Euskarabentura

'Jzioquitarrak', bere sorlekuan

Euskarabenturako gazteek Yusoko monasterioa bisitatu dute, euskararen lehen zantzu idatzietako batzuen bila. Han ezagutu dute espedizioko leloaren jatorria: 'Jzioqui dugu!'

Donemiliaga Kukulako (Espainia) Yusoko monasterioan atseden eguna eduki zuten atzo espedizioko gazteek. MIRIAN ALONSO / EUSKARABENTURA.
ane insausti barandiaran
Gesaltza
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskarabentura espedizioa Maulen hasi zen uztailaren 1ean: 121 gaztek 783 kilometro egingo dituzte, euskara sustatzeko, euskal kultura eta historia ezagutzeko, eta sare bat osatzeko. Espedizioaren herena beteta, Gesaltzatik (Araba) Argantzonerako etapa egingo dute gaur jzioquitarrek. Hemezortzi kilometroko ibilbidea dute aurretik, gaua Gesaltzako igerilekuan igarota.

Atzo atseden eguna izan zuten. Autobusez gerturatu ziren Yusoko monasterioa (Donemiliaga Kukula, Espainia), eta goiza hura bisitatzen pasatu zuten. Mendizabalen Desamortizazio Legearen ondorioz, Elizari monasterioaren jabetza kendu zioten, eta, handiegia —eta beraz, garestiegia— zenez, abandonatuta geratu zen. Agustindarrek hartu zuten monasterioa, 30 urte geroago. 120 fraide ere eduki zituen, baina gaur egun hamar baino ez dira han bizi.

Arratsaldean, Gesaltzako gatzaga bisitatu zuten. Duela zazpi mila urte hasi ziren han gatza ekoizten, eta, jasangarritasuna ardatz hartuta, prozesu bera mantentzen jarraitzen dute gaur egun ere, eta ekoizpena maiatzetik irailera mugatzen dute. Bi edo hiru egun behar izaten dituzte prozesua osatzeko. Bisitaren ondoren, Gesaltzako igerilekuan bainatu ziren gazteak, eta iluntzean astronomia tailerra egin zuten. Izarren azpian lo eginez agurtu zuten eguna.

«Jzioqui dugu!»

Espedizioaren hasieratik behin eta berriz entzun duten leloaren jatorria ezagutu zuten jzioquitarrek Yusoko bisitan. Izan ere, monasterioan daude orain arte idatziz agertutako lehen euskal hitzak: jzioqui dugu / guec ajutu / ez dugu.

Hitz hauen esanahi zehatza zein den ez badakigu ere, hainbat hizkuntzalarik uste dute piztu dugu esan nahi duela.

Ane Aurre jzioquitar getxoztarrak ez zeukan leloaren jatorriaren berri. Euskarabenturan lelo gisa erabiltzea «gustatu» egin zaiola adierazi zuen. Gainera, espedizioaren espiritua ulertzeko baliagarria dela deritzo: «Euskarabenturaren testuinguruan, euskara pizteko, eta gazteak aktibatzeko esanahia izan dezake».

Getxoztarrarekin bat egin zuen Alaia Arangoits baigorriarrak. Euskaraz —oraingoz— aurkitutako lehen hitzak lelo gisa hartzea oso ideia ona dela uste du, eta hark ere euskarabenturarekin konparatzen du esanahia: «Espedizioan, taldea, euskara eta dinamika piztu direla esan nahi du niretzat».

Endika Larrion gasteiztarrak adierazi zuen «interesgarria» izan zela jatorria ezagutzea, orain arte zer esan nahi zuen jakin gabe erabiltzen aritu delako. Gainera, uste du esanahia jakiteak gazteei «buruan sartzen eta ikusarazten» lagunduko diela.

Lehen herena, eginda

Espedizioko hamabigarren eguna dute jada jzioquitarrek. Hasiera gogor samarra izan zen arren, dinamikan bete-betean sartuta daude dagoeneko.

Arangoitsentzat «zaila» izan zen lehen eguna: «Hegoaldekoekin arazoak genituen: ez genuen elkar ondo ulertzen; euskalkiak ulertzeko zailtasunak genituen». Egunak igaro ahala ohitzen ari direla dio, eta oraindik dena hitzez hitz ulertzen ez duten arren «errazten» doala kontua.

Ane de la Presa espedizioko koordinatzaileak gazteen artean sortutako harreman estuak nabarmendu zituen. «Uste dut aurten, batez ere, Iparraldekoek eta Hegoaldekoek konektatzea lortu dugula», adierazi zuen koordinatzaileak. Aurrerentzat, berriz, «ikaragarria» izaten ari da esperientzia: «Inoiz ez dut hainbeste euskara entzun eta hitz egin hainbeste jenderekin». Batzen dituzten arrazoiak —euskarak— espedizioa «interesgarria» eta «desberdina» egiten duela uste du.

Larrionentzat, abentura batzuetan «emozionalki nekagarria» da, dena oso sutsuki bizi dutelako. De la Presaren ustez, berriz, intentsitateak egiten du hain berezi Euskarabentura: «Hori gabe Euskarabentura ez litzateke hain benetakoa izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.