Pelikulak filmatzeko balio duen arma bat

Zinegoak jaialdiak Pepa San Martin zinemagile txiletarra saritu du, Bilbon, eta sortzaileak zinemaren eraldaketarako gaitasuna aldarrikatu du. Martxoaren 8ra arte iraungo du festibalak

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Armek beldurra ematen didatelako egiten dut zinema». Esaldi ezin grafikoago horrekin ilustratu du kamerari heltzeko duen modua Pepa San Martin zinemagileak (Curico, Txile, 1974). Antzerkigintzan hasi zuen ibilbidea gaztetan, baina 40 urteak jadanik beteak zituela, «kasualitatez», lagun batek film bat egiten laguntzeko eskatu, eta, zinemagintzak irentsi du geroztik. 30 bat pelikulatan arituko zen zuzendari laguntzaile lanetan, eta 2011n eta 2012an, hurrenez hurren, La ducha eta Gleisdreieck film laburrak zuzentzera pasatu ostean, 2016an estreinatu zuen bere lehen film luzea: Rara. Emakume bat maitatu eta harekin bizitzeagatik seme-alaben zaintza galdu zuen Karen Atala abokatuaren benetako historia hartu zuen lan hori sortzeko oinarritzat, baina 14 urteko alabaren ikuspegia hautatu, eta familia osoarentzako pelikula bat sortzea izan zen bere erronka. «Konbentziturik ez daudenengana iritsi nahi nuen», azaldu du. Haur eta nerabeentzako pelikularik onena izendatu zuen Berlinaleko epaimahaiak, eta Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos saria eskuratu zuen hari esker. Ohorezko Saria eman dio, orain, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans XVII. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, eta Bilbon da egunotan, horregatik. Esker ona azaldu die San Martinek antolatzaileei saria jaso aurretik emandako prentsaurrekoan, eta mundu justuago bat amesteko gogoaz gainera, argi utzi du kontaera berriak ere behar direla. «Filmetan pertsonaiak lantzeko eraketa kontakizunak antolatzeko egiturak aldatu behar ditugu».

Atzo abiatu zen jaialdia, Bilboko Arriaga antzokiko irekiera ekitaldiarekin, eta zinemaz betetako programa eskainiko du festibalak hurrengo egunetan, martxoaren 8ra arte.

San Martinen lana txalotu du Pau Guillen Zinegoak festibaleko zuzendariak, eta, zinemaren bidez, aniztasun sexuala gizarteratzeko egindako lana nabarmendu. «Beti saiatzen da ikusgaitasuna ematen, orokorrean, emakumeen istorioei, eta, zehazki, emakume lesbianenei».

Berlinalen sustatze lanak egin eta gero heldu da zuzenean Bilbora San Martin. Martxoan filmatzen hasiko den lanari buruzko azalpenak ematen ibili da bertan: La felicidad deituko da lana, eta endekapenezko gaixotasun bat daukala jakinarazi berri dioten 65 urteko emakumezko igerilari bat izango du protagonista. Hil aurretik Pingleko kanala igeri gurutzatzeko ametsa bete nahiko du, eta urteetan aurkari izan duen emakumezko igerilariari laguntza eskatuko dio horretarako. Bien arteko harremana eta haien askatasun egarria kontatuko ditu pelikulak. «Desafio bat da 65 urtetik gorako emakumeei ikusgaitasuna ematea».

Zinemagintzaren eta militantziaren arteko joan-etorri etengabean dabil San Martinen jarduna. Eta, kontatzen duenez, Txileko egoera politikoa bistaratzeko ere baliatu dute Berlinaleko egonaldia, horregatik, San Martinek eta beste zenbait herrikidek. Konstituzio berriari buruzko plebiszitua egingo dute apirilean, eta haren aldeko kanpaina egiten dabiltza guztiak. «Ez dugu Augusto Pinocheten garaiko konstituzio bat nahi», laburbildu du San Martinek. Orain arteko protestetan izandako hildakoak eta zaurituak izan ditu gogoan. «Txile esnatu da», esan du, «baina politikariei gehiago kostatzen ari zaie».

Ez da plebiszitua bakarrik, ordea. Abortu eskubidea ere aldarrikatu du zinemagileak, eta sorterrian LGTBI kolektiboko pertsonek bizi duten egoera larria ere aipatu du. Gogorarazi du, esate baterako, urtea hasi zenetik, jadanik hamalau transexual hil dituztela Txilen. «Umorea eta dantza beharrezko dira, baina ezin ditugu ahaztu, bizitzen uzten ez digun gizarte honetan eusteko gai izan ez zirelako,gurekin ez dauden guztiak».

Beldurra galtzen

Eta buelta, berriz, zinemagintzara. Edo, erdiz, behintzat, lanbrotuta baitaude alor baten eta bestearen arteko mugak San Martinen hitzetan. Baina, onartu duenez, duela gutxi ohartu da emakume izateak zinema sortzeko ekarri dizkion zailtasunez. «Ez da kasualitatea nire lehen pelikula 40 urterekin egin izana», esan du. Itxaropentsu da, ordea. «Gizonek hartutako espazioa da zinemagintza, baina irakasle ere aritzen naiz hango eta hemengo unibertsitateetan, eta ikusten dut aldaketa bat datorrela. Neska gazteak oso indartsu datoz, eta ez dute kamerari heltzeko batere beldurrik».

Eta, berriz ere, politikaren eta estetikaren bidegurutzean kokatu du San Martinek bere zinemagintzarekin lortu nahi lukeena. «Heterosexualak ziren pertsonaiak zeuzkaten pelikulak ikusiz hazi naiz, eta, halere, neure burua islatuta ikusten nuen haiengan. Horregatik, ikus-entzunezko lan propio bat egiteko aukera izan nuenean, argi izan nuen jarraitu beharreko bidea: gauzak aldatu egingo dira heterosexual batek bere burua pertsonaia homosexual batengan islatuta ikusten duen egunean, emozioek ez dutelako generorik. Hori erakutsi nahi dut nire piezetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.