Mundu osoko ahotsak eta begiradak

Datorren astean egingo dute Ikuspuntu jaialdia, Iruñean. 30 lan lehiatuko dira sail ofizialean, eta horietako bi euskal herritarrek zuzenduak izango dira

Garbiñe Ortega eta Teresa Morales de Alava, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Ahotsak ez du gezurrik esaten». Lelo hori aukeratu dute aurten Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdirako. Astelehenean ekingo diote jaialdiari; hamahirugarren aldiz, Iruñea nazioarteko ikus-entzunezko komunitatearen egoitza bihurtuko dute sei egunez. Antolatzaileek adierazi dute jaialdiak askotariko ahotsak jaso eta zaindu nahi dituela; «zinemaren lurraldean bideak marrazten dituzten fikziozko eta ez-fikzioko ahotsak». Aurten, Jonathan Schwartz eta Marcia Hafif zinemagileak omenduko dituzte. Jaialdiak sei egun iraungo du, eta ekitaldi gehienak Iruñeko Baluarte jauregian izango dira.

«Ikuspuntu jaialdiko programazioarekin gonbidatu nahi dugu jendea kamera bat hartu eta kalera irtetera, grabatzera», adierazi zuen Garbiñe Ortegak atzo, Carmen Oroz Ekintza Kulturaleko zuzendariarekin eta Teresa Morales de Alava zuzendari exekutiboarekin eginiko agerraldian. Azaldu zutenez, aurten, lehenbizikoz, Nicdo enpresa publikoak antolatu du jaialdia osorik, eta Ortega izan da zuzendari artistikoa, bigarrenez. Epaimahaia, berriz, Erika Balsomek, Dennis Limek eta Eva Sangiorgik osatuko dute. Sarreretan berritasun bat dago aurten: goizeko eta arratsaldeko abonuak ere salduko dituzte, Baluarten edo www.puntodevistafestival.com eta www.baluarte.com webguneetan.

Aurtengo Ikuspuntu orain arteko «nazioartekoena» izango da; hain zuzen ere, hemezortzi herrialdetako 30 film erakutsiko dituzte sail ofizialean. «Hautatutako filmek abangoardiako ikus-entzunezko lengoaien aniztasuna arakatzen dute», Ortegaren hitzetan. Zinema garaikidearen izen handiak egongo dira horien artean; besteak beste, Deborah Stratman, Robert Beavers, Eduardo Williams, Luke Fowler eta Ute Aurand. Bi euskal zinemagilek ere erakutsiko dituzte beren lanak: Laida Lertxundik Words, Planets filma erakutsiko du, eta Jorge Moneok, Orbainak; Film Labur Onenaren sarirako lehian izango dira biak.

Sail ofizialeko pelikulek askotariko gaiak jorratuko dituzte: memoriaren eraikuntza, amatasunaren eta sorkuntzaren arteko harremana, kontakizunarenkontzeptua, soinua... Orotara, 1.160 film aurkeztu dituzte sail horretarako, eta Nuria Cubas, Matias Piñeiro, Maria Palacios, Miguel Zozaya eta Garbiñe Ortega programatzaileek egin dute aukeraketa.

Omenaldia izandakoei

Jaialdiak aurten Marcia Hafif eta Jonathan Schwartz zinemagile estatubatuarrak omenduko ditu, Atzera Begirakoak atalean. Hafif arte piktorikoan egindako lanarengatik zen ezaguna, baina jende gutxik ezagutzen du zineman egin zuen lana; toki gutxitan erakutsi dituzte haren filmak. Horregatik, Ikuspuntuk Hafifen lana «berreskuratu» nahi izan du, eta hura omendu. «Haren obrek irudiaren eta soinuaren arteko harremana lantzen dute, eta haren ahotsa beti dago presente; horregatik ere aukeratu dugu aurten», azaldu du zuzendari artistikoak, eta nabarmendu du zinema jaialdien «ardura» dela Hafifen moduko «altxorrak» ezagutaraztea.

