Mauleko bestak

Zuberoa berpiztuz, jai-jai

BBAX musika taldea agertokira itzuliko da Mauleko jaietan, eta Topa Noka taldea estreinakoz arituko da dantzan. Igandera arte izango dira Mauleko bestak

Hainbat ekitaldi izango dira hurrengo egunetan Mauleko bestetan; tartean, herri kirolak. BOB EDME.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Gaur jada jai giroa izango den arren, bihar hasiko dira ofizialki Mauleko bestak, herriko giltzak Herriko Etxetik botatzen dituztenean. Aurtengoan ere, besta komiteak osatutako egitarauaz gain, Zinka Bizirik elkarteak antolatutakoa izango da.

Herriko komiteak prestatutako egitarauaren barruan, Halabeharra taldeak emango du lehen kontzertua gaur, 18:30ean egingo den azokan. Bihar, Euskal Herriko bi musika talde izango dira: Kanta Lextarre, batetik, 18:00etan, Lextarreko plazan; eta BBAX Behi Bideko Andere Xuriak taldeak, bestetik, herriko plazan, 22:30ean.

BBAX taldeak zenbait hilabete eman ditu geldirik, proiektua birmoldatzen, eta Maulekoa izango dute itzulera kontzertua. Taldeko kide den Pantxix Bidarten hitzetan, «proiektu berriak hasierakoaren kutsua izango du. Oihenarten poemak musikatuko ditugu lan polifonikoa gisa. Ahotsek izango dute indarrik handiena».

Taldeak fase ezberdinak izan ditu hastapenetik gaurdaino. Hainbat proiektu eraman ditu aurrera kide askorekin, eta azken denboran izan duten geldialdiaren ondotik, hasierako lau kideek hartu dute berriz ere taldearen segida: Mirentxu Agerre, Marie Hirigoien Bidart, Pantxix Bidart eta Paxkal Indo. Bueltan da BBAX, eta proiektu berria guztiz osatuta ez badute ere, lehen kontzertua emango dute Maulen.Kantu berriren bat kantatuko dute, baina, oraindik, gehienak aurreko proiektuetakoak izango dira, ahotsari indar gehiago emanez.

Zenbait dantza ikuskizun ere ikusten ahalko dira datozen egunetan herriko plazan eta frontoietan: Kukai dantza taldearen Topa ikuskizuna izango da lehenik, larunbatean, 21:00etan; eta biharamunean, Zarena Zarelako konpainiak Hariz hari emanaldia erakutsiko du, 18:00etan. Ikuskizun hori, hamabost neska gaztek sortua da, eta kantua, poesia, musika eta dantza nahasten ditu. Adiskidetasuna eta iraganeko eta gaurko harreman sareak ditu gai nagusi. Igandean bertan, Topa Noka dantza talde sortu berriak ere, bere dantza ikuskizuna erakutsiko du estreinakoz. 21:00etan izango da frontoian. Zortzi neska gazte zuberotarrek osatu berri dute taldea, eta, hainbat errepikaren ondotik, prest dira egindako lana jendaurrean erakusteko.

Alternatiba jai ofizialei

Zinka Bizirik ostatuak beste urte batez egitarau propioa prestatu du, kontzertu, poteo eta bazkari-afari zenbaitekin. Zinkako arduradun Iulen Guireseren hitzetan, «besta komitearekin harreman oso ona badugu ere, gu beste besta mota bat egiten saiatzen gara».

Egunero egingo dituzte kantu poteoak ostatuz ostatu, eta gauetan kontzertuak izango dira, ostatuan bertan. «Batez ere, bertako talde ttipiak helarazi nahi izan ditugu aurten, haiek lagundu eta ezagutzera emateko», dio Guiresek. Haren esanetan, «polita izaten da bestetan Zinkan sortzen den giroa. Urte osoan ez bezala, bestetan adin eta inguru guztietako jendea elkartzen du ostatuak. Normalki etortzen ez den jendea etortzen da gurera eta giro goxoa sortzen da». Zinka Bizirik herri elkartearen ostatua da Zinka, eta euskal giroan, Zuberoa piztu eta animatzeko helburuarekin, jaialdi, jarduera kultural eta bestelakoak antolatzen dituzte urtean zehar. Beharrezkoa ikusten dute horrelako leku bat jarduerak antolatu eta jendea biltzeko, eta, besteetan ere, hori izaten dute helburu nagusi.

Egun guztietarako gaualdiak prestatu dituzte zenbait talde eta DJrekin; musikariak euskaldunak izaten eta estilo ezberdinak batzen saiatu dira. Black Xalbat, AnDJelo Merkel eta Tres Hombres taldeek girotuko dituzte gaualdiak, eta musika elektroniko, metal eta rockaz gozatzeko aukera izango da, besteakbeste.

Larunbaterako zikiro afaria antolatu dute, eta biharamunean, bestetako azken egunean, urtero egiten duten euskal preso eta iheslarien aldeko eguna egingo dute. Bertso poteoarekin hasiko dira 12:00etan, Elixabet Etxandi, Jon Maia eta Ramuntxo Christy bertsolariekin, eta, ondoren, bertso bazkaria egingo dute, 14:00etan.

Jai giroari amaiera emateko, igandean, 22:30ean su festa egingo dute herriko besta komiteak antolatuta, eta agur esango diete mauletarrek bestei.

Lau egun bete dituzte mauletarrek aurretik, eta errespetuzkojai giro lasaia eskatu dute antolatzaileek bertaratuko den jende guztiarentzako. Lehen aldiz, eraso sexisten aurkako afixak ipiniko dituzte herriko ostatuetan, ezinbestekoa iruditzen baitzaie pertsona orok lasaitasunez besta egiteko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.