zuzendariaren hitzetan, harago joateko asmo horrek definituko du gaur, Loraldia jaialdiaren barruan, Bilboko Arriaga antzokian eskainiko duten emanaldia. Laboa. Lekeitiotik hegan deitu dute saioa, eta Maddi Oihenart abeslariarekin batera joko dituzten Laboaren abestiez gainera, Laboaren lana inspirazio iturri duten beste bi konposizio garaikide eta haren unibertso musikala konpartitzen duten beste bi pieza ere eskainiko dituzte. Elektrart ikus-entzunezko kolektiboak diseinatutako irudiak ere proiektatuko dituzte eszenatokian, eta, horregatik dio Cazzanigak kontzertua bera ere «kontzertu bat baino gehiago» izango dela. Kuraia Musika Garaikideko XXVIII. Topaketarekin elkarlanean sortu du kontzertua Loraldiak.

2014. urtean, Laboa inspirazio iturri zuten lan berriak sortzeko enkargua egin zien Euskal Herriko hainbat konpositore garaikideri Euskal Herriko Unibertsitateko Laboa Katedrak, eta, hain justu, okasio hartarako sortutakoak dira Ensemble Kuraiak gaur eskainiko dituen konposizio garaikideetako bi. Maria Eugenia Luc kopositore eta Ensemble Kuraiako zuzendari artistikoak sortutako Eta hostoz hosto izenekoa da bata, eta Zuriñe Gerenabarrenak idatzitako Txori errariak da bestea. «Abangoardiako lanak dira biak», azaldu du Cazzanigak, «baina biek mantendu nahi izan dute lotura estu bat Laboarekin».

Zehazki, Lili bat abestia du abiapuntu Luc konpositorearen lanak, eta haren hitzak hartu ditu gogoan Cazzanigak, musikak sortzen duen sentsazioa azaltzeko. «Lili bat/ hartu/ eta hostoz hosto/ erantzi/ eta harek zu ere/ amets/ eta harek zu ere/ erantzi/ eta hostoz hosto/ hartu/ lili bat». Izan ere, lorea hostoz hosto biluzten joateko keinu horren kadentzia du konposizioak ere: «ekintza delikatu, sosegatu, soil eta ia meditaziozko hori». Eta, taldeko zuzendari musikalaren hitzetan, hegaztien migrazioen mugimenduen oihartzuna darama Gerenabarrenaren lanak. «Laboaren musika zaletasunari egindako keinu batzuk ere baditu, une batean, Johann Sebastian Bach-en aipamen bat ere badaramalako, adibidez, erdialdera».

Oihenartekin elkarlana

Bi moldaketa ere egin ditu Ensemble Kuraiak Laboaren kantekin. Izarren hautsa abestia eguneratu dute, esaterako, eta musikariaren ibilbideko hainbat kanta biltzen dituen suite moduko bat da bestea. Xabier Kaltzada taldeko flauta jotzaileak egin ditu bi lan horien moldaketak eta konponketak. Horrez gainera, beste bi konposizio ere eskainiko dituzte, kasu honetan, Laboarekin lotura zuzenik gabekoak, baina, halere, zeharka harekin harremana dutenak: Kurt Weill konpositorearena da bata, Bertolt Brecht antzerkigile eta poetaren kolaboratzaile izandakoarena, alegia; eta Sinatra shag izeneko pieza da bestea, Michael Daugherty konpositorearena. Cazzaniga: «Oso obra distiratsua da».

Laboa egongo da emanaldiaren bihotzean, halere; ekitaldiaren zentro-zentroan. Maddi Oihenartekin bost abesti taularatuko ditu taldeak kontzertu erdian Ensemble Kuraiak, eta pozik azaldu da Cazzaniga harekin egindako lanaz. «Oso mundu desberdinak dira harena eta gurea, baina Laboak lotzen gaitu, lerro asko gurutzatzen direlako haren lanean». Guztira, bost abesti interpretatuko dituzte elkarrekin: Gure hitzak, Lili bat,Gaberako aterpea, Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak eta Martxa baten lehen notak.

Musika garaikidea haren aurretik eta musika garaikidea haren ostean.

Kontzertuaren araberakoak izango dira Elektrart kolektiboak sortutako irudiak. Cazzanigak azaldu duenez, musikariek jotzen dutenaren arabera sortu eta garatzen baitira proiekzioak, zuzenean; hari erreakzionatuz bezala. Abstraktuak dira piezak, baina, musika zuzendariak dioenez, Laboaren mundu poetikoarekin lotuta daude guztiak. Txori lumak iradokitzen dituzten formak ikusiko dituzte bertaratzen direnek, esaterako, eta baita loreen hostoak gogora ekarriko dituzten geometriak ere.

Ensemble Kuraia musika taldea Maria Eugenia Luc konpositoreak sortu zuen 1997. urtean, Bilbon. Euskal Herriko konpositore garaikideen obrak zabaltzea du helburu, eta, Cazzanigak azaldu duenez, maiz jo izan dituzte beren emanaldietan Laboa inspirazio iturri duten pieza garaikideak. «Askotan jo ditugu, bai. Eta oso garrantzitsua da hori, piezek sendotasuna eta arnasa hartzen dutelako horri esker». Ez da hori izaten ohiko kasua, ordea. «Lan asko daude, gehiegi, behin bakarrik interpretatu eta gero betirako kaxoiren batean geratzen direnak: 'lehen mailako hiletak' deitzen zituen halakoak Edgar Varese konpositoreak».

Urteurren kontzertua

Mende laurden beteko du aurten Ensemble Kuraiak, eta Cazzaniga pozik azaldu da egindako ibilbidearekin. «Urteurrena buruan dugu, baina eguneroko lana da hau», esan du. «Oso zaila da kulturaren alorra, ziurgabetasun handia dago, batez ere, krisi momentuetan, eta batzuk jadanik pasatu ditugu». Iragarri duenez, urrian eskainiko dute urteurren kontzertua, eta Bilboko Gugggenheim museoan izango da, museoak ere mende laurdena beteko duelako aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.