Jonathan Schwartzek, berriz, zinema esperimentaleko hogei film labur baino gehiago ondu zituen. Jaialdiak haren lanaren inguruko liburu bat prestatuko du; Ortegak berak editatuko du, eta hainbat idazlek eta zinemagilek parte hartuko dute proiektuan. Hafif eta Schwatz iaz hil ziren.

Beti bezala, jaialdiak espazio bat eskainiko die bertako artistei: Paisaia. «Aurten, saileko pelikulak lotzen dituen gaia da denboraren joana eta horren eragina, askotariko ikuspuntu eta tekniketatik begiratuta», azaldu du Ortegak. Euskal Herriko lau zinemagilek erakutsiko dituzte haien lanak sail horretan: Maddi Barberrek 592 metroz goiti lana eramango du, Jesus Maria Palaciosek Ikusleak, Maria Elorzak Ancora Lucciole, eta Maider Fernandezek Amor siempre.

Gainera, aurten, Paisaia berritasun batekin dator, Ortegak kontatu duenez: «Bilera pribatu bat egingo dugu Euskal Herriko zinemagile eta programatzaileekin, gure proiektuak partekatzeko; izan ere, batzuetan, gertu egon arren, ez dugu aukerarik gure lana eta zinema ulertzeko modua konpartitzeko».

Bestalde, saio berezietan, John Price eta Robert Beaversen azken lanak erakutsiko dituzte. Zuzendari artistikoak lan eta zuzendari horien balioa azpimarratu du: «Zinema garaikidearen oinarrizko autoreak dira biak». Dokbizia atalean, hainbat diziplinatako artistek partekatuko dute errealarekin erlazionatzeko duten modua. Horretarako, hainbat formatutako ibilbide bat proposatuko dute: proiekzioak, konferentziak, pieza eszenikoak, performanceak... Zinemagileek, artista bisualek, idazleek eta bestelako sortzaileek parte hartuko dute horietan; esaterako, Niño de Elche, Erik Bullot, Lawrence Abu Hamdan, Ixiar Rozas, Idoia Zabaleta, Erika Balson eta Xabi Erkiziak.

Foku Garaikideak atalean, berriz, nazioarteko zuzendari garrantzitsu batzuen saio monografikoak eskainiko dituzte: Marie Losier, Guy Sherwin, Cesar Vayssie eta Ivan Argoterenak.

Iazko jaialdian bi atal berri sortu zituzten: Ikuspuntu Labs eta Programa Hezigarria; aurten, zabaldu egingo dituzte biak. Lehena jakintzaren hartu-emanerako eta sormen kolektiborako espazio bat da, eta aurten formakuntza eta sorkuntza laborategiak egingo dituzte; horietan, Rick Prelinger eta Luke Fowler zinemagileak egongo dira. Programa Hezigarrian, berriz, haur eta gazteentzako tailerrak, ikastaroak eta proiekzioak egingo dituzte.

«Aurtengo jaialdian dena da askotarikoa», adierazi du Ortegak. Izan ere, Ikuspuntuk lau irudi eta lau goiburuko bideoak ditu aurten. Irudiak Dani Sanchis artistak sortu ditu: kolore biziko marra eta forma ugarirekin sortu ditu, hondo beltz baten gainean. Lau irudien artean islatu nahi izan du jaialdiak zinemaren inguruan zabaltzen duen ikuspuntua: «Diziplina askotarikokoa eta integratzailea».

Irudirik gabeko irudiak

Goiburuak bereziak dira. Soinua denez jaialdiaren protagonista, Chris Watson soinu artistari eskatu zioten jaialdiaren goiburua sortzeko, eta hark AEBetako Sami komunitateko kideekin lan eginez sortu zituen piezak. «Samiek ahotsaren bidez kanalizatzen dituzte naturaren elementuak», azaldu du Ortegak. Watsonek haien ahotsak jarri ditu bideoetan, eta irudirik ez. Modu horretan, ikus-entzulea gonbidatu nahi dute soinuen bitartez irudiak sortzera. «Pantailan ez da irudirik egongo, baina, aldi berean, irudi asko egongo dira», gaineratu du Ortegak; «izan ere, non esperimentatuko dugu ez bada Ikuspuntu gisako jaialdi batean?».

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: http://www.puntodevistafestival.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.