Gazteak martxan, euskararen alde

Euskarabentura egitasmoko gazteek lehenengo etapa egin dute: Mauletik Jutsira. Beroa gorabehera, gustura eta pozik egin dute 21 kilometroko bidea. Hurrengo egunetarako prestaketa nahiko gogorra izan da.

Euskarabenturako parte hartzaileak eta antolatzaileak, igandean, Maulen. EUSKARABENTURA.
Olatz Silva Rodrigo.
Maule
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Nahi dogunien, nahi doguleko, aske maitte, aske bizi». Gatibu taldearen abesti alaiarekin hasi zuten atzo eguna Euskarabenturako parte hartzaileek. Izan ere, martxan da jada hilabetez Euskal Herria zeharkatuko duen abentura. Igandean elkartu, eta atzo egin zuten lehen etapa: Mauletik Jutsira (Nafarroa Beherea).

110 gazteak eta antolatzaileak Mauleko frontoian esnatu ziren atzo, Euskarabenturako lehenengo etapa hasteko. Arabako, Bizkaiko, Nafarroa Behereko, Gipuzkoako, Nafarroako, Zuberoako, Washingtongo eta Patagoniako gazteak gogotsu zeuden, 21 kilometro egiteko prest. Gosaldu ostean, Mixel Etxebest Mauleko auzapeza etorri zitzaien. Ongietorria eman zien gazteei, eta esan zien zoritxarrez ez zituela «zapata egokiak»haiekin ibilbidea egiteko.

Motxila handiak furgonetan sartu, eta Popol Bosq eta François Camus zuberotarrek gidatuta ekin zioten bideari. Zuberoako hiriburua atzean utzi, eta mendian barna sartu ziren. Behiak eta zaldiak bidelagun, aldapan gora eta aldapan behera joan ziren gazteak bost orduz. Furgonetako gidariek hainbat geldialdi egin zituzten, ura emateko. Eguzkia gogor hasi zen jotzen, baina hori ez zen oztopo izan gazteek indarrari eusteko.

Kilometroz kilometro, Zuberoatik Nafarroa Beherera gurutzatu zuten gazteek, mendien paisaia berdeak miretsiz. Amaieratik gertu, Pagola herria atzean utzita, aldapa gogorrenera heldu ziren. Bidea lokatzez betea zegoen, aurreko gaueko ekaitzaren ondorioz. Pixkanaka, aldapa hori atzean utzi zuten espedizioko lagunek, eta helmugara heldu ziren, Jutsira.

Nahiz eta etapa gogorra izan, gazteek ez zuten animoa galdu. Bertol Etxabe gaztea Zumaiako Oikia auzokoa da (Gipuzkoa), eta,azaldu zuenez, gustura egin zuen ibilbidea: «Gogorra izan da, baina pozik joan naiz, lagun artean oso eroso». Nagore Garitagoitia bilbotarrarentzat, aldapan behera egitea izan zen gogorrena, eta arazo handiena, ur falta. «Kostata, baina azkenean lehenetarikoak iritsi gara, hasieran atzean egon garen arren», azaldu zuen.

Maulen aurkezpena

Imanol Zabaleta antolatzailea Suitzatik etorri zen espedizioa hasi baino bi egun lehenago. «Lehen kontaktua izan da Euskarabenturaren kirolari filosofiarekin. Gehienek ondo erantzun dute, baina batzuek sorpresa hartu dute. Espero duten baino exijentzia fisiko handiagoa izango da», azaldu zuen. Bilerak Skype bitartez egiten zituen gainerako antolatzaileekin, eta bere azken astea «zorakeria hutsa» izan zela azpimarratu zuen. Oso denbora gutxian «lan mundutik gazte mundura» igaro dela onartu zuen. Haren esanetan, harreman politak ari dira sortzen, euskaraz.

Abentura igandean hasi zen; hiru autobusak eguerdian iritsi ziren Maulera. Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik abiatuta, beste probintzietako gazteei batuz, pozik heldu ziren Zuberoako hiriburura. Ez zen bakoitza bere hiriburuko autobusean heldu. Bilbokoa Donostian gelditu zen, eta gazteak nahastu zituzten. Gasteiztik atera zena arabarrez eta nafarrez beteta joan zen Mauleraino.

Taldeak eginda eta bazkalduta, Euskarabenturaren aurkezpenari ekin zioten. Antolatzaile guztiek hartu zuten hitza. Iker Goñi eta Ane de la Presa antolatzaileak hasi ziren espedizioaren nondik norakoak azaltzen. Irati Labaien antolatzaileak azpimarratu zuen inoiz ahaztuko ez duten hilabetea izango dela: «Biziko duzuen hau historikoa izango da».

Aurkezpena amaituta, kamisetak banatu zituzten. Kolore laranjak frontoia koloreztatu zuen. Antolatzaileei kolore urdina egokitu zitzaien. Maulerako bisita izan zen hurrengoa. Hiriburu txikia izanda, bertako jendearen harridura aurpegiak eta agurrak ugariak izan ziren.

Egunaren amaieran, etapen azalpenaren txanda etorri zen. Gazteak lotara joatean, euri zaparrada hasi zen, bero izugarriaren ostean.

Abentura hasi besterik ez da egin, eta ekintzaz betea izango dute astea. Hainbat kilometro egiteaz gain, soziolinguistika hitzaldiak ere adituko dituzte, Xan Aire eta Koldo Colomoren eskutik. Asisko Urmeneta ere joango da espediziora, eta museoak bisitatzeko aukera ere izango dute. Ez dute aspertzeko aukerarik izango gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.