Albistea entzun

Zuriak eta gorriak bat Maulen

Mauleko bestak arra-partituko dira gaur, igande arte. Besta komiteak berritasunak ekarri ditu, eta Zinka elkartea egunero zabalik izanen da euskal elkarteen alde.
2019ko Mauleko bestetako bertso poteoa, euskal preso eta iheslarien alde, Mixel Etxekoparren musika lagun. Aurtengoa bihar eginen dute, Zinkan.
2019ko Mauleko bestetako bertso poteoa, euskal preso eta iheslarien alde, Mixel Etxekoparren musika lagun. Aurtengoa bihar eginen dute, Zinkan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko uztailak 13

Bi urteko etenetik landa, Maulek berreskuratuko du bere lepo zapi-gorria. Hiriburuko bestak akitzekotan direla, xuriak eta gorriak oraino jarraituko dute paisaia urbanoan: egun abiatuko baitira Mauleko bestak, igandera bitarte. Bertzeak bertze, Matraka elektrotxarangak eta Xutik taldeak joko dute.

Besta komiteak berritasunak dakartza, kide gazteak emendatu baitzaizkio: kontzertu bakarra apailatu beharrean, beste bat gehitu du aurten.

Jünes Bedaxagar komiteko bi lehendakarietako bat da: «Nahi ukan dizugu kanbiatu gure besten programa maite ditugun bestak egiteko. Bi kontzertu gaualdi eginen dizkizugu, lehen bakarra zelarik. Ostiralean, Matraka elektrotxaranga ariko duzu, eta ondotik Xutik, maite dugun talde bat baita eta adin orotako jende anitzi gustatzen baitzaio. Nesken egunean, berriz, Papel Mojado eta DJ Uzkuluz. Garagardo dastaketa entseatuko dizugu, lehentze, ostirala gauean. Horretan gomitatu dizkizugu a kapela egiten duten bi talde: Bota Kantu eta Camtem-Las; trankilak dituzu, jendeak ukan dezan parada haiekin kantatzeko. Horiek dira aski berri eta berezi diren hitzorduak aurten».

Bertze gisaz, «betiko» animazioek ez dute hutseginen: lehen gaueko apairua, hiru ostatuetatik iraganen diren bandak, gaztelutik botako dituzten suziriak...

Gaur, beraz, besta komiteak hiriko gakoak eskuratu orduko, lehertuko dira Zuberoako hiriburuko bestak, Ürrats Berriak taldeko dantzarien laguntzaz.

Arauaz kanpoko egitaraua

Egitarauan ageri bai baina komiteak antolatzen ez duen hitzorduak bil lezake euskaldun parrasta bat: Kanta Lextarre, Hebendik elkartearen eskutik. Ortzegun arrastirian, 19:00etatik aitzina, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburuk Etxetaburu performanceaz gozatzeko parada emanen dute.

Segidan, Xiberoko Botza irratiak ilki berri duen Xaramelari lotuko zaizkie, 20:00etan.

Horiek oro, Lextarreko Plaxotean, jana eta edana lagun. Egitarau ofizialaz gain, Zinka elkarteak bere bortak zabalduko ditu egun guziez; ikastolen alde, Zinkaren beraren alde eta presoen alde.

Euskal giroaren xerka ari denak jakin beza, beraz, ez duela Victor Hugo karrikaren 18ko borta zabaldu bertzerik egin behar: Gatom, Marta & Herbasse eta DJak ariko dira gaur.

Zinka elkarteko Joel Arlak laburtu du gunea taberna huts bat baino aise haboro dela, euskaldunen edo euskal giroaren bila dabilenaren parentesia baizik: «Giro euskalduna sortzen da. Proposatzen ditugu euskal taldeak, jendeei ezagutarazteko. Presoen aldeko bertso bazkariak giro politikoa ekartzen du, eta, aldi berean, ikastolaren gaualdiak, euskararen aldekoa. Plazan baino gehiago entzunen da euskara Zinkan besta denboran, hori segur».

Luzaz, Zinka elkartea ekonomikoki estutua zebilen hilabeteroko gastuei aitzi egin beharrez. Alta, duela bizpahiru urte diru aldetik «ongi» dabilenez, deliberatu dute Mauleko beste parada bertze elkarteekin ere partekatzea, zenbait egun edo gaualdi «prestatuz». Arlak oroitarazi du elkartearen ibilbide emankorra: «Hogei urte dira Zinka bizi dela, eta beti izan dira kontzertuak Mauleko besten karietarat. Lehen, arazoak genituen alokairua ordaintzeko. Orain, ordea, diru aldetik ongi gaudenez, tokia beste elkarteei ere uzten diegu, haiek diru pixka bat atera dezaten. Bada elkartasuna elkarteen artean».

Zinkaren elkartasunaz gozatzen duenetariko bat da Euskal preso eta iheslarien aldeko komitea. Bihar eguerdian bertso poteoa eskainiko du, eta ondotik bertso-kukus bazkaria.

Mauleko gaztetxeak ere ongi baliatuko du Zinkaren eskuzabaltasuna: bihar arratsean lokalaren barrunbeak bere izanen baititu, 19:00etatik aitzina. Poteo alaitua eta pastetx jatearen ondotik, Hazparneko (Lapurdi) Lulu Smak taldeak berotuko ditu belarriak, 22:00etan.

Uzkuluz hiriko DJ izarrak akituko du gaualdia. Eta berriz ere harrotuko ditu bozgorailuak nesken egunean, plazan, besta komiteak gomitaturik.

Argi Uturriaga gaztetxeko kidea da: «Mauleko gaztetxearen lehen gaualdia da, non guk baitugu dena antolatu. Ostatua guk zerbitzatuko eta gaualdia guk animatuko. Dirua gaztetxearen alde izanen da; horri esker, berantago beste gauza batzuk antolatuko ditugu: adibidez, hilabetean behin, poteo animatu bat. Gazteak izanen gara eramaile, Zinkan ez baitira hain gazteak. Eta giro euskalduna eta abertzalea sortzen da hor: hori da inportanteena».

Etzi, Zinka bere buruaren alde ariko da, tokiko mozkinekin kozinatu hanburgerrak proposatuz, musika, kantua eta DJ bat lagun. «Gaualdi aski lasaia izanen da, gazte komiteari konkurrentziarik ez egiteko, Xutik taldea ariko baita plazan. Harreman onak ditugu gazte komitearekin. Urte osoan kontzertuak antolatzen ditugularik, heldu dira laguntzerat», erran du Arlak.

Larunbata arratsean Xiberoko ikastolen aldia izanen da, Sunk eta Kurtney Barnetx taldeen musika lagun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Neska bat erremontean nola aritzen den ikasten, atzo, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Erremontean ikasten

Urtzi Urkizu

BERRIAlagun batzuek erremonte tailer bat egin dute Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Kirola probatzeko aukera ere izan dute, Endika Barrenetxea maisu zutela.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Institutu bat gizartea bera da, baina eskala txikian»

Iker Tubia

Irakaskuntza «esker oneko» lana izan da Mangadorentzat, eta zuzendari aritu zen urte luzez. Antolatzea eta irakastea maite ditu, baita ikastetxeetatik kanpo ere. Erretiroa hartu ondotik, zaletasunei eutsi zien: euskara, irakaskuntza eta tradizioak.
Barbara Farre eta Joana eta Mireia Vilapuig, martxoaren 29an, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bi ahizpa aktoreren autofikzio bat

Urtzi Urkizu

Filminek 'Selftape' telesaila estreinatuko du etzi. Joana eta Mireia Vilapuigek beren bizipenetan oinarrituta sortu dute fikzioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.