Botoa lortu zuten lorratzak

Selma herriaren eta Montgomery hiriaren arteko martxen ondoren eskuratu zuten boto eskubidea Ameriketako Estatu Batuetako beltzek, 1965. urtean.

Martxen 50. urteurrena gogoratu dute aurten. ERIK S. LESSER / EFE.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Alabamako Selma herria eta Montgomery hiria (AEB) 87 kilometrok banatzen dituzte; 1965ean giza eskubideen lekuko bihurtu ziren 87 kilometro. Izan ere, bertan aldarrikatu zuten sufragio unibertsala milaka herritarrek, segregazionistek soilik zurien botoa defendatzen zuten garaian. Selma eta Montgomery arteko martxak esaten zaie egun orduko protestei. Avu DuVernay zinema zuzendariak bildu ditu berriki orduko gertaerak, Selma pelikulan.

Nahasia zen orduko egoera. Malcom X liderra hil zen urte berean, mugarri bat ezarriko zuten kale hartze horien bultzatzaile izan zen Marthin Luther King. Ez zen dena erraza izan, baina.Nahiz eta AEBetako Kongresuak 1964an onartu zuen bazterketa debekatzen zuen Eskubide Zibilen aldeko Legea, praktikan arrazakeria zen nagusi, eta beltzak bigarren mailako herritartzat zituzten toki askotan. Paper gainean eskubideak bai, baina boto eskubiderik ez zuten.

1963an zer edo zer ari zen mugitzen Selman. Afrikar jatorriko estatubatuarren ikasle eta eskubide berdintasunaren aldeko taldeak lanean zebiltzan, beltzek ere boto eskubidea izan zezaten. Baina urak ez zeuden bare. Manifestaldiak hasi zituzten 1965eko urtarrilean. Jendetsuak izan ziren, eta gatazkatsuak: otsailera bitarte, 3.000 manifestari hartu zituzten atxilo. Eta protestek ez zuten etenik izan. Otsailaren 26an, Jimmie Lee Jackson ekintzailea hil zuen Poliziak, tiroz. Hori izan zen Selma eta Montgomery arteko lehenengo martxaren arrazoia, heriotza salatzea eta, bide batez, boto eskubiderik gabe segitzen zutela gogoraraztea. Martxoaren 7a zen. Orduantxe izan zen igande odoltsua. Poliziak manifestarien kontra jo zuen, eta 600 zauritu baino gehiago izan ziren. Horrek, asaldura sortu, eta gori-gori zegoen gatazka are goriago jarri zuen. Gatza bota zuten zaurian.

Lehenengo martxaren ostean, bigarren martxa iritsi zen, eta bigarrenaren ondotik, beste erailketa bat: James Reeb giza eskubideen aldeko gizona hil zuen zuri talde batek, gauean protesta bukatuta. Horren ostean, tentsio handiarekin, hirugarren eta azken martxara deitu zuten. Martxoaren 21ean hasita, hamasei kilometro ibili zituzten eguneko manifestariek Selmatik Montgomeryra, 80. bidea delako autopistatik. Martxoaren 24an heldu ziren. Urte horretan, eta protesten eraginez, boto eskubidea aitortu zieten estatubatuar beltzei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.